Berrikusi hemen protokoloa eta egin zure iradokizunak. Hemen duzu Genero-indarkeriaren aurkako Euskal Herriko Unibertsitatearen protokoloaren lehen berrikusketa.

Genero-indarkerien aurkako Euskal Herriko Unibertsitatearen protokoloa

Aldaketak iradokitzeko, hautatu edo bi klik egin editatu nahi duzun testuan, eta, ondoren, sakatu "Iradoki aldaketak" botoia.

Atarikoa

I. Printzipioen adierazpena

Protokolo honen helburua da unibertsitate-ingurune segurua, inklusiboa eta errespetutsua mantentzea eta sustatzea EHUko unibertsitateko kide diren guztientzat, genero-indarkeriarik gabe. EHUk adierazten du ez duela genero-indarkerien inongo adierazpenik onartuko eta bere esku dauden neurri guztiak hartuko dituela jarrera eta portaera horiei aurre egiteko eta behin betiko ezabatzeko.

Interpretazio-esparru feministak eta genero-berdintasunekoak, giza eskubideen ikuspegiarekin eta ikuspegi intersekzionalarekin osatuta, indarkeria horien jatorria azaltzen du, azpimarratu egiten duelako genero-binarismoak, menderatze maskulinoak eta sozializazio heteropatriarkalak pertsonen eguneroko bizitzako harremanetan duten garrantzia. Indarkeria horiek emakumeei eta pertsona ez-normatiboei eragiten diete, besteak beste LGTBIQ+ komunitateari, eta, aldi berean, beste diskriminazio batzuk ere jasan ditzakete, hala nola arrazakeria, disfobia, klasismoa, edadismoa, xenofobia, gordofobia, faktore ideologiko edo erlijiosoak eta genero-indarkeriak larriagotu besterik egiten ez dituzten beste zaurgarritasun-baldintza batzuk. Hori dela eta, indarkeria horiek ezabatzea ez da horiek jasaten dituztenen arazo pertsonal bat. Egiturazko arazo politikoa da. Eta, beraz, Unibertsitateari dagokio arazo hori konpontzen laguntzea.

Unibertsitate honentzat genero-indarkeriaren eremuan sartzen diren jarrerek eraso egiten diote pertsonen berdintasun-eskubideari eta osotasun fisikoari, psikikoari eta duintasunari. Guztiei. Horrenbestez, ez dira ez onartzen ez baimentzen. Protokolo hau ikasleek, teknikariek, kudeatzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek, ikertzaileek eta irakasleek, EHUrekin modu iraunkorrean edo aldi baterako lotuta daudenek, bizitzen dituzten genero-indarkeriaren adierazpen guztiei aplikatuko zaie. Halaber, Unibertsitateak kontratatu eta bertan zerbitzuak ematen dituzten kanpoko enpresetako langileei aplikatuko zaie.

EHUk konpromisoa hartzen du jarrera horiek prebenitzeko eta horiei sendo aurre egiteko. Unibertsitateko kide guztien erantzukizuna da konpromiso hau betetzen dela ziurtatzea; bereziki, goi-mailako edo tarteko mailako postuak betetzen dituztenek, ezein modalitatetako indarkeriazko egoerak gertatzen ez direla bermatu beharko baitute. Horrelako jarrera eta portaeraren bat gertatuz gero, erantzun sendoa emango zaio, eta laguntza emango zaie egoera hori bizi izan duten pertsonei. Beharrezkoak diren bitartekoak jarriko dira indarkeria horiek sortutako arazoei konponbidea emateko, erreparazio-prozesuan laguntze aldera. Kosta ahala kosta egoera errepikatzea saihesteko ahalegina egingo da, jarraipena egingo da eta zigortu egingo da, jazotako gertakariaren inguruabarren eta baldintzen arabera; eta, hala badagokio, babes-mekanismo instituzionalekin eta arreta eta babesa emateko zerbitzu publikoekin lankidetzan arituko gara.

EHUk konpromisoa hartzen du genero-indarkeriek sortutako balizko arazoei heltzeko, protokolo honekin, behar diren bermeekin eta indarkeria horiek gabeko lan- eta ikasketa-giroaz gozatzeko pertsona guztiek duten eskubideari buruzko nazioarteko, Erkidegoko, Estatuko, autonomia-erkidegoko eta unibertsitateko arauak kontuan hartuta —idazteko, interpretatzeko eta aplikatzeko—.

II. Protokoloa garatze-bidean dago

Protokolo honen helburua EHUko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren (2014-2017) 3.3 puntua betetzea izan zen. Horretarako, 2017ko maiatzean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren ekimenez, hogeita hamar bat laguneko talde bat sortu zen, unibertsitateko zenbait kolektiboetakoak zirenak (ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta sindikatuak), bai eta horretarako kontratatutako bi espezialista ere, beren jakinduria eta ibilbide profesionalagatik.

Talde horretako kideen artean, Europako proiektu baten esparruan (UVSreact), unibertsitate-campuseko sexu-indarkeriak ikertzen ari ziren EHUko irakasleak zeuden. Protokolo hau egiteko talde arduradunak zortzi orduko prestakuntza jaso zuen irakasle aditu horien eskutik, 2017ko ekainean. 2017ko irailean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko berdintasuneko teknikariaren bisita jaso zuen taldeak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan jarraitu zuten protokoloa egiteko prozesua eta haren ebaluazioa zuzenean ezagutzeko.

2017ko urrian eta azaroan, EHUn entzuteko eta parte hartzeko fase bat jarri zen abian. Fase horren helburua zen unibertsitateko kideek (ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikertzaileak) genero-indarkeriei buruz eta indarkeria hori gure eremuan tratatzeko eta horri aurre egiteko moduei buruz zuten iritzia jasotzeko, indarkeria horiek jasaten dituzten pertsonei lagunduz. Hirurehun bat pertsonak parte hartu zuten Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak EHUko campus bakoitzeko hainbat zentrotan antolatutako talde-dinamiketan. Saio horien eta bildutako iritzien azterketa sarbide libreko txosten1 batean dago jasota, eta parte-hartzaileei eta ezagutzeko interesa izan zutenei itzuli zitzaien, hiru saio presentzialetan, campus bakoitzeko saio batean, 2018ko martxoan.

Protokoloa idazten amaitzen ari zen bitartean, era berean, EHUren barruko testuaren hedapen-bideak sakondu ziren, bai eta unibertsitateko kideen ekarpen guztiak proposatutako testuan jasotzeko eta unibertsitateko txoko guztietara iritsarazteko prozedura optimoa ere, ahalik eta pertsona gehienek sentitu ahal izan dezaten tresna propio, hurbil eta eraginkor gisa genero-indarkeriei heltzeko eta jasaten dituzten pertsonei laguntzeko.

III. Protokoloaren lehenengo berrikuspena

EHUko genero-indarkerien kontrako protokoloak erakutsi du prozedura eraginkorra dela jarrera horiek sendo eta irmo prebenitu eta aurre egiteko. Nolanahi ere, azken urteotan egindako lege-aldaketek, bai eta praktikan aurre egin behar izan zaien errealitateek ere, lehenengo berrikuspen hau egitea arrazoitu dute, azken urteetako ikaskuntza-prozesuaren eta bildutako esperientziaren emaitzatzat.

EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak sustatu du lehenengo berrikuspen hau, eta ahalegin berezia egin da prozeduraren faseak argitzen, kaltetutako pertsona guztiek segurtasun juridiko handiago izan dezaten. Halaber, indarkeria mota desberdinak zertan dautzan zehaztu da, eta horrek portaera horiek identifikatzen eta ikusarazten lagunduko du; izan ere, tamalez, maizegi normalizatzen dira. Ildo horretan, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkako indarkeriek artikulu propio bat merezi izan dute, bai eta bere eranskin bat ere, indarkeria horiek gauzatzen dituzten jokabideen adibideak jasotzen dituena.

Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailean onartutako testua berritzeko metodologia, batetik, azken urteetako kasu paradigmatikoen berrikuspenean oinarritu da, Protokoloa aplikatu duten pertsonei (Berdintasunaren arloko aurreko zuzendariak eta idazkari nagusia, segurtasun-burua, etab.) kontsultak eginez eta sakon eztabaidatuz; eta, bestetik, unibertsitateko kide guztiak barne hartu dituen lankidetza-prozesu bat izan du oinarri, eta prozesu horren barruan, irakasleen, kudeaketa-langileen, administrazio eta zerbitzuetako langileen, ikasleen, ordezkaritza sindikalaren, aniztasunaren arloko adituen eta, jakina, azken urteotan artatu diren biktimen iritzia jaso da.

Azkenik, ikasleei egindako online inkesten emaitzak, partaidetzarako eta gardentasunerako plataforma berriaren (Agora) bidez jasotako ekarpenak eta Batzorde Intersektorialean egindako negoziazioa baloratu ondoren, Gobernu Kontseiluak Protokoloaren lehen berrikuspenaren behin betiko testua onartu zuen 2026ko abenduaren XX(e)(a)n.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua

1. Protokolo honen helburua da mekanismoak ezartzea unibertsitateko kideak bizitzen ari diren edo bizi dituzten genero-indarkeriak identifikatzea eta horiei heltzea, unibertsitateko espazio fisikoaren barruan zein kanpoan.

2. Horretarako, protokolo honek zehaztu egiten du EHUren ustez genero-indarkerien kontzeptuaren barruan sartzen diren jarrera eta portaerak zeintzuk diren, indarkeria horiek bizi dituzten pertsonek zer egin dezaketen, kasu horietan jarraitu beharreko prozedura zein den eta unibertsitateak pertsona horiei laguntzeko eta indarkeria horien ondorioz sortutako egoerei aurre egiteko hartu beharreko neurriak zeintzuk diren.

3. Unibertsitateak egingo duen jarduketa orok biktima erdigunean jarri behar du, eta bere erritmoak eta erabakiak kontuan hartu beharko ditu, biktimaren segurtasunaren eta ongizatearen mesedetan.

4. Protokolo hau aplikatzeko ez da beharrezkoa izango genero-indarkeriak bizi dituzten pertsonek polizia-etxean edo epaitegian salaketa jartzerik.

2. artikulua. Aplikazio-eremua

1. Protokolo hau unibertsitateko kide guztiei aplikatuko zaie, unibertsitatearen barruan zein kanpoan genero-indarkeriak bizi dituzten edo bizi izan dituztenei.

2. Honako hauek jotzen dira unibertsitateko kidetzat: EHUrekin lan edo estatutu bidezko harremana duten langile guztiak, ikasle guztiak, eta unibertsitateak kontratatutako kanpoko enpresetako pertsonak, baldin eta zerbitzuak ematen badituzte unibertsitatean, harekin duten harremanaren izaera gorabehera.

3. Unibertsitateak unibertsitateko kideak ez diren eta genero-indarkeriaren biktimei lehen harrera egingo die, baldin eta indarkeria horiek EHUk antolatutako ekitaldi baten testuinguruan gauzatu badira, eta dagokion erakundera bideratzen lagunduko die.

3. artikulua. Emakumeen aurkako genero-indarkeriak: kontzeptua eta adierazpenak

1. Protokolo honen ondorioetarako, emakume guztien aurkako genero-indarkeriatzat hartuko dira emakumeen duintasuna eta segurtasun fisikoa eta morala erasotzen dituen jokabide oro, emakume izate hutsagatik, hala nola diskriminazioaren adierazpena, desberdinkeria-egoera eta gizonek emakumeen gaineko botere-harremanak izatea.

