Eduki nagusira joan

Cookien konfigurazioa

Cookieak erabiltzen ditugu webgunearen oinarrizko funtzioak bermatzeko eta zure on-line esperientzia hobetzeko. Cookien erabilera konfiguratu eta onartu ahal duzu eta nahi duzunean aldatu haiek onesteko aukerak.

Funtsezkoak

Lehentasunak

Analitikak eta estatistikak

Marketina

📢 ADI! Unibertsitateen Legearen aurreproiektu berria - Parte hartu eta hobetzen lagundu🚀

Berrikusi hemen aurreproiektua eta egin artikulu zehatzak idazteko edo hobetzeko iradokizunak; zure ekarpena formalki baloratzea nahi baduzu, proposamen bihurtu beharko duzu ondorengo atazan. Hemen duzu Unibertsitateen Lege Aurreproiektuaren testu osoa.

Lege-aurreproiektua

Aldaketak iradokitzeko, hautatu edo bi klik egin editatu nahi duzun testuan, eta, ondoren, sakatu "Iradoki aldaketak" botoia.

ZIOEN AZALPENA

I

Unibertsitateek ezagutza aurreratuarekin lan egiten dute. Horixe da ezagutza berria sortzeko (ikerkuntza) darabilten lehengaia. Gainera, ezagutza gizarte osoari ematen diote. Zeharka egiten dute, batetik, unibertsitateetan ikasten dutenen bitartez, aurrerago ezagutza hori beren bizitza profesionalean erabiliko dutelako (prestakuntza); eta, bestetik, zuzenean ere bai, gizartean zabaltzen dutelako eta enpresei, instituzioei eta azken horien mendean dauden zerbitzu publikoei transmititzen dietelako (transferentzia). Beste instituzio batzuek funtzio horiek banaka egiten dituzte, baina beste ezeinek ez ditu aldi berean egiten, unibertsitateek bezala. Ezinezkoa da hiru ildo horietan lan egiten ez duen unibertsitate bat irudikatzea –ikerkuntza, prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia–. Horregatik guztiagatik, unibertsitateak ezinbestekoak dira gizarte aurreratuentzat.

Unibertsitateek inola ere ez dituzte aipatutako eginkizunak begien bistatik galdu behar, funtsezkoak direlako. Dena den, munduko eraldaketa azkarrei ezin diete ez ikusiarena egin –teknologikoei, ingurumenekoei eta gizartekoei, batez ere–, ezta trantsizio horien ondorioz gizartearekin eta komunitatearekin ezinbestean hartu beharreko konpromisoari ere. Beraz, konpromiso horien arabera jokatu behar dute.

Aurrerakuntza teknologikoak unibertsitateko komunitatearen zerbitzura jarri behar dira, unibertsitateak bere eginkizunak hobeto bete ditzan. Ekosistemen eta gizarteen osotasuna arriskuan jartzen duen klima-aldaketak eragindako ingurumen-trantsizioak unibertsitateak interpelatzen ditu, eta konpromiso sendoa har dezaten eskatzen die, ingurumenarekin eta ezagutza aurreratuaren bitartez krisi klimatikoak sortzen dituen arazoei irtenbideak bilatzearekin.

Unibertsitateko prestakuntzak eta hark gizartearen eremu horretako beharrak asetzeko duen gaitasunak gero eta gehiago behar dute eskaintza bizkor egokitzeko sistema malguak edukitzeko gaitasuna, hala masterrei –espezializazio-tresna nagusia baitira–nola errealitate teknologiko, ingurumeneko eta sozial berrietara etengabe egokitzeko eta horiei buruzko ikasketetarako ad hoc prestakuntza-produktuei dagokienez.

Unibertsitateen eta gizartearen harremanek berrikuntzan oinarritu behar dute. Eragile sozial eta instituzionalei ezagutza transferitzearen gaia era integralean jorratu behar da, eragile horiekin ekintzailetza eta elkarlana sustatzeko, harreman-egitura egonkor eta aldi berean dinamikoetan oinarrituta.

Gizateriaren aurrerakundearekiko konpromisoa alde batera utzi gabe eta, are gehiago, xede horrekin bat, unibertsitateek erantzukizuna dute denen ongizatearekin, bizikidetzarekin eta edozein indarkeria mota gaitzestearekin, txertatuta dauden eta haien zerbitzuen xede den komunitatearekin, denentzako eskubide- eta aukera-berdintasunarekin eta kohesio sozialarekin ere. Eta, noski, unibertsitateek beren komunitateen parte direnen ongizatea zaindu behar dute, beren eguneroko lanetan tratu ona eta harremanak zaintzea sustatuz.

II


Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateek historia laburra dute, gure inguru soziopolitiko eta kulturalaren aldean. Oñatiko Espiritu Santuaren Unibertsitatea 1540ean sortu eta 1842an itxi zuten (gero 1895 berriz zabaldu, eta 1901an behin betiko itxi). Lehen euskal unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea izan zen, Bilbon Jesusen Konpainiak 1866an sortua. Euzko Irakastola Nagusia, lehen euskal unibertsitate publikoa 1936an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, nahiz eta 1937ko uztailean itxi behar izan zen. 1969an Bilboko Unibertsitate Autonomoa sortu zen, zenbait urte beranduago (1980) Euskal Herriko Unibertsitatearen ernamuina izan zena. Mondragon Unibertsitatea 1997an eratu zen, Mondragon Korporazioari lotua. Azkena EUNEIZ Unibertsitatea izan da, enpresa-talde batek 2022an Gasteizen sortutako unibertsitate pribatua.

Euskal Unibertsitate Sistema, bere horretan, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko Legea indarrean sartzean eratu zen (otsailaren 25ekoa 3/2004 Legea). Hura osatu zuten unibertsitateak lehendik ere bazeuden, baina 2004ko legeak eman zion bere izaera sistemari, eta haren funtzionamendua antolatzeko oinarriak ezarri zituen. Bi hamarkadako baino gehiagoko ibilbidearen ostean, ametsa zena errealitate bihurtu da, halabeharrez.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten hainbat unibertsitate elkarrekin bizi dira, eta, guztien artean, Euskal Unibertsitate Sistema eratzen dute. Sistema horrek egitura bateratua osatzen du euskal unibertsitate-hezkuntzako zerbitzu publikoa eskaintzeko. Sistema hori koordinatzea lege honen zeregina da. Eta legeak aniztasun horren kontzientzia osoarekin egiten du, unibertsitate publiko batekin eta izaera hori ez duten beste batzuekin. Nolanahi ere, Sistema horretan unibertsitate publikoari dagokion funtsezko zeregina nabarmendu behar da, zerbitzu publikoa benetan emateko erreferente nagusia eta bermatzailea baita. Horrek justifikatzen du erantzukizun handiagoa eta gainerako unibertsitateekin gertatzen ez den finantzaketa nahikoa eta egonkorra izateko konpromisoa.

Sistemarako koordinaziorako organo komunak; plangintzarako oinarrizko tresna, hau da, Unibertsitate Plana; eta ebaluazio- eta egiaztapen-irizpideak eta -estandarrak bateratzeko kalitate-agentzia sortu zirenez, haren funtzionamendua apurka-apurka aldatu da, benetako sistema bilakatu arte. Beste era batera esanda, gaur egun, goi-mailako heziketako zerbitzu publikoa era koordinatuan ematen da, eta sistemaren parte direnek unitate funtzional bereizien moduan jarduten dute, ondo definitutako ezaugarri bereizgarri baina osagarriak baitituzte. Ikasketa-eskaintza osagarria da, bi eratan. Batetik, titulu ezberdinak eskaintzen dira; eta, bestetik, unibertsitate batean baino gehiagotan titulu bera ematen bada, hura ematean uzten duten arrastoa ezberdina da, proiektu akademiko bakoitzak dauzkan xedeak eta ideiek, prestakuntza-proiektuak, testuinguruak eta oinarri sozioekonomikoek definitzen baitute.

Euskal Unibertsitate Sistema bi hamarkadaz garatu ondoren, arauketa berriak ez du haren antolaketan eta gobernantzan aldaketa nabarmenik egin behar. Aitzitik, 2004ko Legeak sistemari emandako tresnak mantendu beharra dago. Are gehiago, sistemaren funtzionamendu bateratua (harmonikoa) indartu ere egin behar da. Hortaz, Euskal Unibertsitate Sistemak egin behar duen ikasketen eskaintzak euskal gizartearen eta haren ehun sozioekonomiko eta instituzionalaren unibertsitateko prestakuntzaren beharrak ase behar ditu, eta erabilgarria izan behar du, ahal den neurrian, ikasleek beraiek hautatutako proiektu profesionala garatzeko diziplinetan prestatzeko aspirazioak asetzeko. Funtzionamendu harmoniko horrek, beraz, enplegagarritasun txikieneko diziplinetan tituludun gehiegi egotea saihestu beharko du.

2004ko arauketak sortutako tresna garrantzitsuenetako bat Euskal Kalitate Agentzia izan zen. Sortu zenetik gaurdaino, funtsezko zeregina duela egiaztatu da, irakasleak ebaluatzeko eta egiaztatzetzako lanagatik zein ikastegien eta titulazioen kalitatea egiaztatzeagatik. Hain zuzen, gure sistemaren kalitate-bermerik handiena da, eta lan hori egiten jarraitu behar du.

2004ko unibertsitate-panoramaren aldean, gaur egungoaren ezaugarri nagusia da gure inguru sozial eta kulturalean gero eta unibertsitate-ikasketen eskaintza zabalagoa dagoela. Itxura guztien arabera, datozen hamarkadetan ere halaxe izango da. Horrexegatik, hain zuzen, lehia handiagoa egongo da goi-mailako prestakuntzako instituzioen artean, are gehiago mendearen lehen hamarkadan ikasle gutxiago erregistratu zela kontuan hartzen badugu, eta, ziur asko, kopuru hori gehiago jaitsiko dela 2030etik aurrera. Testuinguru horretan, kalitatea bermatzea garai batean baino are beharrezkoagoa da. Gainera, gardentasunak askoz garrantzi handiagoa hartuko du. Gero eta inportanteagoa da, eta hala izaten jarraituko du, ikasleek ahalik eta informazio onena izatea eskura dituzten unibertsitate-prestakuntzako instituzioen kalitateari buruz, ikasketak erabakitzeko elementu egokiak edukita hautatzeko. Gardentasuna funtsezkoa da, baina ez ikasleentzat soilik, baizik eta gizarte osoarentzat; izan ere, unibertsitate publikoaren kasuan, bereziki, gizarte guztiak du haren esku jartzen dituen baliabideekin ematen den irakaskuntzaren kalitatea zein den jakiteko eskubidea.

Unibertsitatean emandako prestakuntzaren onura zuzenean jasotzen duen gizarteko sektorea ikasleena da, eta, beraz, gizartean ezinbesteko funtzioa dauka, prestakuntza hori ikasleen garapen pertsonal eta profesionalarentzat ez ezik, gizarte guztiarentzat baliagarria izango baita. Horrenbestez, ikasleei dagokienez, botere publikoak unibertsitate-ikasketak egin ditzaketen guztien aukerak berdintzera egin behar du, bi arrazoirengatik. Batetik, justizia hutsagatik. Eta, bestetik, gizarteak ezin duelako galdu unibertsitate-ikasketak arrakastaz bukatzeko gaitasuna dutenen ekarpena, haien estatus sozial edo ekonomikoa edozein dela ere. Premisa horiei jarraituz erabat justifikatuta dago ikasteko beken eta laguntzen politika irmo eta ondo hornitu bat ezartzea.

Ikusi denez, unibertsitatean ikerketa, prestakuntza eta ezagutzaren transferentzia aldi berean egiten dira, eta elkar elikatzen dute. Horregatik, ezin irudika daiteke unibertsitate izena ondo merezi duen unibertsitate bat prestakuntza eta transferentzia sostengatzeko ikerketarik gabe. Ikerketak unibertsitateko irakasleak kualifikatzen ditu; tresna kognitiboak eta diziplinakoak ematen dizkie haien irakaskuntza unibertsitate-mailakoa izan dadin. Ikertzaileek ikerketaren bitartez beren diziplinaren ikasketa-metodoen ahuldade eta indarguneak eta emaitzak zuzenean ezagutzen dituztenez, jardun horrek beren irakasle-lanaren bereizgarri izan behar duen begirada kritikoa ematen die. Hori da, hain zuzen ere, unibertsitateko ikerketaren izateko arrazoi nagusia. Unibertsitate-lege batek horregatik sustatu behar du kalitatezko ikerketa, eta horrexegatik saiatu behar da hura bermatzen. Eta testuinguru horretan ulertu behar da, hain zuzen ere, unibertsitateko irakasleentzat nazioarteko esperientzia funtsezkoa dela. Izan ere, hoberenekin lan egitean eta haiengandik ikastean lortzen den ezagutza hurbila eta esperientzia da ikerketaren kalitatearen bermerik onena. Hori dela eta, lege-aurreproiektu honek bereziki azpimarratzen du diziplina bakoitzean nazioarteko prestigioa duten unibertsitateetako esperientzia.

