Eduki nagusira joan

Cookien konfigurazioa

Cookieak erabiltzen ditugu webgunearen oinarrizko funtzioak bermatzeko eta zure on-line esperientzia hobetzeko. Cookien erabilera konfiguratu eta onartu ahal duzu eta nahi duzunean aldatu haiek onesteko aukerak.

Funtsezkoak

Lehentasunak

Analitikak eta estatistikak

Marketina

Unibertsitateko ondare publikoaren tratamenduari eta propagandaren kudeaketari buruzko irizpideak

1. Sarrera, balio gidariak eta ondare publikoaren garrantzia

Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), unibertsitate publikoa den aldetik, balio partekatu batzuetan oinarritzen da: ondasun publikoaren erabilera arduratsua, errespetua, jasangarritasunarekiko konpromisoa, pertsonen zaintza, balio demokratikoak eta eskubide guztien defentsa, baita ingurumenaren zaintza ere.

Balio horiek unibertsitatearen jarduera instituzionala ez ezik, eguneroko bizitza akademiko eta soziala ere gidatzen dute.

Unibertsitateko azpiegiturak, instalazioak eta altzariak baliabide publikoak dira, baliabide kolektiboekin finantzatuak eta komunitate osoaren zerbitzura jarriak. Zehazki, campuseko espazioek —barandak, hormak, beirak, pasabideak, sarbideak, espazio komunak eta beste elementu batzuk— funtsezko eginkizuna dute irakaskuntza-, ikerketa- eta kudeaketa-jardueretan, eta haien egoera egokia ezinbestekoa da unibertsitate-ingurune seguru, irisgarri, eta kalitatezkoa bermatzeko eta EHUren irudia zaintzeko.

Azpiegitura eta altzari horien narriadurak ondorio ugari dakartza: kostu ekonomiko gehigarriak sortzen ditu, gizarte osoak bere gain hartzen dituenak; pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jar ditzake; unibertsitate-ingurunearen kalitatea eta irisgarritasuna kaltetzen ditu; eta ingurumenaren zaintzaren aurkakoa da. Horregatik, espazio publiko horien zaintza ez da soilik erakundearen ardura, baizik eta unibertsitate- komunitate osoarena.

Testuinguru honetan, dokumentu honek irizpide argi eta zehatzak ezartzen ditu unibertsitateko espazioen erabilera ordenatu eta arduratsua gidatzeko, adierazpen- eta parte-hartze-eskubideak errespetatuz eta, aldi berean, pertsonen segurtasuna eta osasuna, instalazioen osotasuna eta zaindutako unibertsitate-ingurunea bermatuz.

Helburu horrekin, honako alderdi hauek uztartu nahi dira:

  • Unibertsitateko kolektiboen adierazpen- eta parte-hartze politikorako eskubidea.

  • Pertsonen segurtasuna, zaintza eta ongizatea.

  • Instalazio eta altzari publikoen kontserbazioa.

  • EHUren jarduera gidatzen duten balio ekologiko, demokratiko eta sozialak.

2. Propagandari eta informazio-materialei buruzko printzipio orokorrak

Campusean kartelak, pankartak edo bestelako informazio-materialak jartzea honako printzipio hauen arabera arautuko da:

  • Unibertsitateko kolektiboen adierazpen- eta parte-hartze-eskubidea, pertsona guztien eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren errespetuaren esparruan.

  • Pertsonen segurtasuna, zaintza eta ongizatea. Arriskuak, oztopoak eta jarduera akademikoaren garapen arrunta oztopa dezaketen egoerak saihestuz.

  • Ondasun publikoarekiko eta pertsonenganako errespetua, baliabide publikoekin finantzatutako instalazio eta altzarien narriadura saihestuz, baita pertsonen duintasuna, eskubideak edo sentiberatasuna urratzen duen edo urratzeko asmoarekin egina den edozein jarduera ere.

  • Unibertsitateko espazioen erabilera ordenatua eta saturaziorik gabea, ingurune garbi, irisgarri eta jarduera akademikorako egokia bermatuz.

  • Jasangarritasuna eta ingurumen-erantzukizuna, hondakinen murrizketa eta materialen erabilera arduratsua sustatuz.