2. Genero-indarkeriak dira emakumeen generoan oinarritutako indarkeria-ekintza oro, horren ondorioa denean –edo hala delako arriskua dagoenean– emakumeen osasun fisikoan, sexualean edo psikologikoan sufrimendua edo kaltea eragitea, barne hartuta emakumea ekintza horiekin mehatxatzea, hertsatzea edo nahieran askatasunaz gabetzea, ekintza horiek bizitza publikoan zein pribatuan gertatzen direla.

3. Emakumeen aurkako genero-indarkeriaren adierazpenak dira honako hauek:

Jarrera sexistak

Protokolo honen ondorioetarako, jarrera sexistak izango dira mespretxua, balio-kentzea, gutxiagotzea, tratu iraingarria edo emakumeenganako genero-estereotipoak adierazten dituzten hitzezko, ez-hitzezko, jarrerazko edo harremanetako portaerak, emakumeei eginak emakume izate hutsagatik.

Jarrera sexualizatu desegokiak

Protokolo honen ondorioetarako, jarrera sexualizatu desegokiak izango dira eduki sexuala edo sexualizatua duten eta nahi ez diren iruzkinak, intsinuazioak, oharrak, keinuak, txantxak, proposamenak, interpelazioak edo interakzioak ekartzen dituztenak, esparru akademikoa, profesionala edo lanekoa inbaditzen dutenak, deserosotasuna sortzen dutenak, arreta-harremana aldatzen dutenak edo emakumeei zor zaien duintasuna, errespetua edo segurtasuna arriskuan jartzen dutenak.

Arrisku handiko jarrera fisikoak, eraso-ahalegina edo eraso-ahaleginaren zantzua barne

Protokolo honen ondorioetarako, arrisku handiko jarrera fisikotzat hartuko da larderiazko gorputz-hurbilketa, pasabidearen blokeo, zokoratze, jazarpen, espazio fisikoaren inbasio, baimenik gabeko kontaktu-saiakera edo beldurtzeko, hertsatzeko, behartzeko, sexu-eraso bat aurreratzeko edo emakumeentzat arrisku-egoera bat sor dezakeen beste edozein jarrera fisiko oro.

Sexu-erasoa

Protokolo honen ondorioetarako, sexu-erasoa izango da beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka atentatu egitea pertsona horren baimenik gabe.

Sexu-jazarpena

Protokolo honen ondorioetarako, sexu-jazarpentzat hartzen da sexu-izaerako sexu-portaera oro, hitzezkoa edo fisikoa, horren helburua edo ondorioa emakumeen duintasunari erasotzea bada, eta bereziki kikilduta, makurrarazita, edo laidoztatuta sentiarazteko giroa sortzen denean.

Generoan oinarritutako jazarpena

Protokolo honen ondorioetarako, generoan oinarritutako jazarpena izango da genero femeninoaren arabera egindako portaera oro, baita eduki sexualik ez badu ere, emakume izate hutsagatik balio-galera, etsaitasuna, gutxiespena edo balio-kentzea adierazten duena, haren helburua edo ondorioa duintasunari erasotzea eta kikilduta, makurrarazita edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea denean.

4. Adibide gisa, protokolo honek zenbait jarrera zerrendatzen ditu I. eranskinean, emakumeen aurkako genero-indarkerien adierazpenak agerian jartzen dituztenak.

4. artikulua. Pertsonen aurkako indarkeriak, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, genero-adierazpenagatik eta sexu-ezaugarriengatik

1. Protokolo honen ondorioetarako, diskriminatzailetzat hartuko da pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako jokabide LGTBIQ+fobiko oro, haien orientazio sexual, genero-identitate, genero-adierazpen eta sexu-ezaugarriengatik eginak.

2. Indarkeria LGTBIQ+fobikotzat hartuko dira eraginpeko pertsonaren duintasunaren, berdintasunaren, segurtasunaren, osotasunaren, intimitatearen eta bizitza unibertsitarioan irautearen aurkako atentatua egiten duten edo arriskuan jartzen duten portaera guztiak.

3. Adibide gisa, protokolo honek zenbait jarrera zerrendatzen ditu II. eranskinean, pertsonen aurkako indarkeria-adierazpenak agerian jartzen dituztenak, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, genero-adierazpenagatik eta sexu-ezaugarriengatik.

5. artikulua. Indarkeria-adierazpenen interpretazioa eta sailkapena

1. Aurreko bi artikuluetan aipatutako jarreren sailkapena honako hauek kontuan hartuta egin beharko da: kanpo-adierazpena, edukia, zein testuingurutan gertatzen diren, larderiarik badagoen, gertaerak errepikatzen diren, behartutako pertsonarengan zein inpaktu izan duen, eskalatzeko arriskurik badagoen eta beste zaurgarritasun-faktore batzuek parte hartzen duten.

2. Indarkeria-adierazpen guztiei erantzun behar izatea gorabehera, unibertsitateak biktimari eman behar dion babesaren ondorioetarako, jarrera bakar batek berehalako erantzuna justifikatu ahal izango du larderia, mehatxua, inbasio fisikoa, sexu-eduki esplizitua, duintasunean eragina edo arriskuaren pertzepzioa daudenean.

3. Itxuraz arinak diren jarreren metaketa batera baloratu beharko da, etsaitasuna, segurtasunik eza eta/edo degradazioa eragiten duenean ingurune akademikoan edo profesionalean.

6. artikulua. Indarkeriazko jarreren gaitzesgarritasuna eta biktimaren zaurgarritasuna areagotzen dituzten inguruabarrak

1. Protokolo honen ondorioetarako, inguruabar hauek hartuko dira kontuan protokoloa aplikatzean, indarkeriazko jarreraren gaitzesgarritasuna handitzen dutelako:

a) Hierarkia-nagusitasuneko egoeraz baliatzea edo indarkeria erabiltzen duenak biktimaren baldintza akademikoei edo lan baldintzei buruz erabakitzeko ahalmena izatea.

b) Protokolo honetan genero-indarkeria gisa adierazitako egintzak behin beta berriro egin izana.

c) Bi biktima edo gehiago egotea.

d) Erasotzaileak edo hirugarren pertsonek ikerketa behar bezala egitea eragozten edo oztopatzen duten larderiazko jarrerak izatea edo biktimaren, lekukoen edo harrera-profesionalen edo Berdintasunaren arloko Zuzendaritzako profesionalen aurkako errepresaliak hartzea.

2. Protokolo honen ondorioetarako, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan protokoloa aplikatzean, batera gertatzen direnean biktimaren zaurgarritasuna areagotzen delako: jatorria, kultura-aniztasuna, adina, dibertsitate funtzional fisiko, psikiko edo sentsoriala, mediku-arloan tratatutako egoera fisiko edo psikologikoa edo diskriminazioaren aurkako indarreko legeriak babestutako beste edozein ezaugarri edo baldintza.

7. artikulua. Proportzionaltasun-printzipioa

1. Nolanahi ere, indarkeriak baloratzeko, egitateak gertatu diren inguruabar zehatzak hartu beharko dira kontuan. Testuingurua, larderia, hurbiltasuna, helburua eta biktimarentzako arriskua aztertuko dira beti.

2. Unibertsitateak, hala dagokionean, hartzen dituen neurri prebentiboak nahiz behin betiko neurriak eraginpeko indarkeriaren eta biktimaren babesaren arteko proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz ezarriko dira, eta, edonola ere, biktimaren beharrak eta erritmoak errespetatuz.

8. artikulua. Protokoloaren izaera prebentiboa eta babeslea

1. Protokolo honetan jasotako indarkeria-kategorien helburua prebentzioa, babesa eta antolaketa da. Barne-mailan erabiltzeak ez du baztertzen edo ordezten diziplina-, lan-, administrazio- edo zigor-izaerako balizko kalifikazio juridikoa, hala badagokio.

2. Ondorioz, protokoloak beste erakunde-zirkuitu batzuekin babesteko, bideratzeko edo egituratzeko barne-neurriak aktibatu ahal izango ditu, erakunde horietan unibertsitatean artatutako indarkeria-adierazpenei buruz egin daitekeen kalifikazio juridikoa kontuan hartu gabe.

3. Protokolo honen helburua ez da Unibertsitatean artatutako indarkeria-adierazpenen tipifikazio penala; aitzitik, jarduketa-esparru argi eta bermatzaile bat eskaini nahi da indarkeria prebenitzeko, garaiz geldiarazteko eta unibertsitateko kide diren emakumeak eta pertsona ez-normatiboak eraginkortasunez babesteko.

II. KAPITULUA

Prozedura

1. atala. Biktimen eskubideak, prozeduraren bermeak eta organo eskudunak

9. artikulua. Biktimen eskubideak

Protokolo honen esparruan, genero-indarkerien biktimaren eskubideak dira hauek:

a) Entzuna izateko eskubidea.

b) Protokoloari buruzko informazio argia jasotzeko eskubidea.

c) Protokoloa aplikatzea formalki eskatu nahi den ala ez erabakitzeko eskubidea.

d) Konfiantzazko pertsona batez lagunduta egoteko eskubidea.

e) Konfidentzialtasunerako eskubidea.

f) Beharrezkoa ez bada, kontaketa ez errepikatzeko eskubidea.

g) Biktimei arreta emateko sare komunitarioko laguntza espezializatuko baliabideei buruzko orientazioa jasotzeko eskubidea, bai eta unibertsitatearen beraren baliabideei buruzkoa ere.

h) Babes-neurriak eskatzeko eskubidea, hala badagokio.

i) Hala badagokio, ikasketen, lanaren edo antolakuntzaren arloko egokitzapen-neurriak eskatzeko eskubidea.

j) Protokoloa aplikatzen den denbora guztian bere egoerari dagozkion erabaki guztietan parte hartzeko eskubidea, bai eta, bere segurtasunarekin eta babesarekin lotuta, protokoloa aplikatu ondorengo berrikuspenetan parte hartzekoa ere.

k) Eskaera baztertzeko edo birformulatzeko eskubidea, aplikatu beharreko lege- eta segurtasun-esparruen barruan.

10. artikulua. Prozeduraren bermeak

Jakinarazitako genero-indarkerien kasuei heltzean, EHUk bideratuko duen prozeduran, edonola ere, honako berme hauei erreparatuko die:

  1. Genero-ikuspegia eta intersekzionalitatea. Protokolo hau aplikatzean, ezinbestekoa izango da genero-sistemen, horien sustraien eta ondorioen ulermenean oinarritutako genero-ikuspegia baliatzea, bai eta perspektiba intersekzionala ere.

  2. Pertsonekiko errespetua eta haien babesa. Protokolo hau aplikatzean, diskrezioz jardun beharko da, eraginpeko pertsonen intimitatea, osotasuna eta duintasuna babesteko. Aukeratzen duten ordezkariren edo laguntzaileren batek lagundu ahal izango ditu prozeduran zehar. Jarduketak eta diligentziak eraginpeko pertsona guztiak erabat errespetatuz gauzatu beharko dira.

  3. Konfidentzialtasuna. Izapidetzen diren genero-indarkeriako egoerei buruzko komunikazio guztietan, eraginpeko pertsonen anonimotasunari eutsiko zaio. Protokoloaren aplikazioan esku hartzen duten pertsona guztiek konfidentzialtasun zorrotza gorde beharko dute, eta ezingo dute prozedurari buruzko informaziorik transmititu edo zabaldu. Konfidentzialtasun-arrakala falta izan daiteke.