Mende-hasierako legedi-erreformetatik indarrean egon den unibertsitate-ereduak bi bide kontsakratu ditu unibertsitateko irakasleen sustapenerako: funtzionariotza eta kontratupekoa. Unibertsitate Sistemari buruzko Lege Organikoak ere bi bide horiek indartu zituen (martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa). Hala eta guztiz ere, irakasle izatera heltzeko era asko daude, eta ez dago garbi zeinek izan behar duen ibilbide akademiko estandarra, batez ere hasieran. Gainera, behin karrera akademikoa hasitakoan, ez dago garbi zeintzuk diren mugarriak, ezta hurrengo mailetara heltzeko itxaron beharreko denbora-tarteak ere. Horregatik guztiagatik, lege-aurreproiektu honetan ereduzko karrera akademiko bat proposatu da: doktoretzarako prestakuntza aldian hasi, nazioarteko unibertsitate prestigiotsu bateko egonaldiarekin jarraitu eta EAEn lanera itzultzeko kontratu batekin bueltatu. Gero, interesdunak, dagozkien probak gainditzen badituzte, laguntzaile doktore gisa hasiko dira lanean, eta, ondoren, behin betiko langile izateko funtzionariotzako edo kontratupeko bidea hautatuko dute.

Lege-aurreproiektu honetan irakasleen kalitateari eta nazioarteko ikerketari eta esperientziari ematen zaion garrantzia dela eta, zentzuzkoa da irakasleen dedikazioa ordainsarien bidez saritzeko legeak ezartzen dituen pizgarriak, ahal dela, irakasleon nazioarteko esperientzia eta ibilbide zientifikoa aitortzera bideratzea.

Eskubideen eta aukeren berdintasunak eta aitortzak, besteak beste, helburu unibertsal bat izan behar du: pertsona guztiek aurrerapen intelektual, profesional eta sozialerako aukera berberak izan behar dituzte. Unibertsitate-eremuan, eta bestelako diskriminazio-iturriak hargatik gutxietsi gabe, generoagatiko diskriminazioak ditu ondoriorik makurrenak, batez ere alor jakin batzuetan. Hori dela eta, lege-aurreproiektuak arrakala horiek murriztera eta emakumeen eta gizonen ibilbide akademikoak bidezko baldintzetan garatu ahal izatea bermatzera bideratutako politikak aurreikusten ditu. Esparru horretan, funtsezkoa da genero-ikuspegidun ikerketa indartzea eta curriculum akademikoan erabat txerta dadin sustatzea, ikasleak hasieratik tresna kritikoak sar ditzan desberdintasunak identifikatzeko eta eraldatzeko. Era berean, unibertsitateek eta sistemak, oro har, aurrera egin behar dute antolaketa-aldaketa kultural sakon baterantz. Aldaketa horrek gai izan behar du errotutako joerak zalantzan jartzeko, praktika inklusiboagoak sustatzeko eta berdintasuna irakaskuntzan, kudeaketan eta ekoizpen zientifikoan zeharkako printzipioa dela ziurtatzeko.

Unibertsitateen kudeaketak, administrazioak eta zerbitzuek dagoeneko eraldaketa handia jasan dute, eta etorkizun hurbilean askoz ere handiagoa izango da. Batetik, gure unibertsitate-ingurua konplexuagoa bihurtu delako; eta, bestetik, eginkizun batzuek indarra galtzearekin batera, beste batzuen garrantzia handitu delako; azkenik, gure gizarteak bizi duen eraldaketa digitalak unibertsitate-inguruneari zuzen-zuzenean eragiten diolako ere bai. Antolakuntzaren, teknologiaren eta instituzioen arloko konplexutasun handiko testuinguru honetan, teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek ez dituzte irakaskuntza-, ikerkuntza- eta transferentzia-eginkizunei laguntzeko edo eusteko funtzioak bakarrik egiten; ezinbesteko eragileak dira unibertsitatearen antolamendurako eta haren funtzionamendurako.Unibertsitate-zerbitzu osoaren kalitatea asko baldintzatzen du teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langile konprometituak, egonkorrak eta behar bezala kualifikatuak edukitzeak, espezializatzeko gaitasuna eta garapen profesionalerako ibilbide argiak eta unibertsitatearen helburu estrategikoekin lerrokatuak dituztenak. Haien funtzioa oso garrantzitsua da, eta gero eta funtsezkoagoa izango da ikerketari eta berrikuntzari laguntza teknikoa emateko, beste herrialde batzuetako langileei eta ikasleei bidelaguntza eta harrera eskaintzeko, baita gero eta malguagoak eta konplexuagoak izan behar duten egiturak kudeatzeko ere. Prozesu eta lan horietan parte hartzen dutenek une bakoitzean bete beharreko funtzioetarako tresna teknologikorik eguneratuenak eta egokienak erabili beharko dituzte. Eta, hori guztia egiteko, goi-mailako prestakuntza beharko dute lan-bizitza osoan zehar.

Nazioarteko ikerketa lehiakorrean oinarritutako kalitatezko-prestakuntzak baliabide ekonomikoak behar ditu. Orain arte Euskal Unibertsitate Sisteman hartutako bideari jarraituz, finantza-kontuak ezberdin tratatu behar dira unibertsitate publikoan eta publikoak ez direnetan. Unibertsitate publikoarekin zein publikoak izan ez arren interes sozialekoak direnekin programa-kontratuen figura erabiliz, administrazioak baliabide ekonomikoak bidera diezazkieke interes orokorreko irizpideekin bat datozen jarduerak gara ditzaten.

EAEko Administrazio Orokorrak unibertsitate publikoan duen erantzukizuna askoz zabalagoa da, unibertsitateko bizitzaren eremu guztietara iristen baita ia. Jarduera akademikoak normaltasunez egiten direla bermatu behar du –irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia–, eta, horretarako, finantzaketa nahikoa bideratu behar du, jarduera-maila adierazteko irizpideen araberakoa, hau da, ikasle-kopuruaren, tituluen eskaintzaren zabaleraren eta abarren neurrikoa. Hala ere, behin nahikotasuna bermatuta, unibertsitateak berak finantzaketa osagarria lortzea sustatuko duten mekanismoak ezarri behar dira.

Horrez gain, finantzaketa-bide berriak sortu behar dira –endowment delakoen antzekoak–, eta, horretarako, funts horiek hornitzeko pertsona fisiko eta juridikoen dohaintzentzako tratamendu fiskal desiragarria ezarri beharko litzateke. Lege-aurreproiektuak jarduketa-ildo hori ere jasota du bere artikuluetan. Bestelako finantzaketa-bide batzuk ez dira gutxietsi behar, dena den; esaterako, ikerketa-zerbitzuak eta prestakuntza espezializatuak, patenteak erregistratzea eta saltzea, eta abar.

III

Nahiko neurri apalak dituen arren, euskal unibertsitate-sistemaren ezaugarri nagusia heterogeneotasuna da. Ezaugarri horrek aberastu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako hezkuntza-sistema eta -eskaintza. Hala ere, multzoak modu koordinatuan eta harmonikoan jardun behar du, eta, horretarako, erakunde komunek funtsezko zeregina dute.

Hain justu ere, horixe da lege-aurreproiektu honen helburuetako bat: sistema osatzen duten unibertsitateen jardun bateratu eta koordinatua antolatzea eta planifikatzea, gure gizartearen beharrak asetzeko, kalitate goreneko estandarrei jarraituz.

Sistema ez da itxia, eta ezin du izan. Unibertsitate berriak sortu edo errekonozitu daitezke sistemaren parte izateko. Halako kasuetarako, lege-aurreproiektuak etorkizuneko unibertsitateak txertatzean sistema osoaren kalitatea betikotzeko parametroak zehazten ditu.

Gure autonomia-erkidegoan beste erkidego batzuetako unibertsitateetako ikastegiak ere jar daitezke, baita beste estatu batzuetako titulu ofizialak emateko atzerriko unibertsitateak ere. Lege-aurreproiektu honek bi elementu berri gehitu ditu halako gertakariek prestakuntzaren eskaintzan distortsiorik edo ezegonkortasunik sor ez dezaten: haien beharraren eta bideragarritasun sozial eta akademikoaren analisi bat; eta haien kalitateari buruzko Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren txosten bat. Horiekin, Eusko Jaurlaritzak behar bezala justifikatuta erabaki beharko du Euskadin ezartzeko baimena ematen edo ukatzen dien.

Euskal Unibertsitate Sistema definitzen duten ezaugarrietatik bigarrena euskararekiko, hau da, geure hizkuntzarekiko, konpromiso saihetsezina da. Lege-aurreproiektu honek, aurreko legeak bezalaxe, ahaleginak egiten ditu euskara irakaskuntzaren, gaztelaniarekin batera, ikerkuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren bideratzaile izan dadin. Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa Euroeskualdeak (NAEN) euskararen unibertsitate-espazio edo -lurralde bat ezartzeko apustua egin du, unibertsitateetako ikasleek eta langileek jarduera eta proiektu akademikoak parteka ditzaten, euskara lotura nagusi izanik, baina ez lotura bakar.

Euskal Unibertsitate Sistema, hain zuzen ere, nortasun propiodun sistema bat da, txikia tamainaz eta heterogeneoa bere formaz, baina nazioartean proiekziodun unibertsitate-ingurune bihurtzeko nahia dauka. Hala jaso zuen 2004ko legeak, eta egungoaren zutabeetako bat da. Duela hogei urte, helburua Europako Goi Mailako Hezkuntzako Esparruan sartzea zen. Apustu hark fruituak eman ditu, bai arrakasta handiz eman ere, eta lege-aurreproiektuak ildo horri jarraitzen dio, are indar gehiagorekin. Europan aliantzak egiteko eta kanpora proiektatzeko eredua bultzatzen jarraitu da, eta, horrek, batetik, lege-aurreproiektu honek arreta handiz jorratutako nazioartekotze-prozesua hobetzea eskatzen du, eta, bestetik, erraztu egiten du.

Nazioartekotzeak, Euskal Sistema eta gizarte osoa aberasteaz gain, beste xede bat du, lege-aurreproiektu honen interesekoa: talentudun pertsonak bi bidetatik lortzea. Lehenbizikotik, espero da gure sistemako irakasleek beren prestakuntza-bidean nazioarteko ikastegi akademikoetan edo ikerketa-zentroetan egonaldiak egitea, eta, horretarako, lege-aurreproiektu honek atzerriko esperientzia hori prestakuntza-curriculumean sartzen du. Bigarrena EAEtik kanpoko unibertsitate- edo ikerketa-sistemetatik datozen kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko borondatean datza. Lege-aurreproiektu honek, ildo horretan, zenbait aurreikuspen egin ditu nazioartean prestigio handia duten pertsonak EAEko unibertsitateetara etortzea eta hurbiltzea errazteko.

Laburbiltzeko, lege-aurreproiektu honen helburua euskal unibertsitate-sistema propioaren antolamendua eta garapena sakontzea eta aurreratzea da, kalitate- eta nazioartekotze-premisa garbi batzuei jarraituz, euskal gizartearen zerbitzura beti.

IV

Lege hau egitura garbi eta ordenatuarekin diseinatu da, errazago uler eta aplika dadin, eta egitura horrek legearen bi helburuei jarraitzen die: batetik, Euskal Unibertsitate Sistema antolatzea eta koordinatzea, eta, bestetik, EAEn egiten den unibertsitate-jarduera arautzea.

Lehen helburuari dagokionez, lege-aurreproiektuaren antolaketak mailakako logika bati jarraitzen dio, I. titulutik IX. titulura: hasteko, Euskal Unibertsitate Sistema inspiratzen duten printzipio orokorrak ezartzen ditu; gero, bere funtsezko eginkizunak eta kalitate-mekanismoak arautzen ditu; eta gobernantzari, plangintzari eta araubide ekonomikoari lotutako alderdiak jorratzen ditu ondoren. Amaitzeko, Euskal Sistemako unibertsitate publikoarentzako eta ez publikoentzako araubide bereziak lantzen ditu.

Bigarrenari dagokionez, aldiz, lege-aurreproiektuak X. tituluan Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den unibertsitate-jardueraren esparru juridiko orokorra garatzen du.