3. Propagandari buruzko irizpideak

3.1 Irizpide orokorrak

EHUren jarduna pertsonen eskubideen errespetuan, balio demokratikoetan eta adierazpen-askatasunaren defentsan oinarritzen da. Unibertsitatea eztabaidarako eta kontrasterako espazio publikoa da, eta horrek iritzi eta jarrera anitzen adierazpena ahalbidetzea dakar.

Hala ere, eskubide horiek ezin dira erabili beste pertsonen eskubideak urratzeko, segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzeko edo espazio komunak kaltetzeko.

Horregatik, ez dira inola ere onartuko honako ezaugarriak dituzten kartel, pankarta edo materialak:

  • Pertsona edo kolektiboak zuzenean mehatxatzen edo seinalatzen dituztenak, unibertsitateko kide izan ala ez.

  • Pertsonen duintasuna, osotasun morala edo oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak, edo sentiberatasunak zauritzen dituztenak.

  • Jazarpena, gorrotoa edo bazterketa sustatzen dutenak.

EHUren helburua da adierazpen-askatasuna eta parte-hartzea bermatzea, pertsonen zaintzarekin, espazioen zaintzarekin eta bizikidetza demokratikoarekin bateragarri eginez, unibertsitate-ingurunearen saturazioa saihestuz.

3.2 Propaganda kentzea

Zentroek ezarritako prozeduren arabera eta eskuragarri dauden baliabideen arabera ahalik eta azkarren, honako material hauek kenduko dira:

Horretarako gaitutako espazioetatik kanpo jarritako kartelak.

  • Gainazalak kaltetzen dituzten materialekin itsatsitako kartelak.

  • Tamaina handiko pankartak edo barandetan, pasabideetan edo campuseko beste elementu batzuetan zintzilik geratzen direnak, askatuz gero sor ditzaketen arriskuengatik.

  • Kristaletan, leihoetan, beirazko ateetan, barruko terrazetan edo EHUren seinaleztapen instituzionalean jarritako kartel edo propaganda.

  • Pasabideak, sarbideak, irteerak, eskailerak, arrapalak edo zirkulazio-eremuak oztopatzen dituzten materialak, baita lurrean jarrita istripuak eragin ditzaketenak ere.

  • Spray bidez egindako margoketak edo markak edozein gainazaletan.

Ekintza horiek aldizka egingo dira, unibertsitateko espazioen erabilera ordenatu, segurua eta egokia bermatzeko.

Era berean, EHUk adierazpen grafikoak egitea baimenduko du horretarako berariaz baimendutako espazioetan, betiere ondasun publikoaren zaintza, pertsonen segurtasuna eta osasuna eta unibertsitate-ingurunea errespetatuz. Halaber, ikasle- taldeekin elkarrizketa-prozesu bat irekiko du, kartel eta muraletarako kanpoko euskarriak aztertzeko eta indartzeko.

Denbora-irizpidea eta kentzearen antolaketa

Antolatutako jardueren zabalkundea errespetatzeko eta espazioen erabilera ordenatua bermatzeko:

  • Deialdi zehatzak iragartzen dituzten kartelak mantenduko dira, baldin eta ekitaldiaren aurreko gehienez hiru asteko epean jarri badira.

  • Ekitaldi zehatzekin lotuta daudenean, data adierazi beharko dute.

  • Ez da onartuko materialen iraunkortasun mugagabea, ezta espazioen saturazioa ere mezu errepikatuen bidez.

  • Irizpideak betetzen dituzten kartel eta pankarten ohiko kentzea, oro har, ostiraletan egingo da.

  • Ostiraletan ez dira kenduko data hurbileko jarduerak iragartzen dituzten materialak, baldin eta dokumentu honetan ezarritako irizpideak betetzen badituzte.


3.4 Kendutako materialaren kudeaketa eta jasangarritasuna

EHUren konpromiso ekologikoarekin bat etorriz:

  • Kendutako materiala ez da berehala hondakin bihurtuko, baizik eta berrerabilpena edo birziklapena sustatuko da.

  • Campuseko espazio komunetan jarritako propaganda bada, eta testu honetan ezarritako arauak betetzen baditu, hala eskatzen duten kolektiboen eskura egongo da astebetez jaso ahal izateko.

  • Papera, plastikoa eta bestelako materialen erabilera murriztea sustatuko da.

Baieztatu

Mesedez, hasi saioa

Pasahitza laburregia da.