  4. Eginbidea eta azkartasuna. Jakinarazitako jarrerari buruzko ikerketa eta ebazpena behar bezalako profesionaltasunez, eginbidez eta bidegabeko atzerapenik gabe egin beharko dira, eta prozedura ahalik eta denbora laburrenean osatu beharko da, betiere berme egokiak errespetatuz.

  5. Inpartzialtasuna eta kontraesana. Entzunaldi inpartziala bermatuko da. Pertsona oro errespetuz eta bidezko eran tratatu beharko da, berdintasunez eta diskriminaziorik gabe. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek fede onez jardungo dute, egia bilatzen eta jakinarazitako egitateak argitzen.

  6. Birbiktimizaziorik eza. Gertakariak behin eta berriz kontatu behar izatea saihestuko da, baita eraginpeko pertsona jendaurrean jartzea eta haren identifikazio-datuak ematea ere.

  7. Jarduera akademikoa edo lan-jarduera garatzeko eskubidea babestea. Unibertsitateak bermatuko du indarkeria-egoerak eraginpeko pertsonari bere eskubideak itzuliko zaizkiola eta bere jarduera akademikoak edo lan-jarduerak egin ahal izango dituela.

  8. Errepresalien debekua. Debekatuta dago errepresaliak hartzea unibertsitatearen aurrean genero-indarkeriak bizi izan dituztela jakinarazten duten pertsonen aurka eta lekuko gisa agertzen direnen edo ikerketa batean parte hartzen dutenen aurka, prozedura izapidetzen ari den bitartean edo amaitzen denean, bai eta prozedura aurrera eramateko arduradunen aurka ere. Errepresalia-jarrera falta izan daiteke.

11. artikulua. Prozedura bideratzeko organo eskudunak

Hauek dira, beren eskumenen barruan, protokolo hau aplikatzen parte hartzen duten organoak:

  1. Berdintasunaren arloko Zuzendaritza

  2. Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordea

  3. Aholkularitza Juridikoko Batzordea

12. artikulua. Berdintasunaren arloko Zuzendaritza

1. Protokoloaren esparruan, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak indarkeria-egoeren jakinarazpenak jasotzen ditu, biktimei informazioa eta aholkularitza ematen die, eta prozedura izapidetzeaz arduratzen da.

2. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari dagokio jakinarazitako gertaerak ikertzea eta prozeduraren faseak bultzatzea.

3. Hala dagokionean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak Errektoretza Taldeari eskatu ahal izango dio biktimaren babesa bermatzeko prebentzio-neurriak hartzeko.

4. Hala dagokionean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak EHUko segurtasun-zerbitzuarekin koordinatu ahal izango du biktima babesteko segurtasun-neurrien aktibazioa.

5. Hala dagokionean eta biktima ikasleen kolektibokoa denean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ikastegien zuzendaritzekin adostu ahal izango du akademia-antolaketako neurriak hartzea bere jarduera akademikoa behar bezala betetzeko.

6. Berdintasunaren arloko Zuzendaritza arduratzen da hartutako neurriak behar bezala betetzen direla gainbegiratzeaz.

7. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak genero-indarkeriak prebenitzearen arloko jarduerak planifikatu, koordinatu eta gainbegiratzen ditu, eta organo eskuduna da protokoloari buruzko interpretazio-zalantzak argitzeko eta berrikusteko.

13. artikulua. Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordea

1. Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordea da prozedura gainbegiratzeaz arduratzen den kide anitzeko organoa, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak Errektoretza Taldeari proposatzen badio, protokoloa aplikatzeko esparruan, behin betiko segurtasun, erantzukizun eta erreparazioko neurriak har ditzala, indarkeria-egoeraren arduradun gisa seinalatutako pertsonari eragiten diotenak eta pertsona hori unibertsitateko komunitateko kidea bada.

2. Batzordea honako hauek osatuko dute:

  1. Batzordeburua, EHUko segurtasun-burua izango da.

  2. Idazkaria, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzako teknikari bat.

  3. Bi kide iraunkor: EHUko Laguntza Psikologikoko Zerbitzuko arduraduna eta EHUko Prebentzio Zerbitzuko burua.

  4. Sindikatuen ordezkaritzari dagokion kide bat, eraginpeko pertsonak EHUko langileak badira. Ordezkaritza horretan sindikatuek txandaka hartuko dute parte sei hilean behin, unibertsitateko sindikatu-ordezkaritza handienetik txikienera. Ordezkaritza hori ez zaie egokituko eraginpeko pertsonak afiliatuta dauden sindikatuei.

  5. Ikasleen ordezkaritzari dagokion kide bat, unibertsitateko Ikasleen Kontseiluak betetakoa, eraginpeko pertsonak EHUko ikasleak direnean.

3. Batzordearen osaeran berdintasunaren eta genero-indarkerien arloan prestakuntza edo esperientzia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da.

14. artikulua. Aholkularitza Juridikoko Batzordea

1. Aholkularitza Juridikoko Batzordea organo aholku-emailea da, eta, komenigarria izanez gero, Berdintasunaren arloko Zuzendaritza aholkatzen du arau-esparruan, protokoloa aplikatu behar denean.

2. Batzordea berdintasun eta genero-indarkeriaren arloko hiru legelari adituk osatzen dute, eta Gobernu Kontseiluak izendatzen ditu hiru urterako, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak proposatuta.

2. atala. Erreparazioa, balorazioa eta harrera

15. artikulua. Indarkeria-egoerak jakinaraz ditzaketen pertsonak

1. Indarkeria-egoeraren baten berri zuzenean edo zeharka izan duten unibertsitateko kide orok eman ahal izango dio horren berri EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari:

a) Biktimak edo biktimek.

b) Unibertsitatean erantzukizun akademikoak eta/edo administrazio-arloko erantzukizunak dituzten pertsonek, ordezkaritza-organoetako kideek eta langileen ordezkari sindikalek barne.

c) Ikasleen edo ikasle kolektiboen ordezkariek.

d) Irakasleak eta ikertzaileek edo teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek.

2. Indarkeria-egoeraren berri ematen duena ez bada eraginpeko pertsona bera, pertsona horren berariazko baimena beharko da protokolo honetako jarduketak abian jarri ahal izateko.

3. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak zuzeneko bideratzeak jaso ahal izango ditu genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko sare komunitarioko zerbitzu espezializatuetatik edo EHUko Arreta Psikologikorako Zerbitzutik.

4. Salbuespen gisa, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ofizioz aplikatu ahal izango du protokoloa, indarkeria-egoeraren ebidentzia objektibo eta esplizituak daudenean, biktimak lekukotza aurkeztea beharrezkoa izan gabe, eta biktimaren edo biktimen osotasuna babesteko beste aukerarik ez dagoenean. Biktimari edo biktimei ofizioz hartzen diren erabakien berri emango zaie, haien segurtasuna zainduz eta birbiktimizatzea eragingo duten ekintzak saihestuz.

5. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak irizten badio ezagutzen dituen gertakariak delitu publikoak izan daitezkeela, jakinarazitako indarkeria-egoeraren berri emango dio agintaritza eskudunari.

6. Ez da inola ere jakinarazpen anonimorik izapidetuko.

16. artikulua. Harrera-puntuak

1. Protokolo honetan jasotako genero-indarkeriako egoeretakoren bat bizi duten edo bizi izan duten pertsonek EHUko Berdintasunaren arloko Zuzendaritzara jo ahal izango dute.

2. Indarkeria-kasua beste agintari, profesional edo unibertsitateko kide den pertsona bati jakinarazi bazaio, jakinarazpena Berdintasunaren arloko Zuzendaritzara bideratu beharko da, biktimek horretarako baimena eman ondoren.

3. Eraginpeko pertsonak ez badu baimenik ematen bere egoeraren berri Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari emateko, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak erantzun egingo die lehenengo jakinarazpen hori jaso duten agintariek, profesionalek eta pertsonek egindako kontsulta edo orientazio-eskaera guztiei, baina ez da protokoloari lotutako prozedura hastera behartuta egongo. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak protokoloaren babesean hartzen diren neurriei dagokienez soilik arduratuko da.

17. artikulua. Jakinarazpena jasotzea

Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak indarkeria-egoeren jakinarazpenak jasoko ditu, 15. artikuluan adierazitako pertsonek eginak.

18. artikulua. Jakinarazpenaren hasierako balorazioa

1. Jasotako informazioarekin, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak lehenengo balorazioa egingo du jakinarazpena protokoloaren jarduketa-esparrura egokitzeari buruz.

2. Lehenengo balorazio horren ondoren, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak irizten badio jasotako komunikazioa ez zaiola egokitzen protokoloaren jarduketa-esparruari, eskatzaileak orientatuko ditu eta, hala badagokio, dagozkion baliabideetara bideratuko ditu.

3. Lehenengo balorazioa egin ondoren, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak jasotako jakinarazpena izapidetzea erabakitzen badu, harrera egin eta kode bat esleituko dio espedienteari, artxibatu eta konfidentzialki zaintzeko.

19. artikulua. Harrera egitea

1. Genero-indarkeriaren biktimei laguntzen espezializatutako profesional batek egingo dio harrera biktimari, eta haren erreferentea izango da Berdintasunaren arloko Zuzendaritzan gauzatzen den prozesu osoan.

2. Erreferentziako profesionalak jasoko ditu gertatutakoari buruzko informazioa eta biktimaren beharrizanak. Profesional horrek kontsultatu eta jakinaraziko dizkio biktimari protokoloaren aplikazioarekin lotutako alderdi guztiak, biktimaren babesari eta segurtasunari buruzko erabakiak hartzeari eragiten diotenak, bai eta haren eskubideak itzultzeko eta erreparazioa emateko hartutako neurriak ere.

20. artikulua. Informazioa, dokumentazioa eta orientabidea

1. Indarkeriaren biktimari edo biktimei harrera egitean, harrera-txostena egiteko eta protokoloa aplikatzea formalki eskatzeko behar den informazioa jasoko da soilik.

2. Halaber, datuak tratatzeko behar den dokumentazioa eta protokoloa aplikatzeko biktimak sinatutako eskaera jasoko dira, bai eta prozedura behar bezala ezartzen lagundu dezakeen beste edozein dokumentazio ere.

3. Biktimari protokoloaren aplikazioari buruzko informazioa eta orientabideak emango zaizkio, baita biktimei laguntzeko sare komunitarioko baliabide eta zerbitzu espezializatuei buruzkoa ere.

4. Biktimarekin adostuko dira protokoloaren babesean gauzatuko diren jarduketa guztiak, hura babesten dela eta eskubide akademikoak edo lan-eskubideak erabat baliatzen dituela bermatzeko.

21. artikulua. Baimen informatua

1. Jasotako informazio eta orientabide guztiekin, biktimak erabakiko du protokoloa aplikatzeko eskaera berresten duen ala ez.

2. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ziurtatuko du biktimak ulertzen duela zer gertatuko den protokoloa aplikatzen bada, zein izango diren prozeduraren ondorioz egingo diren jarduketak eta zer babes izango dituen, nork jakingo duen emandako informazioa eta zeintzuk diren konfidentzialtasunaren eta prozeduraren beraren mugak.