Sekuentzia horri esker, arauketa-bloke bakoitza aurrekoari lotuta uler daiteke, eta horrek sistemaren ikuspegi koherente eta osatua ematen du. Xede horrekin, legeak atariko titulu bat eta hamar titulu ditu, baita xedapen gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaileak eta azken xedapenak ere.

Atariko Tituluak manuaren oinarrizko arau-esparrua zehazten duten xedapen orokorrak jasotzen ditu.

  1. tituluak . Euskal  Unibertsitate Sistemaren helburua eta printzipioak ezartzen ditu.

  2. tituluak unibertsitateen funtsezko eginkizunak arautzen ditu, hiru kapitulutan: irakaskuntza-eginkizuna, ikerketa-eginkizuna eta ezagutza transferitzekoa.

  3. tituluak Euskal Unibertsitate Sistemaren bereizgarri izan behar duten funtsezko hiru ezaugarri jorratzen ditu: kalitatea, nazioartekotzea eta konpromiso soziala; eta eremu bakoitzak bere kapitulu espezifikoa du.

  4. tituluak sistemaren gobernantza ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta kide anitzeko partaidetzazko organoen zereginak barne.

  5. titulua sistema planifikatzeaz arduratzen da, sare osoaren gakoa baita.

  6. tituluak unibertsitateen araubide ekonomiko eta finantzarioa arautzen du, unibertsitate publiko zein ez publikoei aplikatu beharrekoa.

  7. tituluak ikasleek eta unibertsitateen zerbitzurako langileek osatutako unibertsitateko komunitatea jorratzen du, hura zaintzeari arreta berezia jarriz.

  8. tituluak unibertsitate publikoaren araubide juridiko, ekonomiko eta antolakuntzazkoa garatzen du; besteak beste, haren gobernantza, aurrekontua, kontratazioa, irakasleak eta ikertzaileak, eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  9. tituluak publikoak ez diren Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen araubide espezifikoa arautzen du.

  10. tituluak Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-zerbitzua emateko araubide juridikoa ezartzen du; eta, Euskal Sistemako unibertsitateez gain, aplikagarria zaie Euskadin kokatutako ikastegi guztietan egindako unibertsitate-eginkizun guztiei, estatuaren eskumenekoak direnak salbu.

Azkenik, legea xedapen gehigarri batek, hainbat xedapen iragankorrek, xedapen indargabetzaileak eta azken xedapenek osatzen dute, ongi aplikatzen eta egokitzen dela bermatzeko.

V

Aurreproiektu hau izapidetzean Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Legeari jarraituko zaio (ekainaren 30eko 6/2022 Legea), eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren Legearen (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa) 16. artikuluko euskal eskumenaren abaroan egin da.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea

Lege honen xedea da Euskal Unibertsitate Sistema antolatzea eta koordinatzea, haren garapena sustatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateko prestakuntza-jardueren araubide juridikoa arautzea, estatuaren eskumeneko ezaugarri bereziko unibertsitateak salbu.

Hori guztia egiteko, aintzat hartu da hezkuntza-sistema nazional bat edukitzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eskubidea, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren Lege Organikoaren (abenduaren 18ko 3/1979 Legea) 16. artikuluan aitortutako eskumenak erabili dira, unibertsitateen autonomia eta Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua erabat errespetatuz.

2. artikulua. Euskal Unibertsitate Sistema

  1. Euskal Unibertsitate Sistemak unibertsitateko hezkuntzaren zerbitzu publikoa ematen dio euskal gizarteari, irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta ezagutzaren transferentziaren bitartez.

  2. Euskal Unibertsitate Sistema hala antolatuta dago hura osatzen duten kideek koordinatuta eta plangintza baten arabera joka dezaten, goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoa emateko. Xede horrekin, irakaskuntza-, ikerketa- eta transferentzia-funtzioek askotarikoak eta osagarriak izan behar dute, eta sistemak, oro har, harmoniaz funtzionatu behar du.

  3. Euskal Unibertsitate Sistema honako unibertsitate hauek eta beren eginkizunak garatzeko dauzkaten ikastegi eta egiturek osatzen dute:
     

    1. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea,

    2. Deustuko Unibertsitatea,

    3. Mondragon Unibertsitatea,

    4. Euneiz Unibertsitatea.

    5. Etorkizunean Eusko Legebiltzarrak sortu edo errekonozituko dituen Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate publikoak eta ez publikoak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ere unibertsitate-sistemaren parte da, unibertsitateen alorreko sail eskudunaren eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren bitartez.

3. artikulua. Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako unibertsitate-irakaskuntzako jardueren araubide juridikoa.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio EAEn egiten den unibertsitate-jarduera orotan unibertsitateko hezkuntzaren arloko estatuko oinarrizko araudia garatzea eta era esklusiboan betearaztea, salbu eta estatuaren eskumen exekutiboko ezaugarri bereziko unibertsitateetan.

  2.  Ezein pertsona fisikok zein juridikok, nazionalek zein atzerrikok, ezingo du legeak unibertsitateentzako erreserbatutako jarduerarik egin araudi honetan ezarritako legezko egintzak eta egintza administratiboak lortu ezean; ezta unibertsitateentzat eta haien ikastegi, organo edo ikasketentzat erreserbatutako izendapenik erabili eta publizitatu ere, eta nahasmendurik sor dezaketen beste edozein ere ez.

4. artikulua. Unibertsitate-autonomia

  1. Unibertsitatearen autonomia askatasun akademikoan oinarritzen da, eta ikasketa-, ikerketa-eta katedra-askatasuna dira askatasun horren adierazgarri. Unibertsitatea osatzen dutenek gizartearen prestakuntza-beharrak, behar zientifikoak eta profesionalak asetzeko beren ardurak betetzea ahalbidetzen du.

  2.  Unibertsitateen autonomia legeen eta horiek garatzen dituzten arauen, eta unibertsitateen beraien estatutuen eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauen esparruan gauzatuko da. Berezkoak dituzten eginkizunen eremuan, unibertsitateei dagokie legeetan eta horiek garatzeko erregelamenduetan arautu gabe dauden eta beste organo edo instituzio batzuen eskumenekoak ez diren gaiak arautzea eta erregelamenduz garatzea.

  3. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, beren autonomia erabiliz, ahalegina egin beharko dute kalitate handiko zerbitzu publikoa emateko, hura gardentasunez kudeatzeko eta gizarteari beren bitartekoen eta baliabideen erabilerari buruz kontu emateko.

5. artikulua.- Unibertsitate eleaniztuna. Euskararen lurraldeak

  1. Euskal Unibertsitate Sistema eleaniztuna da, eta euskara da bere hizkuntza propio eta ofiziala, gaztelaniarekin batera; gainera, atzerriko komunikazio-hizkuntza bat ere izango du, gutxienez, jarduera jakin batzuetarako.

  2. Botere publikoek euskal kulturaren ezagutza eta euskararen erabilera bultzatu behar dute, baita hura belaunaldien artean transmititzea ere, unibertsitatearen eremu guztietan.

  3. Botere publikoen erantzukizuna da unibertsitateko irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko eskubidea benetan betetzen dela bermatzea eta ziurtatzea, eta horretarako beharrezkotzat jotzen dituzten arauak ezarriko eta neurriak hartuko dituzte, unibertsitate-politika orokorraren barnean.

  4. Xede horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoak, euskararen eremu geografiko eta kulturalaren parte denez, ahalegin berezia egin behar du unibertsitate-ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleek hala egin ahal izan ditzaten.

  5. Euskal Sistemako unibertsitateek zientziarako erabiltzen diren beste hizkuntza batzuen ezagutza sustatuko dute, eta haien erabilera jarduera akademikoetan txertatuko dute.

I. TITULUA. EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN HELBURUA ETA PRINTZIPIOAK

6.  artikulua. Euskal Unibertsitate Sistemaren helburua

  1. Euskal Unibertsitate Sistemaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitate-jarduera antolatzea, bultzatzea eta koordinatzea da, kalitate handikoa eta gizartearen beharretara egokitua izan dadin.

  2. Zerbitzu publikoa ematean, Euskal Unibertsitate Sistemak ziurtatu beharko du bere jarduerak ekarpena egiten diola gizartearen garapen ekonomiko, zientifiko eta kulturalari eta herritarren ongizateari.

  3. Unibertsitateen arloko sail eskuduna arduratuko da inor unibertsitatean sartzetik baztertuta ez gelditzeaz arrazoi ekonomikoengatik, askatasun ezagatik, osasun-arazoengatik, desgaitasunagatik, behar bereziengatik edo bere funtsezko eskubideak urra ditzakeen beste ezein inguruabarrengatik.

7. artikulua. Euskal Unibertsitate Sistemaren harremanak

  1. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, euskararen lurralde-eremuaren parte direnez, euskal hizkuntza eta kultura partekatzen duten lurraldeetan kokatutako beste unibertsitate-instituzio batzuekiko elkarlan- eta koordinazio-harremanak sustatuko dituzte, lehentasunez.

  2. Unibertsitate-instituzioen arteko harremanek ikasleen, irakasleen eta ikerlarien zirkulazio askea erraztu behar dute, baita prestakuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta unibertsitate-hedapeneko jarduerak koordinatzea ere. Ondorioz, instituzio horietako ikasketak automatikoki aitortzea sustatuko da.

  3. Halaber, unibertsitateek, berezkoak zaizkien funtzioen esparruan, lankidetza eta elkarlana sustatuko dute goi-mailako hezkuntzako eta ikerketako beste instituzio batzuekin –bereziki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko entitateekin– sektore publikoko organismoekin, enpresekin eta bestelako eragile ekonomiko eta sozialekin, eta gizarte zibileko antolakundeekin.

8. artikulua. Euskal Unibertsitate Sistemaren printzipioak

  1. Euskal Unibertsitate Sistemaren printzipioak dira honako hauek, hala badagokio, oinarrizko araudi aplikagarrian jasota daudenez gain: 

    1. Jatorriagatik, sinesmenagatik, generoagatik edo sexu-orientazioagatik ez diskriminatzea.

    2.  Emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna unibertsitateko eremu eta eginkizunetan, eraginkortasuna frogatuta duten neurrien bitartez, genero-ikuspegia zeharka txerta dadin gobernantzan, irakaskuntzan, ikerketan eta unibertsitateko bizitza instituzionalean, berdintasunarekin konprometitutako sistema sendotuz.

    3. Jardueren kalitate eta erantzukizun handia; horiek bermatuko dira nazioartean homologa daitezkeen irizpide oinarritutako ebaluazio- eta egiaztapen-metodoen bitartez eta merezimenduak eta gaitasunak baloratzeko irizpide kuantitatiboen ordez kualitatiboak lehenetsiz.

    4.  Bizikidetza, adierazpen askean, ideien eztabaidan, besteen iritziekiko errespetuan eta indarkeria-modu ororekiko intolerantzian oinarritzen dena.

    5.  Ikasleak prestatzen eta alor intelektualean gaitzen dituen irakaskuntza, herritarrak bizi osoan prestatzen laguntzen duena eta espiritu kritikoa sustatzen eta babesten duena.

    6.  Askatasunaren, elkartasunaren, partaidetzaren, herritartasun osoaren eta ingurumena zaintzearen balio demokratikoetan oinarritutako prestakuntza.

    7. Jakintza-alor guztietan abangoardiako ezagutza sortzeko eta zabaltzeko ikerketa-jarduera; zuzentasunez eta arduraz egina; eta gizarte oparoago, kohesionatuago eta demokratikoago baten zerbitzura emana.

    8. Goi-mailako jakintza sortzean datzan berrikuntza-jarduera, gizartean inpaktua sortzeko, horretarako egokiak diren jakintza-alorretan.

    9.  Mundura zabalik egotea, hau da, beste latitude edo kultura batzuetatik datozenekin ezagutza partekatzeko eta haiengandik ikasteko prest egotea; alegia, eremu instituzionalean nazioartean lankidetzan aritzea eta elkartasunez jokatzea, unibertsitateko komunitateko kideen nazioarteko mugikortasuna sustatzea eta beste unibertsitateko komunitate batzuetatik datozenei harrera egitea.

    10. Sistemako eragileen artean konfiantza-printzipioa aplikatzea eta, horretarako, lankidetzan aritzea, elkarrekiko konfiantzan eta besteen eskumenen eremua errespetatzean oinarrituta. Printzipio horretatik dator eragileen jarduketen zuzentasunaren, egiazkotasunaren eta fede onaren presuntzioa; eta, horri esker, bakoitzak bere eskumenak erabiltzea errazten da eta alferreko kontrolak, kargak edo egiaztapenak saihesten dira.

    11. Baliabideen kudeaketa efiziente, arduratsu eta gardena, haien erabilerarik onena ziurtatzeko, eta unibertsitateko komunitatearen partaidetza duena; kudeaketa modernoa, burokrazia aktiboki murriztu nahi duena eta posible den orotan konfiantza-printzipioa aplikatzen duena.

    12. Komunitateko kideen ongizatea, ingurune osasungarriak, inklusiboak eta partaidetzazkoak sustatuz.

    13. Pentsamendu kritikoa; eskuragarri dagoen jakintza onenean, iturriak kontrastatzean eta pentsamendu- eta adierazpen-askatasuna eta pluralismo epistemiko eta ideologikoa errespetatzean oinarritua.

    14.  Unibertsitate-eremuak konexio eta harreman arina izatea gainerako hezkuntza-mailekin, eragile sozial eta ekonomikoekin eta izaera sozialeko entitateekin.

    15. Diziplinen muga tradizionalak gainditzea, eta, horretarako, diziplinartekotasuna, talentu zientifikoaren aintzatespena eta ezagutza kontrastatuan oinarritutako berrikuntza pedagogikoa sustatzea.

    16.  Euskal gizartearen behar, erronka eta aspirazioekiko eta ongizate komunarekiko konpromiso aktiboa.

  2. Euskadin egiten den unibertsitate-jarduera guztia baimentzeko eta kontrolatzeko, printzipio horiei jarraituko zaie.

9.  artikulua. Eraldaketa eta berrikuntza

  1. Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten instituzio guztien jarduera eskuragarri dagoen teknologiarik onena erabiliz berritzea, eraldatzea eta hobetzea sustatuko da, zerbitzu publikoa eraginkortasunez eta efizientziaz emateko, funtsezko eskubideak, segurtasun juridikoa eta zibersegurtasuna errespetatuz.

  2.  Sistemako eragile guztiek era proaktibo eta pertsonalizatuan ahalegina egingo dute karga administratiboak txikitzeko, izapideak ezabatzeko eta prozedurak bizkortzeko eta arrazionalizatzeko, horretarako tresna teknologiko egokienak erabiliz eta konfiantza-printzipioa aplikatuz.

  1. Tresna, plataforma, metodologia eta prozedura teknologikoek elkarreragingarriak, seguruak eta, ahal dela, irekiak izan beharko dute, eta erabiltzaileek horiek aplikatzeko behar beste prestakuntza jasoko dute.

II. TITULUA. UNIBERTSITATEEN EGINKIZUNAK

10.  artikulua. Unibertsitateen eginkizunak

  1.  Irakaskuntza, ikerketa eta ezagutzaren transmisioa Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eskaini behar duten zerbitzu publikoaren funtsezko parte dira.

  2. Eginkizun horiek kalitate handiko estandarrei jarraituz bete beharko dira.

  3.  Unibertsitate-organoek euskara unibertsitate-eremuan beren eginkizunak betetzeko erabilera normal eta orokorreko hizkuntza gisa erabiltzea sustatuko dute.

1.  kapitulua.- Irakaskuntza-eginkizuna

11. artikulua.- Irakaskuntza

Irakaskuntza unibertsitateen funtsezko eginkizun bat da, eta ahalik eta ezagutzarik onena erabili, pentsamendu kritikoa bultzatu eta kualifikazio handiko profesionalentzat balio izan beharko du.

12. artikulua.- Eskaintza akademikoa

  1.  Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetan irakaskuntzak ezartzearen eta ematearen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako behar akademiko eta sozialak asetzea izango da, eragile instituzionalek, sozialek eta ekonomikoek adierazitakoak, hain zuzen; baita ikasleen nahiak eta ehun sozioekonomikoaren beharrak asetzea ere, Unibertsitate Planean ezarritako moduan.

  2.  Txosten eta baimenak ematean, unibertsitateen arloko sail eskudunak aurreko apartatuan ezarritakoa betetzen dela ziurtatuko du, eta sistema osoko unibertsitateen hezkuntzako eskaintzak gizarteak behar dituen kualifikazio handiko langileen beharrak asetzen laguntzen duela; gainera, sistemak eskainitako ikasketa ofizialen arteko osagarritasuna eta harmonia zainduko du.

  3.  Ikasketen eskaera edozein dela ere, Euskal Unibertsitate Sistemak, graduko ikasketa ofizialen eskaintza egonkorra bermatuko du Euskadin prestakuntza integralerako, kultur-ondarerako edo ezagutzaren aurrerapenerako funtsezkoak diren diziplinetan.

13. artikulua. Irakaskuntzen ezaugarriak

  1.  Unibertsitateek titulu ofizialak edo propioak lortzeko unibertsitate-irakaskuntzak emango dituzte, indarreko araudiak ezarritako moduan.

  2. Bizi osoko prestakuntza ere eskainiko dute.

  3.  Ikasketak aurrez aurre -lehentasunezkoa izango da-, birtualki, modu hibridoan edo bestelakoetan eman ahalko dira, baldin eta era horiek eraginkorrak eta kalitatezkoak direla frogatzen bada.

  4.  Botere publikoek prestakuntzako euskarazko eskaintza bultzatzen duten programak sustatuko dituzte.

  1.  Unibertsitateek ikasketa praktikoa jarduera profesionalera egokitzea erraztuko dute, horretarako diseinatutako formulen bitartez.

14. artikulua.- Goi-mailako ikasketa espezializatuak

  1.  Eusko Jaurlaritzak ikasketa espezializatuak –ofizialak edo prestakuntza iraunkorrekoak–edo maila akademiko handiko ikasketak emateko unibertsitateak edo unibertsitate-ikastegiak sustatu ahalko ditu. Ikastegiak edo unibertsitateak daukaten xederako forma juridikorik eta antolakuntzako formarik egokienarekin sortuko dira, oinarrizko araudian ezarritako moduan.

  2.  Unibertsitate-ikastegi edo unibertsitate horietan beren ikerketa-ibilbideagatik edo eremu profesionaleko lanagatik nazioartean itzal handia duten irakasleak lan-kontratupean kontratatzea sustatuko da.

15. artikulua.- Ikasketak batera emateko hitzarmenak.

  1.  Unibertsitate-sistemako unibertsitateek beste entitate batzuekin unibertsitateko tituluak batera diseinatzea eta garatzea adostu ahalko dute, interes orokorreko eta sare ekonomiko edo sozialaren prestakuntza-beharrak asetzeko. Kudeaketa akademikoaz unibertsitateak arduratuko dira.

  2.  Horretarako sinatutako hitzarmenetan zehaztuko da ikasketa-planen edukiari eta osaerari buruz –kalitate-irizpideen araberakoak izan beharko dutenak– erabakiak zer metodoren bitartez hartuko diren.

  3.  Unibertsitateek era horretan emandako tituluetan berariaz adierazi beharko da entitateak parte hartu duela.

16.  artikulua. Beste maila batzuetako irakaskuntzarekiko harremana

Botere publikoek goi-mailako hezkuntzako modalitateen arteko bateragarritasuna eta osagarritasuna bermatuko dute, bakoitzaren espezifikotasuna hargatik eragotzi gabe. Halaber, hirugarren hezkuntzako modalitateen artean kredituak baliozkotzea eta aintzatestea sustatuko da, Lanbide Heziketatik unibertsitate-ikasketara igarotzea barne.


2.  kapitulua.- Ikerketa-eginkizuna

17. artikulua. Ikerketa

  1. Ikerketa unibertsitateen funtsezko funtzio bat da, abangoardiako ezagutza sortzera, emaitzak irakaskuntzara eta ingurune sozioekonomiko eta instituzionalera transferitzera, eta gizartean zabaltzera bideratua.

  2. Ikerketa-jarduera ezin bereiz daiteke unibertsitateko irakaskuntza-jardueratik.

  3. Unibertsitateko ikerketaren emaitzetara sarbide irekia ematea sustatuko da.

18.  artikulua. Ikerketa itundua eta kolaboratiboa

  1.  Beste entitate publiko edo pribatu batzuekin edo organismo zientifikoekin eta, bereziki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko gainerako zentroekin ikerketa bateratuak egitea sustatuko dute unibertsitateek eta botere publikoek.

  2.  Unibertsitateek, itunen edo bestelako akordio formalen bitartez, unibertsitate arteko sareak sortu ahalko dituzte aurreko puntuan aipatutako ikerketak egiteko. Sare batean parte hartzen duten unibertsitateek adostuko dituzte haren gobernantza-mekanismoak.

19. artikulua. Ikerketaren ezaugarriak

  1. Euskal Sistemako unibertsitateetan egindako ikerketa kalitate-maila gorenetara heltzen saiatuko da, etikoa eta gizartearekiko arduratsua izango da, eta haren gidari eta egileek zuzentasunez jardun beharko dute.

  2. Ikerketa esanguratsua, zorrotza, nazioartean aitortua, kontrastagarria eta irekia izango da, eta ebaluatu egingo da.

  3. Ikerketa-askatasuna aitortzen da ezagutza-alor guzietan, legez ezarritako mugen eta muga deontologikoen barruan.

  4. Inpaktu soziala sortzeko helburua duen abangoardiako ikerketa sustatuko da, baina ezagutza interes zientifikoagatik egindakoa eragotzi gabe.

  5. Diziplina anitzeko ikerketarako oztopoak kenduko dira.

20. artikulua. Ikerketaren aitortza

  1. Ikerketa karrera akademikoko sustapenerako betekizuna eta merezimendua izango da; horretarako, ikerketaren esanguratsutasuna eta kalitatea merezimendu akademikoak metatzeari gailenduko zaio.

  2. Ordainsarien ondoreetarako, kontzeptu ebaluagarritzat joko dira Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako irakasleek eta ikertzaileek egindako goi-mailako ikerketa-jarduerak.

21. artikulua. Unibertsitateko ikerketaren egitura: ikerketa-taldeak

  1.  Unibertsitateko komunitateko kideek beraien kabuz egin ditzaketen ikerketak gorabehera, ikerketak ikerketa-taldeetan, sailetan, institutuetan eta unibertsitateko bestelako ikerketa-unitateetan egingo dira, ahal dela; baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentroetan edo aurrekoetako edozeini formalki lotutako entitateetan ere.

  2.  Ikerketa-taldeak sail bakarreko langileek osatu ahalko dituzte, edo, bestela, diziplina artekoak ere izan ahalko dira. Halaber, taldeetan Euskal Unibertsitate Sistemako edo Espainiako zein atzerriko edozein unibertsitatetako irakasleak eta ikertzaileak ere egon ahalko dira.

22. artikulua. Ikerketa-zentroak

Unibertsitateek ikerketa-zentro propioak sortu ahalko dituzte estrategikotzat edo interes berezikotzat jotzen dituzten alorretan, autonomia edo independentzia funtzionala bermatzen duten formulak erabiliz.

3. kapitulua- Ezagutza transferitzeko eginkizuna

23. artikulua. Unibertsitateetan sortutako ezagutza zientifikoa, ondasun komuna

  1.  Unibertsitateen funtsezko eginkizun bat ezagutza gizarteari zuzenean transferitzea da; eta jakintza, ikerketaren emaitzak eta sektore publikoetan, enpresetan, hirugarren sektorean eta, oro har, gizartean dituen aplikazioak transmititzean datza.

  2.  Euskal Sistemako unibertsitateetan sortutako ezagutza zientifikoa ondasun komun bat da, eta era irekian, zorroztasunez eta egiazkotasunez zabaltzea sustatu beharko da, ezagutza hori konfidentzialtasun-klausulen mende dagoenean edo haren zabalpena autore-eskubideengatik eta jabetza intelektual edo industrialarengatik mugatuta dagoenean izan ezik.

  1.  Unibertsitateen arloko sail eskudunak Euskal Sistemako unibertsitateetako langileek eta ikertzaileek egindako lanetik sortutako ezagutza gizartean zabaltzea sustatuko du.

24.  artikulua. Zientzia Irekia: guzientzako ezagutza zientifiko irisgarria

  1. Euskal Sistemako unibertsitateetako irakasleek eta ikertzaileek azkenean argitaratzeko onartutako dokumentuaren bertsio bat sarbide irekiko gordailu instituzionaletan edo tematikoetan utziko dute. Nahitaezkoa izango da ikerketaren funts gehienak publikoak izan badira, eta ikerketaren datuak eta emaitzak jasoko dira bertan.

  2. Unibertsitateen arloko sail eskudunak horretarako gaitutako bideen bitartez sustatuko eta erraztuko du era horretan lortutako ezagutzarako irispidea.