3. Biktima ziur ez badago, haren erabakiak errespetatuko dira, eta, era berean, hartuko duen erabakiarekin seguru sentitzeko behar duen denbora itxarongo da.

22. artikulua. Harrera-txostena

1. Biktimak protokoloa aplikatzeko eskaera berresten badu, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak harrera-txostena egingo du.

2. Hasierako balorazio horrek honako alderdi hauek hartu beharko ditu kontuan:

a) Genero-indarkeria mota.

b) Eraginpeko pertsonaren lotura mota.

c) Seinalatutako pertsonak biktimarekin eta, hala badagokio, EHUrekin duen lotura mota.

d) Inguruabar astungarriak edo biktima zaurgarritasun-egoeran jartzen duten alderdiak.

e) Egungo pertsonarentzako egungo arriskua edo agintaritza judizialak emandako babes-agindu bat egotea.

f) Prebentzio-neurriak hartzeko beharra edo komenigarritasuna.

g) Biktimei arreta emateko baliabide espezializatuetara bideratzeko beharra edo komenigarritasuna.

3. Harrera-txostenak honako alderdi hauek jaso beharko ditu, idatziz:

a) Indarkeria-egoeraren deskribapena edo, hala badagokio, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko sare komunitarioko edo EHUko Arreta Psikologikorako Zerbitzuko zerbitzu espezializatuetara zuzenean bideratzeari buruzko edukia.

b) Indarkeriazko jarreraren gaitzesgarritasuna areagotzen duten inguruabarrei eta biktimaren zaurgarritasuna areagotzen duten inguruabarrei buruzko informazioa, 6. artikuluaren arabera.

c) Orain arte egindako jarduketak.

d) Bildutako dokumentazioa.

e) Prozeduraren esparruan ezarri beharreko jarduketen proposamena.

3. atala. Harrera-txostena baloratzea, neurriak hartzea eta seinalatutako pertsona entzutea

23. artikulua. Harrera-txostena baloratzea

Harrera-txostena jaso ondoren, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak agiri horretan proposatutako jarduketen egokitasunaren balorazioa egingo du, eta jarraitu beharreko prozedura erabakiko du.

24. artikulua. Jarraitu beharreko prozedura

Prozeduran honako jarduketa hauek jaso ahal izango dira:

  1. Biktimari laguntzea biktimei arreta espezializatua emateko baliabideekin harremanetan jartzen, EHUko baliabideak nahiz kanpokoak izan.

  2. Biktima babesten dela bermatzeko prebentzio-neurriak hartzea. Nolanahi ere, neurri horiek Errektoretza Taldearen ebazpen bidez hartuko dira.

  3. Biktima babesteko segurtasun-neurriak aktibatzea, EHUko segurtasun-zerbitzuarekin koordinatuta.

  4. Akademia antolakuntzako neurriak hartzea, ikastegietako zuzendaritzekin koordinatuta.

  5. EHUko langile biktimaren eskaera babestea, haren lan-jarduera egokitzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera.

25. artikulua. Prebentzio-neurriak proposatzea eta hartzea

1. Kasu bakoitzaren inguruabarren arabera, behin-behinean eta premiaz, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak Errektoretza Taldeari eskatu ahal izango dio egoki iritzitako prebentzio-neurri proportzionatuak hartzeko.

2. Prebentzio-neurriak biktimen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak direnean eskatuko dira.

3. Neurri horiek honako hauek izan daitezke: jarduera akademikoa edo lan-jarduera berrantolatzeko jarraibideak (ikasgela, txanda edo taldea aldatzea; irakaslea edo ebaluazio-epaimahaia aldatzea), biktimarentzako jarduera akademikoa malgutzea (azterketen datak egokitzea, lanak entregatzea edo hutsegiteak justifikatzea, espedientean kalterik eragin gabe), seinalatutako pertsonarentzako sarbide jakin batzuk bertan behera uztea (ikasgelak, liburutegiak, laborategiak, espazio birtualak, unibertsitate-egoitzak edo ikasleen elkarteen lokalak), unibertsitateko instalazioetan segurtasun-langileek esku hartzea edo, kasuaren arabera, biktimak edo biktimek seguru egoteko beharrezkoa den beste edozein neurri.

4. Neurriak Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak eskatuta hartuko eta kenduko dira, Errektoretza Taldearen ebazpen bidez.

5. Prebentzio-neurriak indarkeriazko jarreraren erantzuletzat seinalatutako pertsonei dagozkie.

6. Prebentzio-neurriei prozedura amaitu eta behin betiko neurriak hartu arte eutsiko zaie.

26. artikulua. Erantzuletzat seinalatutako pertsonari jakinaraztea eta hura entzutea

1. Erantzule gisa seinalatutako pertsona unibertsitateko kidea bada eta Errektoretza Taldearen ebazpen bidez prebentzio-neurriak hartu badira, egoitza elektroniko bidez jakinaraziko zaio ebazpen hori.

Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ikastegiari jakinaraziko dio eta seinalatutako pertsona deituko du entzunaldia emateko. Deialdi berean, protokoloa aplikatzearen berri emango zaio seinalatutako pertsonari. Entzunaldian, berari eragiten dioten erabakien oinarrian dauden gertakarien eta elementu garrantzitsuen berri emango zaio.

Entzunaldia eman ondoren, arduradun gisa seinalatutako pertsonak alegazioak aurkeztu ahal izango dizkio, egoitza elektroniko bidez, ebazpena eman duen organoari, hamabost laneguneko epean.

Alegazioak jaso ondoren, prebentzio-neurriak hartzeko ebazpena eman duen organoak beste ebazpen bat emango du, hamabost egun baliodunen barruan, eta neurri horiek berretsiko edo baztertuko ditu. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari ere jakinaraziko dio.

2. Erantzule gisa seinalatutako pertsona unibertsitateko kidea bada eta protokoloa aplikatzean, 24. artikuluan ezarritakoaren arabera, hari eragingo dioten neurriak aurreikusten badira, Errektoretza Taldearen ebazpen bidez prebentzio-neurri gisa hartuko ez diren arren, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak ikastegiari jakinaraziko dio eta seinalatutako pertsonari entzunaldia emango dio. Gainera, eragiten dioten gertakarien eta elementu garrantzitsuen berri emango dio.

27. artikulua. Ikerketa-aldia ixtea

Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak abian den ikerketa osatzeko eta kasuaren amaierako balorazioa egiteko beharrezkoa den informazio guztia biltzen jarraituko du.

4. atala. Prozedura amaitzea

28. artikulua. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren gomendioak jasotzen dituen amaierako txostena

1. Protokoloa aplikatzeko eskaera jasotzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak amaierako txosten bat egingo du, eta agiri horretan, gauzatutako prozedura amaitzeko hartu beharreko behin betiko neurriak jasoko dira.

2. Amaierako txostenean Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak Errektoretza Taldeari proposatzen badio segurtasun, erantzukizun eta erreparaziorako behin betiko neurriak hartzea, seinalatutako pertsonari eragiten diotenak eta pertsona hori unibertsitateko kidea bada, Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordea deituko da.

29. artikulua. Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordearen txostena

1. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak egindako amaierako txostena jaso ondoren, Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordeak aztertu egingo du, eta txosten batean jasoko ditu egoki irizten dien segurtasun, erantzukizun eta erreparazioko neurriak, kasuaren inguruabarrekiko proportzionalak, eta txosten hori Errektoretza Taldeari eta Berdintasunaren arloko Zuzendaritzari helaraziko die.

2. Beharrezkoa bada, Batzordeak, bere txostenean, erantzule gisa seinalatutako pertsonaren aurkako diziplina-espedientea irekitzeko eskatuko dio errektoreari. Espediente hori unibertsitateko kolektibo bakoitzari aplikatu beharreko indarreko araudiaren arabera bideratuko da.

3. Errektoretza Taldeak Batzordearen txostena aztertu eta ebazpena emango du, eta eraginpeko alderdiei eta Berdintasunaren arloko Zuzendaritza jakinaraziko die egoitza elektronikoaren bidez.

30. artikulua. Amaiera eta jarraipena

1. Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak, Errektoretza Taldearen ebazpena ikusi ondoren, amaitutzat emango ditu jarduketak, edo, hala badagokio, dagokion jarraipena egingo du, dagokion diziplina-espedientearen ebazpenean errektoreak ezarritako ebazpenean edo zehapenean hartutako segurtasun, erantzukizun eta erreparazioko neurriek irauten duten bitartean.

2. Jarraipen hori egin bitartean, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak organo eskudunari gomendatu ahal izango dio biktimaren edo biktimen ongizatea eta eskubideak babesten direla bermatzeko beharrezkotzat, egokitzat eta proportzionatutzat jotzen dituen neurriak hartzeko.

III. KAPITULUA

Prebentzio-neurriak

31. artikulua. Prebentzio-neurrien helburua

1. Prebentzio-neurrien helburua da indarkeria-egoerarik ez gertatzea, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta gaikuntzaren arloko kanpainen bidez, arrisku-faktoreak murriztuz eta unibertsitateko kideak ahaldunduz, ez soilik genero-indarkeriak ulertzeko eta identifikatzeko, baita indarkeria horiek ikusten edo jasaten badituzte nola jokatu jakiteko ere.

2. Prebentzioaren xedea da, halaber, unibertsitateko giroa eraldatzea, espazio barne-hartzaile eta ez-bortitz bat lortzeko, zeinetan ez diren sartzen genero-indarkeriei eusten dieten jarreren tolerantzia, minimizazioa edo normalizazioa, unibertsitateak berdintasunarekiko eta genero-aniztasunarekiko eta sexu-orientazioarekiko duen konpromisoaren ondorio gisa.

32. artikulua. Hedatzea eta informatzea

1. Protokolo hau unibertsitateko kideen artean hedatuko da, unibertsitatearen espazio fisiko eta birtual osoan. Halaber, urtero jakinaraziko zaie ikastegietako zuzendaritzei, eta hedapena enpresa kolaboratzaileetara eta ikasleek kanpoko praktikak edo beste programa akademiko batzuk egiten dituzten erakundeetara ere zabalduko da.

2. Protokoloa eta baliabide publikoei eta orrialde interesgarrietarako estekei buruzko bestelako informazioa unibertsitatearen webgunean eta Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren webgunean argitaratuko da. Informazioa, gainera, harrera-eskuliburuetan sartuko da.

3. Aurrez aurreko informazioa eskainiko da eta protokolo hau zabalduko da, halaber, EHUk antolatzen dituen ekitaldi jakin batzuetan jarriko diren Puntu Moreetan.

33. artikulua. Kontzientziazioa, prestakuntza eta gaikuntza

1. Unibertsitateko kideen kolektiboentzako hitzaldiak, eztabaidak, tailerrak, mintegiak eta beste jarduera batzuk egitea bultzatuko da, sentsibilizatzeko eta genero-indarkeriak erreproduzitzen dituzten ereduak eta estereotipoak desmitifikatzeko. Gainera, generoan edo sexu-orientazioan oinarritutako aniztasunari buruz sentsibilizatzeko eta kontzientzia hartzeko sareetan parte hartuko da.

2. Prestakuntza-ikastaroak eskainiko zaizkie protokoloak jazartzen dituen portaerak dituzten pertsonei, neurri hezitzaile gisa, eta genero-indarkeriaren arloko prebentzio-programak indartuko dira ikasleentzat (Indartu eta Eraldatzen).