25.  artikulua. Ezagutza enpresei, instituzioei eta hirugarren sektoreari transferitzea

Eusko Jaurlaritzak eta unibertsitateek behar diren neurriak hartuko dituzte unibertsitateko ikerketa eta ehun sozioekonomikoa lotzeko, unibertsitateetan sortutako ezagutza eta berrikuntza zientifiko eta teknologikoa transferitzen dela bermatzeko eta emaitzek euskal gizartearen beharrak asetzea errazteko.

26.  artikulua. Ezagutza gizartean zabaltzea

  1.  Ezagutza gizartean zabaltzeko, dibulgazio zientifikoa sustatuko da, hau da, goi-mailako ezagutza herritar guztiei hurbiltzeko jardueren multzoa.

  2.  Unibertsitateetan sortutako ezagutza herritarrei hizkera irisgarrian zabalduko zaie, aitortza publikoa eta prestigio soziala handitzen laguntzeko.

  3.  Unibertsitateen arloko sail eskudunak eta unibertsitateek askotariko jardunbide inklusiboak sustatuko dituzte ezagutza gizartean transferitzeko eta zientziari ikusgaitasuna eta unibertsitateei beraiei prestigioa emateko.

  4. Ezagutza gizartean zabaltzeko jardueretan euskara erabiltzea sustatuko da.

  5.  Unibertsitateetako liburutegiek herritarrei beren fitxategietara sartzen utzi beharko diete, beren funtsak babesteko eta kontserbatzeko egoki iritzitako irizpideen arabera.

27.  artikulua. Unibertsitateko ekintzailetza

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek ekintzailetzaren kultura sustatuko dute, ezagutza eta berrikuntza gizarteari transferitzeko tresna gisa; unibertsitatean landutako ezagutzatik eratorritako enpresak sortzea bultzatuko dute; eta langileek ekintzailetzako ekimen horietan parte hartzea sustatuko dute. Horretarako, langileek beren eginkizun akademikoekin bateragarria dela eta beren lan-eskubideak babesten direla bermatu beharko dute.

III. TITULUA.KALITATEA,INTERNAZIONALIZAZIOAETA KONPROMISOA.

28.  artikulua. Eginkizunak betetzea

Euskal Unibertsitate Sistemaren funtzioak kalitate, nazioartekotze eta konpromiso sozialeko irizpideen arabera beteko dira.

1. kapitulua. Kalitatea

29. artikulua. Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea

  1.  Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea nazioarteko erreferentziazko estandarren arabera ebaluatu eta egiaztatu beharko da; besteak beste, zorroztasun, objektibotasun, inpartzialtasun eta zuzentasun deontologikoko irizpideei jarraituz.

  2.  Ekoizpen zientifikoaren ebaluazioa eta karrera akademikoko egiaztapenak kalitate-estandarrei jarraituz egingo dira, nazioartean adostutako printzipioetan oinarrituta.

  3.  Unibertsitateen arloko sail eskudunak, unibertsitateek eta Unibasqek dute aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz kalitate akademiko handia sustatzeko eta ziurtatzeko ardura, baina hargatik ez dituzte unibertsitateetan dauden askotariko profil akademikoak errekonozitu eta aintzat hartu gabe utziko. Kalitatea ebaluatzean, zorroztasun zientifikoa eta ebaluatzeko malgutasuna lehenetsiko dira, gardentasunaren eta aurresangarritasunaren irizpideei jarraituz.

  4.  Unibertsitateak neurri zehatzak hartuko ditu instituzioaren eta ikastegien, ikasketen, ikerketaren, transferentziaren eta irakasleen kalitatea bermatzeko, baita ikasleei emandako zerbitzuarena ere. Gardentasun-printzipioa eta kontu emateko printzipioa betetzeko, unibertsitateen kalitateari buruzko barne- eta kanpo-txostenak haien webguneetako gardentasun-atarietan argitaratuko dira, eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko dizkiete.

  5.  Unibertsitateen arloko sail eskudunak zaintza-lana egingo du eta antolamendu juridikoan aurreikusitako neurri guztiak hartuko ditu sistemaren eta bertako eragileen kalitatea bermatzeko.

30. artikulua. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia

  1.  Unibasq-EuskalUnibertsitateSistemarenKalitateAgentziakzorroztasunez, objektibotasunez eta zuzentasunez jokatuko du.

  2.  Unibasq, beste kalitate-agentzia batzuekin batera, elkarren errekonozimendua lortzen saiatuko da horretarako ezarritako baldintzak betetzen direnean.

  3.  Unibasqek izapidetzen eta ebazten dituen prozedura guztietan, administrazio-isiltasunak prozedura ezetsi dela esan nahiko du.

31.  artikulua. Kalitate-zigiluak

Gardentasuna lortzeko, Eusko Jaurlaritzak kalitate-zigiluen sistema bat ezarriko du entitateak edo haien unitateak eta unibertsitateko ikasketak edo proiektuak aintzatesteko. Zigilu horiek unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak aginduz emango dira, Unibasqek aldeko txostena egin ondoren.

2.  kapitulua. Harremanak eta nazioarteratzea

32.  artikulua. Euskal Unibertsitate Sistema euskararen lurraldeetan. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea

  1. Unibertsitateen arloko sail eskudunak unibertsitate-lankidetzako nazioarteko programak sustatuko ditu Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko eta Akitania Berria (NAEN) eskualdeko unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta entitate akademikoekin hitzarmen eta tresna espezifikoak garatuz, irakaskuntzako, ikerketako eta transferentziako proiektuetan parte hartzeko; mugaz gaindiko udako ikastaroak, trukeak eta programa akademiko bateratuak barne.

  1.  Halaber, Euskal Unibertsitate Sistemako irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen mugikortasuna sustatuko du, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetan elkarlanean aritu daitezen eta euskara eta euskal kultur ondarea bultzatzeko estrategiak gara ditzaten.

  2.  Instituzioekiko harremanen eta gobernantzaren eremuan, Eusko Jaurlaritza NAEN Euroeskualdearekin elkarlanean arituko da bi lurraldeen araudiak bat etorrarazteko, mugaz gaindiko unibertsitate-politikak lerrokatzeko eta oztopo linguistikoak, administratiboak edo juridikoak desagerrarazteko.

33.  artikulua. Makroeskualde Atlantikoko harremanak

Unibertsitateen arloko sail eskudunak Makroeskualde Antlantikoko unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin elkarlan-programak sustatuko ditu, prestakuntza-, ikerketa- eta transferentzia-proiektuak garatzeko, baita unibertsitateko ikasleen eta langileen trukerako programak ere.

34. artikulua. Euskal diasporarekiko harremanak

  1. Euskal Unibertsitate Sistemak atzerrian dauden euskal herritarrek eta euskal komunitateek osatzen duten Euskal Diasporarekiko harremanak era sistematiko eta iraunkorrean indartuko ditu, bereziki Euskal Etxeen eta Euskadiren atzerriko ordezkaritzen bitartez.

  2. Sare horrek, besteak beste, eginkizun hauek izango ditu:

    1. Gure unibertsitateetako ikasleei informazioa emango die, euskal diasporaren errealitateari buruzko programetan parte har dezaten; eta hura ezagut dezaten sustatuko du, baita euskaldunen presentzia handiko inguru geografikoetan egonaldiak egitea ere.

    2.  Euskaldunen presentzia handiko unibertsitateekin eta unibertsitate-institutuekin ikasleak eta irakasleak trukatzeko unibertsitate-programen edukia eta finantzaketa indartuko du, elkarren ezagutza aberasteko.

    3.  Euskal diaspora osatzen dutenei lagunduko die eta Euskal Unibertsitate Sistemaren informazio-kanaletarako irispidea emango die, plan eta programa akademikoetan eta unibertsitate-trukekoetan sar daitezen.

    4.  Euskal unibertsitate sistemaren eta diasporaren arteko harremanen esparruan, irakasleen eta ikasleen arteko elkartrukea sustatuko du.

35. artikulua. Mundura irekitako Euskal Unibertsitate Sistema

  1. Euskal Unibertsitate Sistemako eragileek hura osatzen dutenen nazioarteko esperientzia bultzatuko dute, hartara, haien ikasketei eta ikerketei zabalkunde handiagoa emateko eta haien kalitatea handitzeko, eta Europan zein nazioartean erakargarriago egiteko.

  2.  Irakasleen eta ikertzaileen nazioarteko esperientziak haien lana balioesteko gakoa izan behar du, baita lehentasunezko merezimendu bat ere, haien hautaketa-prozesuetan.

  3. Unibertsitateen arloko sail eskudunak maila akademiko handiko titulu ofizialak osorik atzerriko hizkuntzetan ematea sustatuko du.

3.  kapitulua. Gizartearekiko konpromisoa

36. artikulua. Gizartearekiko konpromisoa

  1. Euskal Unibertsitate Sistemak bere jarduera gizartearekin konprometitutako zerbitzu publiko baten moduan garatuko du, ulertuta konpromisoa erantzukizun aktibo bat edukitzea dela: herritar kritikoei prestakuntza emanez; justizia soziala, ekitatea eta jasangarritasuna sustatuz; eta herrialdearen erronka sozial, ekonomiko, kultural eta ingurumenekoei erantzuna ematean zuzenean inplikatuz gizartea eraldatzekoa eta hobetzekoa.

  2. Gizartearekiko konpromiso horrek, gainera, gobernantza-egiturak maila guztietan irekiak, partaidetzazkoak eta gardenak izatea bermatzen du, eta komunitateko kide guztiek erabakiak hartzeko prozesuan benetan esku hartzea; jasangarritasuna eta inklusioa sustatzen ditu; eta kontu ematea bermatzen du.

  3. Unibertsitateek ikasleen kultura- eta kirol-jarduerak sustatuko dituzte, baita haien gizartearekiko konpromisoa indartzen laguntzen duten boluntariotza-jarduerak ere. Jarduera horiek egin direla frogatu ondoren, unibertsitateek kreditu akademikoen bidez aintzatetsi ahalko dituzte.

  4. Orobat, unibertsitateek bereziki sustatuko dituzte euskararekiko edota euskal kultur ondarearekiko konpromiso aktiboa dakarten jarduerak.


IV. TITULUA. EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN GOBERNANTZA

37.  artikulua.- Euskal Unibertsitate Sistemaren gobernantza.

  1.  Euskal Unibertsitate Sistemaren gobernantzak bidea eman behar dio kideen arteko koordinazioan, lankidetzak eta elkarlanean oinarritutako sistemak eraginkortasunez eta harmoniaz funtzionatzeari.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio Euskal Unibertsitate Sistema osoa koordinatzea, unibertsitateen arloko sail eskudunaren bitartez, betiere unibertsitateen autonomia errespetatuz.

  3. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak euskal unibertsitate-politika harmonizatzen eta bideratzen du, eta, hortaz, lankidetza eta elkarlan akademiko eta instituzionalerako esparrua da.

  4. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea unibertsitateko ikasleei eragiten dieten gaietan Eusko Jaurlaritzari aholku ematen dion eta kontsultak erantzuten dizkion organoa da, unibertsitate-ikasleei aplikagarria zaien araudiak aitortutako eskubideak eta betebeharrak bermatzeko xedea duena.

  5. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak eta Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeak egindako txostenak eta proposamenak ez dira lotesleak izango.

1. kapitulua. Unibertsitateen arloko sail eskuduna.

38.  artikulua. Unibertsitateen arloko sail eskudunaren ahalmenak

Euskal Unibertsitate Sistema koordinatzeko daukan eginkizuna betetzean, unibertsitateen arloko sail eskudunari dagokio behar diren arauzko eta aurrekontuzko tresnak antolatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren unibertsitateko ikasketak arrazionalizatzeko eta gizartearen eskari eta beharretara egokitzeko. Ildo horretan, emandako titulazioen eskaintzan osagarritasuna eta harmonia sustatuko du, eta bere jarduna unibertsitate-politikan eta Unibertsitate Planean ezarritako helburuak erdiestera bideratuko du.

2. kapitulua. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua

39. artikulua. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluaren ahalmenak

Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari eginkizun hauek dagozkio:

  1. Gobernuari eta unibertsitateen arloko sail eskudunari unibertsitateen arloan aholku ematea, baita Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateei hark aztertzeko helarazten dizkioten gai guztiei buruz ere.

  2. Lege hau garatzean emandako xedapen orokorren proiektuak eta Unibertsitate Plana onetsi aurretik ezagutzea.

  3. Unibertsitate berriak sortzeko edo errekonozitzeko lege-proiektuak Jaurlaritzari bidali aurretik ezagutzea.

  4. Ezagutza-beharrak eta unibertsitateko prestakuntza-beharrak eta alderdi horiei dagokien gizartearen eskariaren asetze-maila asetzea.

  5.  Unibertsitate bakoitzean dauden titulazioen eta ikasketa-planen egoera eta bilakaera ezagutzea eta haren berri ematea.

  6. Unibertsitateen arteko informazio-trukea erraztea.

  7.  Unibertsitateen eta beste instituzio publiko eta pribatu batzuen arteko elkarlana bultzatzea, interes orokorreko programak egiteko. Zehazki, unibertsitateek enpresekin dituzten harremanak sustatzea eta Jaurlaritzak eremu horretan sustatzen dituen ekimenen berri ematea.

  8.  Ikasteko bekei eta laguntzei buruzko oinarrizko jarraibideen berri ematea.

  9. Oro har, unibertsitateen arteko lankidetzari eta Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitateari eta nahikotasunari buruz interesekotzat jotzen diren gai oro ezagutzea, haien berri ematea eta proposatzea.

40. artikulua. Osaera eta funtzionamendua

  1. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluko presidentea unibertsitateen arloko eskumena duen sailburua izango da, eta presidenteorde-lanetan, aldiz, unibertsitateen arloan eskumena duen sailburuordea arituko da. Kontseiluaren parte izango dira:

    1. Unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak izendatutako bost kide; tartean, unibertsitateen arloan eskumena duen sailburuordea.

    2. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako errektoreak.

    3. Unibertsitateetako gizarte-kontseiluetako edo indarreko legediaren arabera sortutako organo baliokideetako presidenteak.

    4. nibertsitate publikoko errektoreak izendatutako bi kide.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurralde historikoetako diputatu nagusiak, edo haiek eskuordetutako pertsonak.

    6. Gizarteko kide bat, unibertsitateko komunitateko kidea ez dena, unibertsitateen ordezkari, presidenteak proposatuta kontseiluaren osoko bilkurak izendatua.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko presidentea.

    8. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko bi ordezkari.

  1.  Kontseilua lau hilean behin bilduko da, gutxienez, edo presidenteak edo kideen heren batek edo gehiagok hala eskatzen dutenean.

  2.  Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua haren barne-erregelamenduan ezarriko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legean (urriaren 1eko 40/2015 Legea) eta Euskal Sektore Publikoari buruzko Legean (maiatzaren 12ko 3/2022 Legea) xedatutakoari jarraituz.

3. kapitulua. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea

41.  artikulua. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen ahalmenak. 

Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio: 

a. Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen ordezkaritza-organo gorenen arteko elkarlan-espazioa izatea.

b. Gobernuari eta unibertsitateen arloko sail eskudunari aholku ematea Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen eskubideekin, interesekin eta aldarrikapenekin lotutako gaiei eta hark aztertzeko helarazitako gai guztiei buruz.

c. Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dieten ekimenak eta programak ezagutzea eta haien berri ematea.

d. Ikasleen ekimenak bideratzea, bilkuretan sartuz eta eztabaidatuz.

e. Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dieten unibertsitate-politikako neurriak ezagutzea.

f. Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dieten unibertsitateen arloko sail eskudunaren xedapen orokorren proiektuak ezagutzea.

g. Unibertsitate-tituluak eskuratzeko ikasketen prezio publikoak ezartzeari buruz eta ikasteko beken eta laguntzen deialdiei buruz unibertsitateen arloko sail eskudunak egindako proposamenak ezagutzea.

h. Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen aukera-berdintasunaren printzipioa errespetatzen dela ziurtatzea.

i. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako ikasleen arteko informazio-trukea erraztea.

j. Ikasleen eskubideak defendatzen direla ziurtatzea.

k. Unibertsitateen arloko sail eskudunaren jarduketei buruz ikasleek aurkezten dizkioten kexak jasotzea eta haiei bide ematea.

l. Bere eskumeneko gaiei lotutako proposamenak Eusko Jaurlaritzari helaraztea.

m. Legezko edo erregelamenduzko xedapenek emandako beste edozein eginkizun, edo ordezkatutako instituzioek eta organoek beren funtzioez baliatuz agindutakoak

42. artikulua. Osaera eta funtzionamendua

  1. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

    1. Unibertsitateen arloko eskumena duen sailburua edo hark eskuordetutakoa, kide anitzeko organo honen presidentea izango dena.

    2. Unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak izendatutako kide bat, sailaren ordezkari.

    3. Ikasleen ordezkaritza-organo goreneko kideek beren artean aukeratutako eta euskal unibertsitate publikoko errektoreak izendatutako hiru kide, euskal unibertsitate publikoaren ordezkari.

    4. Euskal Unibertsitate Sistemako publikoa ez den unibertsitate bakoitzeko kide bat, haren ordezkari, ikasleen ordezkaritza-organo goreneko kideek beren artean aukeratu eta unibertsitateko errektoreak izendatutakoa.

    5. Idazkaritza-lanak egiten dituenak ahotsa izango du, baina botorik ez, eta presidenteak izendatuko du unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuordetzako funtzionarioen artean.

  1.  Aholku Batzordearen antolaketa eta funtzionamendua haren barne-erregelamenduan ezarriko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legean (urriaren 1eko 40/2015 Legea) eta Euskal Sektore Publikoari buruzko Legean (maiatzaren 12ko 3/2022 Legea) xedatutakoari jarraituz.

V.  TITULUA. PLANGINTZA

43.  artikulua. Unibertsitate Plana

  1. Unibertsitate Plana unibertsitate-hezkuntzako zerbitzu publikoa koordinatzeko, antolatzeko eta finantzatzeko tresna da. Berak ezartzen ditu aipatutako zerbitzua eraginkortasunez eta efizientziaz emateko helburuak, ekintzak eta bitartekoak.

  2. Urte anitzekoa da, eta lau urteko iraupena izango du. Eduki hau izango du, gutxienez: 

    a. Euskal Unibertsitate Sistemarako printzipioak, helburuak eta ardatz estrategikoak.

    b. Unibertsitateko irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan duen egoeraren diagnostikoa eta aurreko Unibertsitate Planaren exekuzioaren ebaluazioa.

    c. Beharrak identifikatzea; honako hauek, bereziki: 

    1. EAEko ehun sozial, instituzional eta ekonomikoaren intereseko titulu ofizialak edo propioak Euskal Unibertsitate Sisteman ezartzeko beharrak identifikatzea.

    2. Daukaten interes akademikoagatik edo berezkoagatik, balio kulturalagatik edo beste gai batzuk garatzeko oinarrizko diziplinak direlako funtsezkotzat jotzen diren irakaskuntzak Euskal Unibertsitate Sisteman mantentzen direla bermatzea.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren ikasketen enplegagarritasun-maila zehaztea, baita lanbideen eta lanpostuen mailarekin eta tipologiarekin nola bat egiten duten ere.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes zientifiko, artistiko edo sozialagatik estrategikoak diren ikerketa-arlo edo -gai lehenetsiak definitzea.

    5. Unibertsitate publikoko irakasleen eta ikertzaileen egoera eta irakaskuntza-mandatua betetzeko beharrak.

    d. Aurreko paragrafoen arabera egin beharreko jarduketak definitzea.

    e. Sistema eta bere egitura honako hauen bitartez finantzatzeko beharra: oinarrizko sostengu-ekintzak, ekarpen arrunta, azpiegituran inbertitzeko urte anitzeko plana, programa-kontratuetan itundutako ekintzak eta ekintza osagarriak.

    f. Planaren gobernantza.

    g. Adierazleak eta urteko ebaluazioa.

  3.  Plan hori honako eredu honi jarraituz egingo da:

    a. Indarrean dagoen Unibertsitate Plana ebaluatzea.

    b. Oinarrizko ildoak ezartzea.

    c. Sistemako unibertsitateen parte-hartzea.

    d. Gobernu Kontseiluaren onespena jasotzea, unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak proposatuta.

    e. Horretarako ezarritako bide eta bitartekoen bidez eta egoitza elektronikoan argitaratzea.

VI. TITULUA. UNIBERTSITATEEN ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA

44.  artikulua. Araubide ekonomiko eta finantzarioa

  1. Euskal Sistemako unibertsitateen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren autonomia bermatuko da. Kudeaketa hori gardentasunaren eta kontu ematearen printzipioen pean egongo da, lege honetan eta hura garatzeko araudian xedatutakoari jarraituz.

  2. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek zorrotz-zorrotz eraman beharko dute aurrekontuetako eta kontabilitateko informazioa, haien izaera juridikoaren arabera aplikatu beharreko arauei jarraituz, eta kontabilitate analitikoko sistema bat ezarriko dute. Informazio horrek fideltasunez islatuko du haien ondarearen egoera eta egoera ekonomikoa, finantzarioa eta aurrekontuen arlokoa, urteko kontuen eta aurrekontuaren likidazioaren bitartez, kontrastatzeko eta alderatzeko modukoa izan dadin. Horretarako, eta beren izaera juridikoaren arabera aplikatzekoak diren arauekin bat etorriz, ekitaldi bakoitzaren itxieran kanpotik finantzatutako jarduera bakoitzak eragindako finantzaketa-desbideratzeak egiaztatzeko informazioa bilduko dute urteko kontuek.

  3. Unibertsitateen aurrekontua urtekoa, publikoa, bakarra eta orekatua izango da.

45. artikulua. Diru-sarreren araubidea

  1. Unibertsitate publikoek eta publikoak ez diren irabazi-asmorik gabeko unibertsitateek beren diru-sarrerak honako iturri hauetatik lortu ahalko dituzte, gutxienez: Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak, Eusko Legebiltzarrak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegokoaren aurrekontu orokorretan horretarako jasotako aurreikuspenen araberakoak; bildutako tasak eta prezio akademikoak; entitate publiko eta pribatuekin egindako kontratu eta hitzarmenetatik datozenak; eta lehia-deialdien bitartez eskuratutakoak.

  2. Unibertsitateen arloko sail eskudunak Eusko Jaurlaritzaren ekarpenak jasotzeko baldintza gisa ezarri ahalko du lege honetan eta unibertsitateko hezkuntzaren arloko gainerako antolamendu juridikoan ezarritako betebeharrak betetzea. Halaber, onartutako laguntzen kobrantza eten ahalko du, ez-betetzeak zuzendu arte.

  3. Eusko Jaurlaritzak publikoak ez diren irabazi-asmorik gabeko unibertsitateei egindako ekarpenak, funtsean, dirulaguntza finalistak izango dira, aurre ezarritako helburuak betetzeko baldintza izango dutenak, eta Unibertsitate Planaren esparruko programa-kontratuen bitartez adostuko dira.

  1. Programa-kontratuek helburuak, betetze-adierazleak eta dirulaguntzen zenbatekoak zehaztu beharko dituzte. Unibertsitate Planean zehaztutako ildoen araberakoak izango dira, eta haien emaitzak eta haien ebaluazioko gomendioak publikoak izango dira.

  2. Unibertsitateak, gainera, pertsona fisiko eta juridikoek egindako ekarpenen, dohaintzen edo legatuen bitartez sortutako ondare-funtsek emandako etekinen bidez ere finantzatu ahal izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak horientzako tratamendu fiskal mesedegarria sustatuko du.

46. artikulua. Unibertsitateen gastuen araubidea

  1.  Unibertsitateko gastuen xedea unibertsitateko hezkuntza-zerbitzua goi-mailako kalitate- eta efizientzia-estandarrak betez ematea da.

  2.  Unibertsitateek aldizkako ebaluazio- eta kontrol-mekanismoak ezarriko dituzte, helburuak betetzen direla eta funtsen esleipena egokia dela egiaztatzeko.

47. artikulua. Sailari informazioa bidaltzea

  1.  Aurrekontuaren urteko likidazioa egin eta unibertsitate-organo eskudunek haren egoera ekonomiko-finantzarioak onetsi ondoren, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek unibertsitateen arloko sail eskudunari haien egoera finantzarioaren eta ondare-egoeraren irudi fidel eta osoa emango dion informazioa bidaliko diote.

  2.  Informazio horrekin batera, programatutako helburuen betetze-mailaren deskribapen-memoria bat aurkeztu beharko dute, aurreikusitako eta betetako helburuak eta haien kostua zehaztuta.

  3.  Unibertsitateek kontabilitateko informazioa publiko egingo dute, ahalik eta zabalkunde eta gardentasun handiena emango duen prozedura baten bitartez.

  4.  Unibertsitateek, Eusko Jaurlaritzak eskatuta edo beren ekimenez, urteko kontuei auditoretzak egingo dizkiete, eta emaitzak publikoak izango dira.

VII. TITULUA. UNIBERTSITATEKO KOMUNITATEA

1. kapitulua. Unibertsitateko komunitateko kideak

48. artikulua. Unibertsitateko komunitatea.