3. Unibertsitateko kolektibo guztientzako prestakuntza-programa orokorrak, espezifikoak eta graduondokoak indartuko dira. Prestakuntza espezifikoa eskainiko zaie ikastegietako berdintasun-batzordeetako kideei, erantzukizun-karguak dituztenei eta Prozeduraren Berme eta Gardentasunerako Batzordeko kide izango direnei, genero-ikuspegiari eta protokoloa aplikatzeari buruzko prestakuntza espezializatu gehigarria diseinatzea gorabehera, zerbitzu-zentro edo -unitateek eskatuta eta koordinatuta.

4. Ikastaro bat emango da, UIPP programaren esparruan (Unibertsitateko Irakasleen Prestakuntzarako Programa), eta trans errealitateari heltzeko behar den prestakuntza bermatuko duten eduki espezifikoak eta egokiak bilduko ditu.

5. Emakunderekin lankidetzan arituko gara unibertsitatean genero-indarkeriak prebenitzeko eta ezabatzeko.

34. artikulua. Azterketa, diagnostikoa eta antolakuntza-kudeaketa

1. Laneko giroari buruzko galdetegian eta irakasleen balorazio-galdetegian, protokolo honetan deskribatutako balizko egoerak edo jarrerak detektatzea ahalbidetuko duten galderak sartuko dira.

2. Inkesta bat egingo da unibertsitateko kideek EHUko ikastegietan izandako sexu-erasoekin lotuta duten ingurumen-segurtasunaren pertzepzioari buruz.

3. Urtero, Berdintasunaren arloko Zuzendaritzaren memorian argitaratuko da protokoloa aplikatu den kasuen kopurua, bai eta protokolo honetan deskribatutako balizko egoerekin edo jarrerekin lotutako kontsulten kopurua ere.

4. Berariazko postontzi bat sortuko da EHUko ikastegi guztien webguneetan, eta horretarako sarbidea Berdintasunaren arloko Zuzendaritzak soilik izango du, ikasleek, irakasleek, Teknikariek eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek eta ikertzaileek aukera izan dezaten unibertsitatean genero-arrazoiengatiko jokabide sexista edo diskriminazio-jarrera oro jakinarazteko, bai eta protokoloa hobetzeko proposamenak egiteko ere. Nolanahi ere, 15. artikuluaren arabera, jakinarazpen anonimoa ez da inola ere izapidetuko.

5. Protokolo honetan aurreikusitako jarduketetan eta jardueretan parte hartzen duten irakasle eta ikertzaileen eta teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen dedikazioa aitortu eta erraztuko da, betiere irakaskuntza- edo lan-premiek ahalbidetzen badute, eskuragarri dauden mekanismoen bidez.

Lehenengo xedapen gehigarria

Protokoloa bi urtean behin berrikusiko da. Hala ere, ez da bi urtean behin egingo den berrikuspen horri itxaron beharko protokoloa gauzatzean gabeziak edo zailtasunak ikusten badira, eta eragiten dioten lege-aldaketen testua egokitu behar bada, edo beste inguruabar batzuek aldatzea gomendatzen badute.

Bigarren xedapen gehigarria

Protokolo honetan jasotako jarduketak gauzatuko dira pertsonak Laneko Ikuskaritzaren aurrean salatzeko duen eskubidea gorabehera, edo bide judizial, zibil, laneko edo penalera joatekoa duena barne.

I. ERANSKINA

Emakumeen aurkako genero-indarkerien jarreren adibideak

1. Jarrera sexisten adibideak

  • Emakumezko profesional baten autoritate akademikoa, irakaskuntzakoa, ikertzailea, teknikoa edo kudeaketakoa zalantzan jartzea, emakumea izateagatik.

  • Emakumezko ikasle edo irakasle batek eskoletan, bileretan, mintegietan, epaimahaietan, laborategietan edo lantaldeetan egiten dituen ekarpenak ezestea edo gutxiestea, genero-arrazoiengatik.

  • Gizonezko irakasle edo lankide baten argibidea normaltasunez onartzea eta ohar bera baztertzea emakumezko kide, irakasle, tutore, ikertzaile edo langile batek egitean.

  • Emakumeek irakasteko, ikertzeko, koordinatzeko, ebaluatzeko, kudeatzeko edo askotariko erabakiak hartzeko duten gaitasun intelektuala, autoritatea, lidergoa, irmotasuna edo legitimitatea gutxiestea edo hari iseka egitea.

  • Iruzkin paternalistak, etorkorrak, umiliagarriak edo iraingarriak egitea emakumezko ikasle, ikertzaile, irakasle edo langileei zuzenduta.

  • Espazio akademikoetan edo lan-espazioetan, emakumezko ikasleak, ikertzaileak edo langileak sistematikoki etetea, barregarri uztea edo infantilizatzea.

  • Emakume izatearekin lotutako ezizenak, isekak edo adierazpen iraingarriak erabiltzea.

  • Unibertsitatean emakume batek “izan behar duen”, jantzi behar duen, hitz egin behar duen edo portatu behar duen moduari buruzko iruzkin estereotipatuak egitea.

  • Emakumezko ikasleen, ikertzaileen, irakasleen edo langileen itxura fisikoari buruzko iruzkin errepikariak egitea, haien eginkizun akademikoa edo profesionala ordezkatzen edo deslegitimatzen dutenean.

  • Emakumezko ikasleei, ikertzaileei, irakasleei eta langileei exijitzea, aginduak ematea eta haiengana zuzentzea, genero-arrazoiengatiko mendekotasun-logika batetik.

  • Emakume baten balio akademikoa edo profesionala haren itxurarekin, adinarekin, izaerarekin edo harreman-aukerarekin lotzen duten iruzkinak egitea.

2. Jarrera sexualizatu desegokien adibideak

  • Emakumezko ikasleei edo profesionalei zuzendutako nahi gabeko piropoak.

  • Gorputzari, arropari, itxura fisikoari edo mugitzeko moduari buruzko iruzkinak ikasgeletan, korridoreetan, bulegoetan, tutoretzetan, laborategietan, praktiketan edo unibertsitateko jardueretan.

  • Begirada iraunkorrak, ibilbide bisual sexualizatuak edo eduki sexualeko keinuak.

  • Soinuak, imintzioak, keinuak, txantxa sexualak edo zentzu bikoitzeko iruzkinak.

  • Emakumezko ikasleen edo profesionalen bizitza intimo, afektibo edo sexualari buruzko galdera inbaditzaileak.

  • Nahi ez diren iradokizunak edo hitzordu-proposamenak, bereziki testuinguru akademikoetan edo mendekotasun-testuinguruetan gertatzen direnean.

  • “Arropa horrekin arreta galarazten duzu”, “horrela ezinezkoa da kontzentratzea”, “seguru zurekin gainditzea errazagoa dela”, “irribarre gehiago egin beharko zenuke” eta antzeko iruzkinak.

  • Iruzkin sexualizatuak tutoretzetan, bileretan, ebaluazioetan, biltzarretan, bidaia akademikoetan edo praktiketan.

  • Unibertsitateko jarduerarekin lotutako eduki sexualizatuko mezuak, oharrak, mezu elektronikoak edo deiak.

  • Iruzkin sexualizatuak ikasgelako txatetan, praktika-taldeetan, barne-kanaletan, irakaskuntza-plataformetan edo unibertsitatearekin lotutako sare sozialetan.

3. Arrisku handiko jarrera fisikoen adibideak, eraso-ahaleginarenak edo eraso-ahaleginaren zantzuarenak barne

  • Ikasgeletan, bulegoetan, korridoreetan, igogailuetan, liburutegietan, laborategietan, aparkalekuetan edo campuserako sarbideetan pasabidea edo irteera blokeatzea.

  • Emakumezko ikasle, irakasle, ikertzaile edo langile bat zokoratzea.

  • Korridoreetatik, eskaileretatik, sarbideetatik, campuseko eremu komunetatik edo kanpoko eremuetatik jarraitzea.

  • Larderiaz oso hurbil jartzea.

  • Gorputz-espazioa behin eta berriz inbaditzea, distantzia eskatu arren.

  • Bere baimenik gabe ukitzen saiatzea.

  • Joan-etorriko lekuetan, eskolako irteeran, bulegoan, garraio-geralekuetan edo sarbideetan itxarotea.

  • Larderiaz bat-batean hurbiltzea.

  • Fisikoki tartean jartzea, tutoretza, elkarrizketa, ikasgela, bilera edo esku-hartze profesional bat bukatzea galarazteko.

  • Onartu gabeko edozein kontaktu fisiko edo osagai sexualarekin edo larderiazkoarekin kontaktua izateko ahalegina.

4. Sexu-erasoa dakarten jarreren adibideak

  • Baimendu gabeko sexu-ukituak.

  • Baimendu gabeko musuak.

  • Sexu-helburuarekin eustea, eskukatzea, doi-doi ukitzea edo igurztea.

  • Sexu-kontaktua inposatzea edo inposatzen ahalegintzea.

  • Exhibizionismoa.

  • Pornografia edo sexu-materiala ikustera behartzea.

  • Egintza sexualak jasatera edo horietan parte hartzera behartzea.

  • Indarkeriaz, larderiaz, nagusitasunez edo zaurgarritasun-egoera aprobetxatuz egindako sexu-ekintzak.

  • Gauzatu gabeko sexu-ekintzen saiakerak, sexu-askatasunaren aurka doazenak zuzenean.

  • Horrelako jokabideak ikasgeletan, bulegoetan, laborategietan, bidaia akademikoetan, kanpoko praktiketan, unibertsitate-egoitzetan eta unibertsitatearekin lotutako kultura-, kirol- edo jai-jardueretan.

5. Sexu-jazarpeneko jarreren adibideak

  • Emakumezko ikasle, irakasle, ikertzaile edo langile bati zuzendutako nahi gabeko proposamen afektibo edo sexualak.

  • Iruzkin, iradokizun edo txantxa sexualak behin eta berriz egitea, emakumeak arbuioa, deserosotasuna edo mugak ezarri ondoren.

  • Esparru akademikotik edo lan-esparrutik kanpo arreta pertsonala edo intimoa lortzeko presioa.

  • Bakarkako bilerak, beharrezkoak ez diren tutoretzak edo ordutegitik kanpo helburu ez-akademikoarekin kontaktuak izateko tematzea.

  • Ikasgelatik, bulegotik, laborategitik, liburutegitik edo beste gela batzuetatik atera arte itxarotea, proposamenak edo iruzkinak egiten tematzeko.

  • Nahi gabeko eduki afektibo-sexuala duten mezu, mezu elektroniko, ohar edo deiak behin eta berriz bidaltzea.

  • Irakaskuntza, tutoretza, ikerketa, administrazio edo laneko harremana interakzio sexualizatu bihurtzea etengabe.

  • Hurbiltasun akademikoa edo profesionala baliatzea iradokizunak, mesedeak, harreman-itxaropenak edo eduki intimoa sartzeko.

  • Hitzordu, argazki, topaketa edo konfidentzia intimoen eskaera anbiguoak edo zuzeneko eskaerak, botere-desberdintasuneko esparruan.

  • Arreta, ebaluazioa, laguntza edo aldeko tratua prestasun pertsonal edo sexual handiagoarekin esplizituki edo inplizituki lotzen duten jarrerak.