  1. Unibertsitateko komunitatea Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetan ematen diren irakaskuntzetako edozeinetan matrikulatutako ikasleek osatzen dute, baita unibertsitate horiei atxikitako irakasleek eta ikertzaileek, ikertzaile ez iraunkorrek eta teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek ere.

  2. Unibertsitateko komunitateko kideek gainerako kideen ongizatea zaintzen lagundu behar dute, eta unibertsitateko autoritateen ardura da haien ongizatea sustatzea eta babestea.

49.  artikulua. Unibertsitateko komunitateko kideen eskubideak

  1. Unibertsitateko komunitateko kideek lege honetan eta oinarrizko legedian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte, baita unibertsitateen estatutuetan eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezarritakoak ere.

  2. Ezingo da komunitateko ezein kide diskriminatu jatorriagatik, arrazagatik, generoagatik,  sexu-aukeragatik,  iritziagatik,  erlijioagatik,  hizkuntzagatik, nazionalitateagatik, gutxiengoen parte izateagatik edo beste ezein ezaugarri pertsonal, sozial edo ekonomikogatik.

  1. Unibertsitateek programa espezifikoak egingo dituzte desgaitasuna duten pertsonek beren eskubide guztiak erabili ahal izan ditzaten.

  2. Komunitateko kideek eskubide hauek dituzte:

    1. Bi hizkuntza ofizialak erabiltzekoa, bereziki unibertsitateko administrazioekiko harremanetan.

    2. Elkartze-, adierazpen- eta bilera-askatasuna. Unibertsitateak, dauzkan aukerek ahalbidetutako neurrian, elkartze-eskubidea betetzea erraztuko du, bere estatutuetan eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezarritakoari jarraituz.

    3. Unibertsitatearen politika diseinatzean, ezartzean eta ebaluatzean era aktibo, libre eta esanguratsuan parte hartzekoa.

    4. Unibertsitateko kide anitzeko organoetan kideak hautatzekoa eta haietako hautagaia izatekoa, estatutuetan eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezarritakoari jarraituz.

    5. Lege honetan eta gainerako antolamendu juridikoan aitortutako edo ezarritako beste edozein eskubide.

1. atala. Ikasleak

50. artikulua. Unibertsitateko ikasketetara aukera-berdintasunez sartzeko eskubidea

  1. Legez ezarritako betekizunak betetzen dituzten guztiek eskubidea dute unibertsitatean ikasteko, unibertsitateek beren eskumenak erabiliz ezarritako irizpideak betez gero.

  2. Unibertsitateak emandako irakaskuntzetarako eta titulazioetarako sarbidea unibertsitateko irakaskuntzaren programazio orokorraren, gizartearen prestakuntza-eskariaren eta instalazioen eta irakasleen gaitasunaren arabera zehaztuko da.

51.  artikulua. Oinarrizko eskubideak

Aurreko artikuluan ezarritakoez gain, Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleek honako eskubide hauek dituzte:

a. Beren irakaskuntzak indarreko legedian eta unibertsitatean egoteko arauek ezarritako moduan hautatu eta egitekoa; eta matrikulatu diren irakaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan jasotzekoa, horretarako ezarritako bitartekoen bidez.

b. Beren prestakuntzan era aktiboan parte hartzekoa. Unibertsitate-ikastegiek, ahal duten heinean, eginahalak egingo dituzte irakaskuntzak antolatzean ikasleek irakasleak, eskolen hizkuntza eta prestakuntza-ibilbidearen osaera askatasunez hautatzeko aukera izan dezaten.

c. Arauetan ezarritako betekizunak betez gero, ikasteko bekak eta laguntzak jasotzekoa, botere publikoek eta unibertsitateek beren eskumenak erabiliz xedatutako moduan, aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioei jarraituz.

d.  Irakasleek unibertsitatean egoteko ezarrita duten ordutegian laguntza jasotzekoa, tutoretza-sistema eraginkor baten bitartez, eta irakaskuntzak ematen dizkietenek zuzenean aholku ematekoa eta ikerketa-lanen hastapenak irakastekoa.

e. Kalifikazio objektiboak jasotzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen artean aukeratutakoan, eta unibertsitateak ezarritako prozeduraren bitartez kalifikazioak berrikus daitezela eskatzekoa eta aurkaratze-bitartekoak erabiltzekoa, kalifikazioa behin betiko bihurtu aurretik.

g. Autoritate akademikoei ematen dituzten irakaskuntzei buruzko erreklamazioak, kexak eta iradokizunak egitekoa, eta autoritateek horiek jorratzekoa eta haien erantzuna jasotzekoa.

h. Hautazko nahiko ikasgaiko eskaintza bermatuta izatekoa.

52. artikulua. Oinarrizko betebeharrak

  1. Lege honetan eta gainerako antolamendu juridikoan ezarritakoez gain, Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleek honako betebehar hauek dituzte:

    1. Unibertsitateko komunitateko gainerako kideekin elkarlanean aritzea, unibertsitatearen xedeak betetzeko.

    2. Ikasketak eta ikerketa dagokien ikasketa-planen arabera egitea.

    3. Unibertsitateko komunitateko kide ororen funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak eta gainerako eskubideak errespetatzea, baita gainerakoek beren betebeharrak bete ditzatela errespetatzea ere.

    4. Unibertsitateko ikastegi eta zerbitzuetan indarrean dauden arauak errespetatzea eta unibertsitatearen ondarea eta komunitateko kideen eskura jarritako bitartekoak zaintzea eta ondo erabiltzea.

    5. Hautatzean ezarritako ordezkatze-lanak egitea.

    6. Diziplina akademikoko arauak eta unibertsitateen estatutuetan edo antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezarritako guztiak betetzea.

  2.  Unibertsitateek egindako eta onetsitako diziplina-erregelamenduek behar bezala bermatuko dituzte arau-hausteen eta zehapenen tipikotasun-printzipioa, haien arteko proportzionaltasuna eta espedientatutako edozeinen entzunaldi-eskubidea, egotzi zaizkion jokabideei buruz dagokion ebazpena eman aurretik alegazioak egin eta frogak proposatu ahal izan ditzan.

53.  artikulua. Unibertsitatean ikasteko bekak eta laguntzak

  1. Eusko Jaurlaritzaren unibertsitateen arloko sail eskudunak bizitoki administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan dutenentzako ikasteko beken eta laguntzen sistema propio bat izango du, unibertsitateko ikasketak behar bezala egiteko baldintzak betetzen dituen inor arrazoi sozial edo ekonomikoengatik baztertuta gelditu ez dadin.

  2. Unibertsitateek ikasteko beren beka- eta laguntza-sistema propioa gara dezakete.

54. artikulua. Ingurune akademikotik kanpoko prestakuntza praktikoa

  1. Ikasleak ingurune akademikotik kanpo prestatzea sustatuko da, haien enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko, Unibertsitate Planaren parte izan daitekeen urte anitzeko plangintza baten barrenean.

  2. Eusko Jaurlaritzak praktika akademikoak egitea sustatuko du: kanpokoak, curriculumekoak edo curriculumetik kanpokoak; sektore publikoan, bereziki.

  3. Unibertsitateko ikasleek entitate kolaboratzaile publiko zein pribatuetan egindako prestakuntza praktiko akademikoak prestakuntzaren, ekitatearen, diskriminaziorik ezaren, babes sozialaren eta eskubideak bermatzearen printzipioei jarraituko die, antolamendu juridikoan eta unibertsitate bakoitzaren estatutuetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Praktikak egin bitartean, ikasleek eskubide hauek izango dituzte:

    a. Unibertsitatearen eskutik prestakuntza egokia eta gainbegirada jasotzekoa.

    b. Praktikaren aurretik haren baldintzen berri jasotzekoa; iraupena, helburuak, zereginak, ordutegiak eta aitortutako eskubideak barne.

    c. Gizarte Segurantzaren arloko babesa izatea, indarreko legediak ezarritako moduan.

    d. Beren eskubideak urratzen dituzten edo beren prestakuntzari kalte egiten dioten egoerak erreklamatzeko eta berrikusteko-mekanismoak eskura izatekoa.

    e. Praktikak egin bitartean jatorriagatik, generoagatik, desgaitasunagatik, baldintza sozioekonomikoengatik edo bestelako ezein inguruabar pertsonal edo sozialengatik bazterkeriarik ez jasatekoa.

  1. Unibertsitateek kanpoko praktikak egitean ikasleen duintasuna, osasun fisiko eta emozionala eta bizitza akademikoaren eta pertsonalaren arteko kontziliazioa errespetatzen direla bermatuko dute.

  2. Unibertsitateek entitate kolaboratzaileekin hitzarmenak egin beharko dituzte, praktiken baldintzak, alderdien eskubide eta betebeharrak, eta jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak berariaz jasotzen dituztenak.

2. atala. Unibertsitateen zerbitzurako langileak

55. artikulua. Unibertsitateen zerbitzurako langileak

  1. Unibertsitateen zerbitzurako langileak irakasleak eta ikertzaileak dira, batetik; eta, bestetik, teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  2. Unibertsitatean kalitate handiko prestakuntza-zerbitzua emate aldera, eta beste instituzio batzuetako langile akademikoek aldi baterako egin dezaketen ekarpena alde batera utzi gabe, unibertsitateek beren langile-taldea egonkortzea erraztuko dute.

  3. Halaber, unibertsitateek langileak lanaldi osoan kontratatzea lehenetsiko dute, salbu eta beren jarduera profesionala unibertsitateko irakaskuntzarekin bateratu nahi dutenen kasuan.

  4. Unibertsitateen arloko sail eskudunak eta unibertsitateek, dagozkien eskumenak erabiliz, beren langileek beste unibertsitate eta ikerketa-zentro prestigiodunetan egonaldiak egitea sustatuko dute; ahal dela, Europako Goi Mailako Hezkuntzako Esparrukoetan eta, bereziki, Makroeskualde Atlantikokoetan.

  5. Unibertsitateen zerbitzurako langile guztiei aitortzen zaie bizitza pertsonala, lanekoa eta familiako kontziliatzeko eskubidea eta, horretarako, unibertsitateek neurriak hartuko dituzte, dedikazioan, prestakuntzan eta mugikortasunean benetako berdintasuna bermatze aldera.

56. artikulua. Irakasleen eta ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak

  1. Irakasleek eta ikertzaileek irakasteko eta ikertzeko eskubidea eta betebeharra dute.

  2.  Irakasleek eta ikertzaileek irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako jardunean zuzentasunez jokatzeko betebeharra dute.

  3. Irakasleen eta ikertzaileen ikerketa-askatasuna bermatzen da, kontzientzia-askatasunean oinarritutakoa, eta ez du izango mugarik, salbu eta legeek, nazioarteko itun edo hitzarmenek eta komunitate zientifikoak onetsitako kode edo arau deontologikoek ezarritakoak.

57.  artikulua. Kualifikazio handiko irakasleak eta ikertzaileak

  1. Unibertsitateen arloko sail eskudunak eta unibertsitateek beraiek aktiboki sustatuko dute kualifikazio handiko irakasleen eta ikertzaileak prestatzea, erakartzea eta errotzea, karrera akademikoaren etapa guztietan, xede horretarako neurri espezifikoen bitartez.

  2. orretarako, honako jarduketa hauek egingo dira: 

    1.  Ikertzaile gazteentzako laguntza-deialdi espezifikoak, karrera akademikoan sartzea eta ikerketa-proiektuen buru izatea errazteko.

    2.  Irakasleen hasierako prestakuntzako eta prestakuntza jarraituko planak, langileak irakaskuntzaren, ikerketaren eta transferentziaren arloan hobetzera bideratuak.

    3. Nazioarteko mugikortasuna bultzatzea, behar besteko finantzaketarekin.

    4. Kualifikazio handiko pertsonak erakartzeko programak, goi-mailako ikertzaileak hatzera bideratuak.

    5. Ordainsarien arloan eta arlo profesionalean aitortza jasotzea, banakako merezimenduei lotutako osagarrien bitartez.

58. artikulua. Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak

  1.  Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek honako hauek egingo dituzte: 

    1. Autoritate akademikoei sostengua, laguntza eta aholkularitza emango diete.

    2.  Kudeaketa- eta administrazio-lanak egingo dituzte hainbat alorretan; besteak beste, ekonomiaren, informatikaren, liburutegien eta artxiboen alorretan eta unibertsitateen xedeak betetzeko behar diren bestelako prozesu batzuetan.

    3.  Unibertsitateak ondo funtzionatzeko behar diren zerbitzu orokorrak emango dituzte.

  2.  Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kualifikazioa aintzat hartu beharreko irizpidea izango da unibertsitateen kalitate instituzionala ebaluatzean.