  • Adierazpen sexistak, sexualizatuak, larderiazkoak edo jazarpenezkoak, emakumezko ikaslearen, irakaslearen, ikertzailearen edo langilearen sare sozialen bidez arreta edo kontaktua bilatzearekin lotutako mezuen, deien, oharren edo bestelako euskarrien bidez egindakoak.

  • Eduki sexista, sexualizatua, larderiazkoa edo jazarlea duten mezu, mezu elektroniko edo oharrak.

  • Behin eta berriz deiak egitea, eduki inbaditzailea edo larderiazkoa dutenak.

  • Kanal instituzionalak edo akademikoak erabiltzea nahi ez den harremana izateko.

  • Eskatu gabeko kontaktua campus birtualaren, posta korporatiboaren, mezularitzaren, ikasgelako taldeen, irakaskuntza-plataformen edo elkarlanerako tresnen bidez.

  • Mezu sexualizatuak bidaltzea tutoretza, eskola, praktika, bilera edo truke profesional baten ondoren.

  • Kontaktua bilatzea emakumezko ikaslearen edo profesionalaren sare sozial pertsonalen bidez, horretarako baimendutako harremanik ez dagoenean.

  • Irudiak, mezuak edo informazio pertsonala birbidaltzea, zabaltzea edo iruzkintzea, umiliatzeko, sexualizatzeko edo beldurtzeko asmoz.

  • Unibertsitateko eremu fisikotik kanpo baina unibertsitate-harremanarekin lotutako jazarpen-egoera bat luzatzen duten kontrol-, presio-, zaintza- edo ekite-mezuak.

6. Generoan oinarritutako jazarpen-jarreren adibideak

  • Emakumezko irakasle, ikertzaile, tutore, teknikari edo langile bati behin eta berriz balioa kentzea, emakume izateagatik.

  • Emakume batek artatua, gainbegiratua, ebaluatua edo zuzendua izateari uko egitea etengabe, autoritate edo gaitasun txikiagoa duela uste duelako.

  • Emakumeei buruzko iruzkin iraingarriak edo umiliagarriak, oro har, emakumezko ikasle edo profesional jakin bati ospea kentzeko.

  • Emakumezko ikasle edo langile batekiko etengabeko etsaitasuna, genero-estereotipoetan oinarrituta.

  • Behin eta berriz isekak, probokazioak edo mespretxuak egitea, ikasgelan, taldean edo unibertsitateko egituran duen posizioa beheratzeko.

  • Emakumeek lideratu, ebaluatu, mugak jarri edo autoritatea erabili behar ez dutelako ideia indartzen duen talde-giroa.

  • Emakumezko ikasleak edo profesionalak parte hartzeko, erabakiak hartzeko, proiektuak egiteko, praktikak gauzatzeko edo errekonozimenduak egiteko eremuetatik sistematikoki baztertzea, genero-arrazoiengatik.

  • Kargu bat betetzen duen, eskola ematen duen, ikertzen duen, koordinatzen duen edo instituzionalki ordezkatzen duen emakume baten gaitasuna edo legitimitatea etengabe zalantzan jartzea.

  • Mugak jartzen, salatzen, zuzentzen edo autoritatea baliatzen dituzten emakumezko ikasleei edo profesionalei etsaitasunezko tratu bereizia ematea.

II. ERANSKINA

Pertsonen aurkako indarkeriazko jarreren adibideak, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, genero-adierazpenagatik eta sexu-ezaugarriengatik

1. Jarrera LGTBIQ+fobikoen adibideak

  • Pertsona bat zalantzan jartzea, barregarri uztea edo zilegitasuna kentzea lesbiana, gaya, bisexuala, transa, ez-binarioa edo intersexuala izateagatik edo halakotzat hartzeagatik.

  • Pertsona baten sexu-orientazioari, genero-identitateari edo genero-adierazpenari buruz iseka egitea.

  • “Janzten den moduari”, “hitz egiten duen moduari”, “mugitzen den moduari” edo “duen itxurari” buruzko mespretxuzko iruzkinak egitea, estereotipo LGTBIQ+fobikoekin lotuta.

  • Ezizenak, irainak edo adierazpen iraingarriak erabiltzea, iseka egiteko, mespretxatzeko edo umiliatzeko.

  • Honako hauen antzeko iruzkinak egitea: “ez duzu ematen benetako emakumea”, “hori naturaren aurkakoa da”, “hona ez etorri horrekin”, “ez dago erakusten aritu beharrik”.

  • Pertsona trans edo ez-binario batek bere izena, izenordaina, unibertsitate-espazioak edo sozialki aurkezteko modua erabiltzeko duen legitimitatea zalantzan jartzea.

  • Aukeratutako izena edo dagokion izenordaina erabiltzeari mespretxuz uko egitea, ezagutzen denean eta erabil daitekeenean.

  • Sexu- edo genero-aniztasuna probokazio, moda, gehiegikeria edo bizikidetzarako arazo gisa aurkezten duten iruzkinak egitea.

  • LGTBIQ+ identitateak seriotasun txikiagoarekin, gaitasun profesional txikiagoarekin edo autoritate txikiagoarekin lotzen dituzten adierazpenak egitea.

  • Sexu bereko bikoteei, askotariko familiei edo bizi-ibilbide ez-normatiboei buruzko iruzkin iraingarriak egitea.

  • Ikasgeletan LGTBIQ+ pertsonei buruzko txisteak, isekak edo “txantxak” egitea behin eta berriz.

2. Jarrera diskriminatzaileak, sexu-orientaziogatik edo genero-identitate edo -adierazpenagatik

  • Jarduera, talde, proiektu edo espazioetatik kanpo uztea, LGTBIQ+ taldekoa izateagatik edo hala emateagatik.

  • Pertsona bat etsaitasunez edo hotz tratatzea, haren sexu-orientazioa edo genero-identitatea ezagutzen edo sumatzen denean.

  • LGTBIQ+ pertsona batekin lan, ikasketa, praktika edo ordezkaritzako espazioak partekatzeari uko egitea.

  • LGTBIQ+ pertsona baten egokitasuna zalantzan jartzea unibertsitatea ordezkatzeko, eskolak emateko, tutoretza emateko, taldeen buru izateko edo ikasleei arreta emateko.

  • Trans pertsona baten edo ez-binario baten partaidetza edo ikusgarritasuna oztopatzea, haren genero-identitateari edo -adierazpenari buruzko aurreiritziengatik.

  • LGTBIQ+ pertsonei kolektibo gisa ospea zikintzen duten edo haiek baztertzea justifikatzen duten iruzkinak egitea.

  • Pertsona batek bere bikotekideaz, ibilbideaz edo bizi-egoeraz hitz egitea ez sustatzea, nahiz eta beste heterosexual edo zis batzuei murrizketa hori aplikatzen.

  • Etsaitasunez erreakzionatzea LGTBIQ+ pertsonen existentzia edo ikusgarritasunaren erakusgarri arrunten aurrean, eta desegokitzat edo arazotsutzat aurkeztea.

3. Jazarpena adierazten duten jarrerak LGTBIQ+fobiagatik

  • Pertsona bati zuzendutako isekak, probokazioak, mespretxuak edo iruzkin iraingarriak, LGTBIQ+ izateagatik edo hala emateagatik.

  • Trans pertsona baten edo pertsona ez-binario baten izena edo izenordaina etengabe eta nahita ukatzea, umiliatzeko, baliogabetzeko edo beheratzeko.

  • Genero-identitate edo sexu-orientazio baten “benetakotasuna” zalantzan jartzen duten iruzkin errepikatuak.

  • Pertsona batenganako etsaitasuna, bere sexu-orientazioagatik edo genero-identitate edo -adierazpenagatik.

  • Pertsonaren bizitza afektiboari, gorputzari edo identitateari buruzko zurrumurruak, burlak edo iruzkin iraingarriak.

  • LGTBIQ+ pertsonak barregarri uztea, bakartzea edo deslegitimatzea indartzen duen talde-giroa.

  • Etsaitasunezko harreman-jarraipena, pertsonaren sexu- edo genero-aniztasunean oinarritua.

  • LGTBIQ+ pertsona baten presentzia etengabe zaintzeko zalantzan jartzeko edo iseka egiteko arrazoi bihurtzen duten iruzkinak edo jarduketak.

  • Etengabeko tratu apalesgarria, eraginpeko pertsonaren jarrera akademikoa, profesionala edo harremanetakoa okertzen duena.

4. Identitatea ukatzeko, ikusezin bihurtzeko edo baliogabetzeko jarrerak

  • Pertsona baten izena edo izenordaina erabiltzea behin eta berriz ukatzea, horren berri izan arren.

  • Trans pertsona edo pertsona ez-binario batengana aurreko izenarekin zuzentzea edo tratamendu okerra ematea, umiliatzeko edo baliogabetzeko asmoz.

  • Ikasgelan, bileretan, tutoretzetan edo administrazio-eremuetan haien identitatea publikoki zalantzan jartzea.

  • Bere identitatea “onartzeko” azalpen intimoak, medikoak edo biografikoak eskatzea.

  • Komunetarako, aldageletarako, ostatuetarako, ekipoetarako, zerrendetarako edo unibertsitateko dokumentaziorako sarbidea zalantzan jartzea, haien identitatearen arabera.

  • Pertsonaren identitatea eztabaidagai, jakin-min inbaditzaile edo baimendu gabeko eztabaida publiko gisa tratatzea.

  • Pertsona baten trans-identitateari, trantsizio-prozesuari edo sexu ezaugarriei buruzko informazioa ezagutaraztea baimenik gabe.

  • Honako hauen antzeko iruzkinak egitea: “niretzat beti izango zara...”, “biologikoki zara...”, “horrek gezurra esatera behartzen nau”, baliogabetzeko edo gutxiesteko erabiltzen direnean.

5. Bizitza intimoari, gorputzari edo identitateari buruzko jarrera inbaditzaileak edo kontrol-jarrerak

  • Galdera inbaditzaileak egitea emakumezko ikasle edo profesional baten gorputzari, genitalei, trantsizioari, mediku-tratamenduei, kirurgiei edo praktika sexualei buruz.

  • LGTBIQ+ izateagatik bizitza intimo edo afektiboari buruzko galdeketa ez-egokiak egitea.

  • Beste pertsona batzuei eskatzen ez zaizkien azalpen pertsonalak eskatzea.

  • Pertsona bat sexualizatzen edo patologizatzen duten iruzkinak egitea, bere sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik.

  • Pertsona batek bere identitateari, familiari edo bizitza afektiboari buruzko informazio pribatua eman dezan presioa egitea.

  • Xehetasun intimoak ezagutzean tematzea, jakin-min, interes akademiko edo konfiantzaren itxurapean.

6. Unibertsitatearekin lotuta dauden edo pertsonalak diren bitarteko idatzi, telefoniko edo digitalen bidezko jarrerak

  • Eduki LGTBIQ+fobikoa, iraingarria, isekaria edo larderiazkoa duten mezuak, mezu elektronikoak, oharrak edo argitalpenak bidaltzea.

  • LGTBIQ+ pertsona bati buruzko zurrumurruak, memeak, irudiak edo iruzkin iraingarriak zabaltzea.

  • Ikasgelako taldeak, txatak, foroak, campus birtuala, posta instituzionala edo unibertsitateko plataformak erabiltzea barregarri uzteko, jazartzeko edo baztertzeko.

  • Pertsona bat bere sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik zalantzan jartzeko, presionatzeko edo umiliatzeko kontaktuan jartzea behin eta berriz.

  • Unibertsitateko bizitzari lotutako argitalpenak edo iruzkinak partekatzea sare sozialetan, pertsona ikusgai jartzen, haren ospea zikintzen edo hari iseka egiten diotenak.

  • Norbaiten sexu-orientazioa, genero-identitatea edo sexu-ezaugarriak ezagutaraztea baimenik gabe.

  • Gorroto-, mespretxu-, zaintza- edo mehatxu-mezuak bidaltzea.

  • Unibertsitateko kanalak edo kanal pertsonalak erabiltzea pertsonaren LGTBIQ+ izaerarekin lotutako jazarpen-dinamika bati eusteko.

7. Larderiazko jarrerak edo mehatxuak sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik

  • Hitzezko edo idatzizko mehatxuak, LGTBIQ+ taldekoa izateagatik edo hala emateagatik.

  • Larderiazko ohartarazpenak, honako hauen antzekoak: “hobe da horrela ez etortzea”, “kontuz ibili”, “badakizu zer gerta daitekeen”.

  • Beldurra, isiltasuna edo autozentsura sortzea xede duten iruzkinak.

  • Jazarpena edo larderiazko presentzia korridoreetan, ikasgeletan, sarbideetan, komunetan, liburutegietan edo campuseko kanpoaldean.

  • Taldeko edo banakako etsaitasuna, pertsona unibertsitate-espaziotik sinbolikoki kanporatzea xede duena.

  • Sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik eraso, errepresalia edo esposizio handiagoaren beldurra izanarazten duen edozein jokabide.

8. Eraso fisikoa dakarten jarrerak, LGTBIQ+fobiak eragindakoak

  • Ikasle edo profesional bat bultzatzea, kolpatzea, astintzea edo fisikoki erasotzea, LGTBIQ+ taldekoa delako edo ematen duelako.

  • Txistua botatzea, objektuak jaurtitzea edo eraso fisikoak egitea, motibazio diskriminatzailearekin.

  • Larderia- edo eraso-helburuarekin zokoratzea, pasabidea blokeatzea edo jazartzea, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik.

  • Irain, mehatxu edo adierazpen LGTBIQ+fobikoekin batera egindako edozein eraso fisiko.

  • Erasoak ikasgeletan, campusean, bulegoetan, komunetan, aldageletan, egoitzetan, unibertsitateko jardueretan edo espazio fisikora eramaten diren ingurune digitaletan.

9. Osagai LGTBIQ+fobikoa duten jarrera edo sexu-erasoak

  • Sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik edo -adierazpenagatik pertsona baten aurka egindako ukituak, musuak, erasoak edo umiliazioak.

  • Baimendu gabeko sexu-jarrerak, LGTBIQ+ pertsona bat zigortzeko, zuzentzeko, iraintzeko edo “bere lekuan jartzeko” erabiliak.

  • Sexu-iruzkin edo -erasoak, irain homofobo, lesbofobo, bifobo edo transfoboekin batera eginak.

  • Pertsona baten gorputza zalantzan jartzera edo behartzera bideratutako ekintzak, genero-arauekin edo sexualitatearekin bat ez etortzeagatik.

III. ERANSKINA

Arau-esparrua

I. Nazioarteko arau-esparrua

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak oinarrizko giza eskubideak ezartzen ditu, horien artean gizaki guztien berdintasuna eta askatasuna. Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatu zuen 1948ko abenduaren 10ean, 217 A (III) ebazpenean.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 1958ko ekainaren 25eko Hitzarmena (C111), enpleguaren eta lanbidearen arloko diskriminazioari buruzkoa.

Emakumeen diskriminazioa ezabatzeari buruzko Adierazpena, giza eskubideen adierazpena, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aldarrikatua 1967ko azaroaren 7an.

Emakumearen aurkako diskriminazio modu guztiak ezabatzeko Konbentzioa (ingelesezko sigla: CEDAW), Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1979ko abenduaren 18an onartua.

Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena (ingelesezko sigla: DEVAW), Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 1993ko abenduaren 20ko 48/104 Ebazpenaren bidez onartua. Adierazpen horrek «emakumearen aurkako indarkeria» definitzen du, eta familian eta, oro har, komunitatean gertatzen diren ekintzak jasotzen ditu, hala nola bortxaketa, sexu-abusua, laneko eta hezkuntza-erakundeetako sexu-jazarpena eta -larderia.

Beijingeko Adierazpena eta Ekintza Plataforma, Nazio Batuen Erakundeak 1995eko irailaren 15ean onartutako ebazpenaren bidez onartua, genero-berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari buruzko munduko politikako adostasun-dokumentu nagusitzat hartzen dena.

Emakumearen aurkako bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Konbentzioaren hautazko protokoloa, 1999ko urriaren 6an onartua.

17/19 Ebazpena, Giza Eskubideen Kontseiluarena, 2011ko ekainaren 17koa; ebazpen horrek berekin dakar legearen aurrean tratu-berdintasuna izateko eskubidea, bai eta hainbat arrazoik, hala nola sexu-orientazioak eta genero-identitateak, eragindako diskriminazioaren aurka babestua izateko eskubidea ere.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 2019ko ekainaren 21eko Hitzarmena (C190), lan-munduan indarkeria eta jazarpena ezabatzeari buruzkoa.

II. Europar Batasuneko arau-esparrua

Europar Batasunaren arloan, Europako Kontseiluak eta Europako Batasunak zenbait araudi onartu dituzte.

1. Europako Kontseilua

Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmena (1950ekoa); zehazki, 14. artikuluak debekatu egiten du Hitzarmenean aitortutako eskubide eta askatasunak baliatzeko edozein diskriminazio mota.

1996an berrikusitako Europako Gutun Soziala; 20. artikuluan ezartzen du langile guztiek eskubidea dutela enpleguaren eta lanbidearen arloan aukera- eta tratu-berdintasuna izateko, sexu-arrazoiengatiko diskriminaziorik gabe, eta 26. artikuluan, berriz, laneko duintasunerako eskubidea ezartzen da, eta sexu-jazarpenaren arloko sentsibilizazioa, informazioa eta prebentzioa sustatu, neurri egokiak hartzeko konpromisoarekin; eta Europako Gutun Sozialaren protokolo gehigarriak.

Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko 12. Protokoloa (2000koa); 1. artikuluan diskriminazioaren debeku orokorra ezartzen du.

Ministro Batzordearen 2002ko apirilaren 30eko Gomendioa; emakumea indarkeriaren aurka babesteari buruzkoa da, eta «emakumearen aurkako indarkeria» terminoa definitzen du eta horri buruzko neurri orokorrak arautzen ditu.

Ministro Batzordearen 2003ko martxoaren 12ko Gomendioa, esparru politiko eta publikoan erabakiak hartzeko prozesuetan emakumeek eta gizonek partaidetza orekatua izateari buruzkoa.

Emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeari eta haren aurka borrokatzeari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena (Istanbulgo Hitzarmena, 2011V.11); hitzarmen horren helburua da emakumeak indarkeria mota guztietatik babestea eta indarkeria hori prebenitzea, jazartzea eta ezabatzea.

2. Europar Batasuna

Europako Parlamentuaren 1989ko irailaren 12ko Ebazpena, pertsona transexualen diskriminazioari buruzkoa; ebazpen horrek onartzen du pertsona bakoitzak erabaki behar duela bere identitatea gizaki gisa.

Batzordearen 92/131 EEE Gomendioa, 1991ko azaroaren 27koa, lanean emakumeen eta gizonen duintasuna babesteari buruzkoa. Sexu-jazarpenari aurre egiteko neurriei buruzko jokabide-kode bat jasotzen du.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/54/EE Zuzentaraua, enpleguari eta okupazioari lotutako gaietan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari buruzkoa.

Lantokiko Jazarpenari eta Indarkeriari buruzko Europako Esparru Akordioa, Batzordeak Europako Kontseiluari eta Parlamentuari helarazia, 2007ko apirilaren 26koa.

Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna; Estrasburgon egin zen 2007ko abenduaren 12an, eta zehazki 20. artikuluak, legearen aurrean pertsona guztien berdintasuna aldarrikatzen du; 21. artikuluak, diskriminazio oro debekatzen du; eta 23. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna arautzen du.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/29/EB Zuzentaraua, delituen biktimen eskubideei, laguntzari eta babesari buruzko gutxieneko arauak ezartzen dituena, Kontseiluaren 2001/220/JAI esparru-erabakia ordezkatzen duena.

2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2023/970 Zuzentaraua, 2023ko maiatzaren 10ekoa, zeinak lanpostu berdinean edo balio bereko lanpostuetan gizonen eta emakumeen ordainsari-berdintasunaren printzipioa aplikatzea indartzen baitu, ordainsari-gardentasuneko neurrien eta hori betetzeko mekanismoen bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2024/1385 Zuzentaraua, 2024ko maiatzaren 14koa, emakumeen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako borrokari buruzkoa.

III. Estatuko arau-esparrua

1978ko Espainiako Konstituzioaren 9., 10.1., 14., 15., 18.1 eta 35.1 artikuluak, oinarrizko eskubide gisa aitortzen dituztenak pertsonaren duintasuna, berezkoak dituen eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, sexuagatiko inolako bereizkeriarik gabeko berdintasuna, bizitzeko eskubidea eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, inolako tratu jasanezin edo apalesgarririk jaso gabe, ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, bakoitzaren irudirako eta lanerako eskubidea, sexuagatiko bereizkeriarik jaso gabe.

Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa; lege horren 18.9 artikuluak ezartzen du administrazio publikoek laneko osasuna babestu, sustatu eta hobetu behar dutela, arreta berezia jarrita sexu-jazarpenean eta sexuagatiko jazarpenean.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legea, azaroaren 8koa; lege horren 14. artikuluak ezartzen du laneko segurtasuna eta osasuna babesteko neurriak hartu behar direla.

Zigor Kodeari buruzko 10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa; bereziki 172 ter artikulua, jazarpen-jokabideak etengabez eta behin eta berriz egiten dituena zigortzen duena; 173. artikulua, norbaitek beste pertsona bati, beraren osotasun moralari kalte larria eginez, tratu apalesgarria ematen diona zigortzen duena; 178. artikulua, beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka atentatu egiten duena zigortzen duena; 184. artikulua, laneko, irakaskuntzako edo zerbitzu-eskaintzako eremuan, biktima jartzen badu larderiako, etsaigoko edo umiliazioko egoera objektibo eta larrian, pertsona hori zigortu egingo da, sexu-jazarpenaren egile gisa, eta, halaber, sexu-jazarpena egiteko laneko, irakaskuntzako edo hierarkiako nagusitasun-egoeraz baliatzen dena; eta 197.7 artikulua, hirugarrenei irudi edo ikus-entzunezko grabazioak baimenik gabe zabaltzen, ezagutarazten edo lagatzen dituena zigortzen duena, dibulgazioak eraginpekoaren intimitate pertsonala larriki kaltetzen duenean. Halaber, 443. artikulua, agintari edo funtzionario publikoa zigortzen duena, norbaiti sexu-harremanak eskatuz gero, baldin eta agintari edo funtzionario horrek ebazpena edo txostena eman behar badu edota bere nagusiari kontsulta helarazi behar badio uzi jakin batzuei buruz, eta uzi horiek eskaera jaso duen pertsonarenak badira.

Prozedura Zibilaren 1/2000 Legea, urtarrilaren 7koa; zehazki, 11 bis artikulua, tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea defendatzeko legitimazioa ezartzen duena; eta 11 ter artikulua, sexu-orientazio eta -identitateagatik, genero-adierazpenagatik edo sexu-ezaugarriengatik.

5/2000 Legegintzako Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, Gizarte-ordenako arau-hauste eta zehapenei buruzko Legearen testu bategina onestekoa (gaztelaniaz, LISOS); 8. artikuluak arau-hauste oso astunak ezartzen ditu, besteak beste, honako hauek: sexuagatiko, sexu-orientazio eta -identitateagatiko, genero-adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko zuzeneko edo zeharkako diskriminazioa; sexu-jazarpena; eta adinagatiko eta sexu-orientazio eta -identitateagatiko, genero-adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko jazarpena, eta sexuagatiko jazarpena.

Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak aldarrikatzen ditu, zehazki, informaziorako eskubidea (18. art.), arreta integralari buruzkoa (19. art.), osasun-arretari buruzkoa (19 bis art.) eta doako laguntza juridikoa (20. art.).

Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa; lege horren 7. artikuluak sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena definitzen ditu eta bereizkeriazko egintzak ezartzen ditu; 48. artikuluak, aldiz, laneko sexu-askatasunaren eta osotasun moralaren aurkako delituak eta bestelako jokabideak prebenitzeko neurri bereziak arautzen ditu.

Unibertsitateko Ikasleen Estatutua onartzen duen 1791/2010 Errege Dekretua, 2010eko abenduaren 30ekoa; 4., 7.1.d, 8.c eta 11.b artikuluetan genero-indarkeriaren biktimen eskubideak ezartzen dira, besteak beste, arreta jasotzeko eskubidea, irakaskuntza-taldea aukeratzeko eskubidea eta ordutegien malgutasunerako eskubidea genero-indarkeriaren biktimen eskubideak baliatzeko.

Lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen 36/2011 Legea, urriaren 10ekoa; zehazki, 96.1 artikuluak froga-kargaren alderantzikatzea ezartzen du auzi-jartzailearen alegazioetatik, besteak beste, sexuagatiko, sexu-orientazioagatiko edo sexu-identitateagatiko diskriminazio-zantzu oinarridunak ondorioztatzen diren prozesuetan.

Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa; zehazki, 4. artikuluak lan-eskubideak ezartzen ditu; 17. artikuluak lan-harremanetako diskriminazioa debekatzen du, eta 54.2 artikuluak kaleratzeen arrazoia arautzen du.

5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duena; zehazki, 1. artikuluak emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasuna islatzen du; 49.d artikuluak genero-indarkeriaren biktimek dituzten baimenak ezartzen ditu; 52. eta 53. artikuluek langileen jokabideak arautzen dituzte eta besteak beste, honako hauek azpimarratzen dituzte: generoagatiko, sexuagatiko, sexu-orientazio eta -identitateagatiko, genero-adierazpenagatiko edo sexu-ezaugarriengatiko diskriminaziorik eza; 82. artikulua, genero-indarkeriagatik eta terrorismo-indarkeriagatiko mugigarritasuna arautzen duena; eta 95.2. b artikulua, falta oso astunak arautzen dituena, besteak beste, sexu-orientazioagatiko, sexu-identitateagatiko, sexu-ezaugarriengatiko edo sexuagatiko diskriminazioa, bai eta sexuagatiko, sexu-orientazioagatiko, genero-adierazpenagatiko eta sexu-ezaugarriengatiko jazarpena, eta jazarpen moral eta sexuala ere.

Ministro Kontseiluaren 2015eko azaroaren 20ko Erabakia, Estatuko Administrazio Orokorrean eta hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoetan laneko indarkeriari aurre egiteko jarduketa-protokoloa onartzen duena.

2015eko azaroaren 25eko Ebazpena, Administrazio Publikoen Estatu Idazkaritzarena, genero-indarkeriaren biktima diren langile publikoen mugikortasun-prozedura ezartzen duena.

2018ko azaroaren 16ko Ebazpena, Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzarena, Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialaren Erabakia argitaratzen duena; erabaki horren bidez, genero-indarkeriaren biktima diren langile publikoen administrazioen arteko mugikortasuna errazteko erabakia onartzen da.

9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituna garatzeko presako neurriena.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

1/2021 Legea, martxoaren 24koa, genero-indarkeriaren biktimak babesteko eta haiei laguntzeko premiazko neurriei buruzkoa.

7/2021 Lege Organikoa, maiatzaren 26koa, Arau-hauste penalak prebenitzeko, detektatzeko, ikertzeko eta epaitzeko eta zigor-zehapenak betearazteko tratatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzkoa.

Unibertsitate-elkarbizitzari buruzko 3/2022 Legea, 2022ko otsailaren 24koa; 4. artikuluan indarkeriaren, diskriminazioaren edo jazarpenaren aurkako prebentzio eta erantzun-neurriak ezartzen dira; eta 11. artikuluan falta oso astuntzat jotzen dira sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena, eta, besteak beste, sexuan, sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako diskriminazioa.

15/2022 Lege Integrala, uztailaren 12koa, Tratu Berdintasuna eta Diskriminaziorik Eza Lortzekoa.

10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme integralari buruzkoa.

4/2023 Legea, otsailaren 28koa, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzekoa eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.

Unibertsitate Sistemari buruzko 2/2023 Lege Organikoa, 2023ko martxoaren 22koa; 4. artikuluak ezartzen du, besteak beste, berdintasun-planak eta indarkeria, diskriminazioa edo jazarpenaren aurkako prebentzio- eta erantzun-neurriak eduki behar direla; 32. artikuluak ezartzen du hobari osoa jasotzeko eskubidea izango dela matrikulan genero-indarkeriaren eta emakumearen aurkako beste indarkeria mota batzuen biktimei likidatutako unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik; eta 37. artikuluak ezartzen du ikasleak ez direla diskriminatuko, besteak beste, sexuagatik, sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik, adinagatik edo itxuragatik.

247/2024 Errege Dekretua, martxoaren 8koa, estatuko administrazio orokorraren eta haren erakunde publikoen eremuan sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokoloa onartzen duena.

Emakumeek eta gizonek ordezkaritza parekidea eta presentzia orekatua izateko 2/2024 Lege Organikoa, abuztuaren 1ekoa.

1026/2024 Errege Dekretua, urriaren 8koa, zeinaren bidez garatzen baita enpresetan LGTBI pertsonen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko neurrien multzo planifikatua.

Genero Indarkeriaren arloko Estatu Ituna, 2025eko otsailaren 26koa; itun horretan, emakumeen aurkako indarkeriaren definizioan jasotzen dira generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak, emakumeei izaera fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoko kalteak edo sufrimenduak eragiten dizkietenak edo eragin ditzaketenak, bai eta emakumeei eragiten dien beste edozein indarkeria mota ere.

Ebazpena, 2025eko urriaren 20koa, Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzarena, Ministro Kontseiluaren 2025eko urriaren 7ko Erabakia argitaratzen duena; erabaki horren bidez, Estatuko Administrazio Orokorrean eta hari lotutako edo haren mendeko organismo publikoetan genero-berdintasunerako IV. Plana onartzen da.

IV. Euskal Autonomia Erkidegoko arau-esparrua

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoaren 9. artikuluak herritarren oinarrizko eskubideak ezartzen ditu.

3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena.

29/2011 Dekretua, martxoaren 1ekoa, genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio-mekanismoei buruzkoa.

2011ko ekainaren 20ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, lanean jazarpen sexista edota morala gertatzen den kasuetan prebentzio-neurriak eta jarduteko prozedura arautzen dituena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren arloan.

234/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, transexualen dokumentazio administratiboari buruzkoa.

Agindua, 2021eko uztailaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan sexu-jazarpeneko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuetan jarduteko prozedura arautzen duena.

2022ko Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzen aldeko Herrialde Ituna.

1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

Gobernu Erabakia, 2024ko otsailaren 13koa, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategia onartzen duena.

4/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, ez diskriminatzekoa genero-identitate arrazoiengatik eta pertsona transexualen eskubideak aitortzen dituena.

Agindua, 2025eko apirilaren 8koa, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuarena, pertsona transexualen dokumentazio administratiboa eskatzeko inprimaki elektronikoa interesdunen eskura jartzen duena.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako foru-planak eta tokiko planak.

V. Euskal Herriko Unibertsitatearen arau-esparrua

EHUko estatutuak onartzen dituen Dekretua; zehazki 5.2, 9.1, 61. eta 168.1.o) artikuluak.

5.2. artikulua.

Unibertsitate plurala eta feminista den aldetik, EHUk, bere komunitatea osatzen duten emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeaz gain, behar diren neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin edo inork jazarpenik jasan ez dezan inongo ezaugarri edo inguruabar pertsonal edo sozial dela kausa, hala nola jaiotza, jatorri etnikoa, sexua, sexu orientazioa edo sexu identitatea, generoa edo genero adierazpena, erlijioa, sinestea edo iritzia, hizkuntza, adina, desgaitasuna edo hezkuntza premia espezifikoak, nazionalitatea, gaixotasuna, maila sozioekonomikoa, joera politiko edo sindikala edo itxura.

9.1. artikulua.

EHUko unibertsitateko kideek eskubide hauek izango dituzte, gainerako arauetan eta estatutu hauetako beste artikuluetan jasotakoez gain: (...) c) Berdintasunerako eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa; d) Norberaren intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta joera sexuala errespetatzea, eta jazarpenaren, indarkeriaren eta erasoen aurkako babesa izatea.

61. artikulua.

EHUk programa bereziak onartuko ditu, gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, mota guztietako terrorismoaren biktimek eta genero indarkeriaren biktimek laguntza indibiduala, babesa eta beharrezko egokitzapenak izan ditzaten unibertsitate-jardueraren alorrean.

168.1. artikulua.

Errektoreari dagozkio honako eskumen hauek:

p) Zigortzeko ahalmena erabili eta hala dagokionean unibertsitateko kideak zigortzea, eta hala dagokionean zehapen proposamenak aurkeztea eskumena daukan administrazio organoari.

EHUren Emakumeen eta gizonen berdintasunerako I. Plana (2010/2013). EHUren Emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Plana (2014/2017). EHUren Emakumeen eta gizonen berdintasunerako III. Plana (2018-2021). EHUren Emakumeen eta gizonen berdintasunerako IV. Plana (2024-2028).

EHUko plan estrategikoa 2014-2017. EHUko plan estrategikoa 2018-2021. EHUko plan estrategikoa 2022-2025. EHUko plan estrategikoa 2026-2028.

Euskal Herriko Unibertsitateko lan-kontratudun irakasle eta ikertzaileen II. Hitzarmen kolektiboa; hitzarmenaren 63. eta 64. artikuluek lan- edo sexu-jazarpenaren kasuan hartu beharreko neurriak eta genero-indarkeriako kasuetan hartu beharreko neurriak jasotzen dituzte, hurrenez hurren.

Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio eta zerbitzuetako lan-kontratudun langileen III. Hitzarmen Kolektiboa; hitzarmenaren 101. artikuluan jasotzen dira genero-indarkeriaren kasuetan hartu beharreko neurriak.


  1. https://www.ehu.eus/eu/web/berdintasuna-direccionparalaigualdad/genero-indarkeriak-prozesua↩︎


Laguntzaileak

Avatarra: Ofiziala Ofiziala