2. kapitulua. Unibertsitateko komunitatea zaintzea

59. artikulua. Unibertsitate‑komunitatearen zaintza eta ongizatea

  1.  Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek unibertsitate-komunitatea osatzen duten pertsonen ongizatea zainduko dute.

  2.  Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek beren egituretan unibertsitateko arartekoaren eta berdintasunerako, dibertsitaterako eta ongizaterako unitate espezializatuak ezarriko dituzte.

  3.  Unitate horiek estatutuetan eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan jasota egongo dira, eta bertan haien oinarrizko funtzionamendu-araudia ezarriko da; gainera, giza baliabide eta baliabide ekonomiko nahikoak izango dituzte.

60.  artikulua. Aldezle – Unibertsitateko arartekoa

  1.  Unibertsitateetan Aldezle bat egongo da, unibertsitateko komunitatearen eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla ziurtatzeko, eta haren lana izango da ikasleen, irakasleen eta ikertzaileen, eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek eskubideak eta askatasunak errespetatzen direla ziurtatzea. Hori erdiesteko, gatazkak eraldatzeko metodo egokiak erabili ahalko ditu, eta bere jardunean independentzia-, autonomia-, konfidentzialtasun- eta inpartzialtasun-printzipioei jarraituko die.

  1.  Unibertsitatearen estatutuei edo antolaketa- eta funtzionamendu-arauei dagokie Aldezlearen funtzionamendu-araubidea eta egitura ezartzea.

61. artikulua. Berdintasunerako, dibertsitaterako eta ongizaterako unitateak

  1. Berdintasunerako unitateen ardura izango da emakumeen eta gizonen berdintasuna unibertsitatearen politiketan era transbertsalean txertatzeko aholkularitza ematea, eta hura txertatzeko era koordinatzea eta ebaluatzea, baita genero-ikuspegia unibertsitatearen egituran, jardueran eta eginkizun guztietan txertatzea ere.

  2. Dibertsitaterako unitateak inklusioaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako unibertsitateko politikak unibertsitateko jarduera eta eginkizun guztietan era transbertsalean txertatzeko ardura izango dute. Unitate horiek dibertsitate funtzionala dutenei arreta emateko zerbitzu bat izango dute, eta ekintza positiboko neurriak hartuko dituzte desgaitasuna duten ikasleek unibertsitateko hezkuntza inklusibo, irisgarri eta moldagarria jaso dezaten, gainerako ikasleen baldintza berdinetan.

  3. Ongizaterako unitateak arreta psikologikoko eta unibertsitate- eta lan-arloko orientazioko zerbitzuak edo bestelako arreta-zerbitzu batzuk emateaz arduratuko dira, unibertsitateko komunitatearen ongizate fisikoa, emozionala eta harremanen arlokoa sustatze aldera.

  4. Aniztasun eta ongizaterako unitate horiek bereiz antolatu ahalko dira, edo, bestela, batera, unibertsitateen estatutuek eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauek ezartzen dutenari jarraituz.

62.  artikulua. Gizonen eta emakumeen berdintasunerako planak eta diskriminazioaren, indarkeriaren edo sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpenaren kontrako planak. 

Unibertsitateek  lau urteko  planak  eduki  beharko dituzte,  honako  helburu  hauetarako: jarduera guztietan genero-berdintasuna lortzeko, emakumeen eta gizonen  soldata-arrakala zuzentzeko neurriak ezartzeko, desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun-baldintzak  ezartzeko  eta  behar  diren  egokitzapenak  egiteko,  eta indarkeria, diskriminazioa edo jazarpena prebenitzeko eta haiei erantzuteko neurriak ezartzeko.

VIII. TITULUA. UNIBERTSITATE PUBLIKOA 

1. kapitulua. Araubide juridikoa

63. artikulua. Araubide juridikoa. Estatutuak

  1. Unibertsitate publikoa funtsezkoa da Euskal Unibertsitate Sisteman eta unibertsitateei buruzko araudiaren, hura sortzeko legearen, bere estatutuen eta ezartzen dituen gainerako arauen pean egongo da.

  2. Unibertsitate publikoaren estatutuak unibertsitateak berak egingo ditu. Haiek egin ondoren, unibertsitateen arloko sail eskudunari bidaliko dizkio, lau hileko epean haien legezkotasuna kontrola dezan. Administrazio-isiltasunak ezetsi egingo ditu. Antolamendu juridikoaren araberakoak direla egiaztatutakoan, Gobernu Kontseiluak dekretu bidez onetsiko ditu eta EHAAn eta BOEn argitaratuko dira. Testuak osorik argitaratu arte ez dira indarrean sartuko.

  1. Unibertsitate publikoaren jarduketa guztiak, eta bereziki finantzaketari dagozkionak, gardentasunaren eta kontu ematearen printzipioen arabera egingo dira, haren autonomia errespetatuz betiere.

64. artikulua. Ikastegiak eta egiturak

  1. Unibertsitateak, bere estatutuek zehazten dutenaren arabera, hauek eduki ahalko ditu bere egituran: campusak, fakultateak, eskolak, sailak, ikerketako unibertsitate-institutuak, katedrak, doktorego-eskolak edo berezkoak dituzten eginkizunak garatzeko behar dituzten bestelako ikastegiak edo egiturak.

  2. Estatutuek zehaztuko dute unibertsitatea osatzen duten ikastegiek edo egiturek zer eginkizun dituzten unibertsitateko irakaskuntza ofizialak eta dagozkion tituluak lortzeko prozedura akademikoak, administratiboak eta kudeaketakoak proposatzeko eta antolatzeko; titulu propioak lortzeko irakaskuntzak eta horiek kudeatzeko egiturak proposatzeko eta antolatzeko; baita, hala badagokio, berariaz ikerketa garatzeko, transferitzeko, trukatzeko eta sustatzekoak ere.

    Ikastegi eta egitura horiek kudeaketa administratibo integratua eduki beharko dute, eta unibertsitateak haien bizkar dituzten eginkizunak behar bezala eta eraginkortasunez egiteko behar dituzten bitartekoak emateko ardura hartu beharko du.

65. artikulua. Euskara unibertsitate publikoan

  1.  Unibertsitateak euskaraz ikasteko eta erlazionatzeko eskubidea bermatuko du eta, horretarako, beharrezko neurriak hartuko ditu, estatutuetan eta plan espezifikoetan ezarritakoari jarraituz.

  2.  Unibertsitateak graduko eta masterreko titulu guztiak euskaraz emateko adina irakasle elebidun izan beharko ditu. Irakasleen eta ikertzaileen hautaketa-, sarbide-, ebaluazio-eta sustapen-prozesuek betekizun horiek betetzen direla bermatu beharko dute.

  3. Unibertsitate publikoko teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei aplikagarriak izango zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzurako langileentzat ezarritako euskararen erabilera normalizatzeko xedapenak.

66. artikulua. Zerbitzuak ikuskatzeko unitateak

  1. Lege honen 60. artikuluan ezarritako oinarrizko unitateez gain, unibertsitate publikoak zerbitzuak ikuskatzeko unitate bat eduki beharko du, unibertsitateak ematen dituen zerbitzuek ondo funtzionatzen dutela ziurtatzeko, independentzia- eta autonomia-printzipioei jarraituz eta zerbitzuok eraentzen dituzten legeei eta arauen arabera.

  2. Zerbitzuen ikuskaritza ofizioz arituko da edo, bestela, unibertsitateko gobernu-organoek eskatuta edo unibertsitateko komunitateko kideren batek idatziz egindako salaketaren baten ondoren. Unibertsitateko ikuskari funtzionarioek egindako ikuskapen-aktak horiek formalizatzeko arrazoiak diren egitateak frogatzeko balio duten dokumentu publikotzat joko dira, salbu eta aurkakoa frogatzen badute. Han jasotako egitateak arau-hauste administratibo edo penalak izan badaitezke, akta horiek unibertsitateen arloko sail eskudunari edo fiskaltzari bidaliko zaizkio, ahal bezain azkar, dagozkion ondorioak izan ditzaten.

  1. Alorreko legedi aplikagarriaren esparruan, unibertsitateko komunitateko kideei eragiten dieten diziplina-espedienteak irekitzeko eta bideratzeko eginkizuna izango du.

  2. Zerbitzu honen zuzendaritza unibertsitateko teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei esleituko zaie; ikuskapen horri datxezkion eginkizunak betetzeko behar diren titulazio-betekizunak betetzen dituztenei, hain zuzen.

2. kapitulua. Gobernantza

67. artikulua. Gobernantza

  1. Unibertsitatearen barneko gobernua kide anitzeko organoek eta pertsona bakarreko organoek osatuko dute, oinarrizko legediak eta unibertsitatearen estatutuek zehaztutako moduan eta lege honek ezarritako berezitasunei jarraituz.

  2. Horiekin batera, instituzioen eta gizartearen partaidetzarako Euskal Unibertsitate Sistemaren kide anitzeko berezko organoak izango dira Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua eta Gizarte Kontseilua.

  3. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua unibertsitate publikoaren edo publikoen xedeak eta helburuak ezartzeko koordinazio-, aholku- eta partaidetza-organoa da.

  4. Gizarte Kontseilua unibertsitate publikoan txertatutako kide anitzeko organo bat da, gizarteak haren gobernantzan eta zuzendaritzan parte hartzeko egina. Haren zeregina da interes sozialak, profesionalak, akademikoak edo ekonomikoak ordezkatzen dituzten eta beren eskumenak, jarduerak, ezagutza edo esperientziak direla medio unibertsitateak bere eginkizunak hobeto bete ditzan lagundu dezaketen pertsonen eta entitateen presentzia eta partaidetza sustatzea.

  5. Errektorea, indarreko araudiak ezarritako moduan hautatu ondoren, lehendakariak dekretu baten bidez izendatuko du. Izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

1. atala. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua

68. artikulua. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua. 

Eskuduntzak Hauek dira Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren eginkizunak: 

  1. Unibertsitate Planaren txostena egitea, bereziki unibertsitate publikoari dagozkion alderdiei buruz, eta hura gauzatzearen jarraipena egitea, betetzen dela ziurtatzea eta, hala badagokio, behar dituen aldaketak proposatzea.

  2. Unibertsitate publikoan titulazioak gehitzeko edo kentzeko proposamenak ezagutzea, baita ikasketa-planak egiteko eta aldatzeko proposamenak eta ikastegiak sortzekoak edo kentzekoak ere.

  3. Unibertsitate publikoek beren aurrekontuak egiteko, langileen plantillak diseinatzeko eta azpiegituretan inbertitzeko urte anitzeko programa gauzatzeko darabiltzaten irizpideak ezagutzea.

  4. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko xedapen orokorren, estatutuen eta unibertsitate publikoaren gainerako barne-arauen proiektuak ezagutzea.

  5. Unibertsitate berriak sortzeko eta errekonozitzeko prozedurak ezagutzea, Gobernuari dagokion lege-proiektua bidali aurretik.

  6. Ikasteko eta ikertzeko bekei eta laguntzei buruzko oinarrizko jarraibideak ezagutzea.

  1. Legezko edo erregelamenduzko xedapenek emandako beste edozein, edo ordezkatutako instituzioek eta organoek beren eginkizunen arabera agindutakoak.

69. artikulua. Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua. Osaera eta funtzionamendua

  1. Kontseilu horren presidentea unibertsitateen arloko eskumena duen sailburua izango da, edo hark eskuordetutako pertsona, eta, horrez gain, honako hauek osatuko dute:

  1. Unibertsitateen arloko sail eskuduna ordezkatzeko sei kide, sailburuak izendatuak.

  2. Unibertsitate publikoa ordezkatzeko sei kide: 

    • Errektorea.

    • Gobernu Kontseiluko hiru kide, errektoreak izendatutakoak; ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak ordezkatzeko.

    • Gizarte Kontseiluak bere kideen artean hautatutako bi kide.

  1.  Koordinazio Kontseiluko idazkaria bere presidenteak hautatuko du, Kontseiluko kideen artean.

  2.  Funtzionamenduko barne-arauak Koordinazio Kontseiluaren beraren erabaki baten bidez onetsiko dira.

2. atala. Gizarte Kontseilua

70. artikulua. Gizarte Kontseilua. Eginkizunak

Honako hauek dira:

a. Gizarte Kontseiluaren eginkizunak:Gizarteak eta hura ordezkatzen duten antolakunde eta entitateek unibertsitatearen helburuak ezartzean parte har dezatela bultzatzea, interes sozial eta ekonomikoetara egokitu daitezen, eta gizarteak unibertsitateko jarduerak finantzatzen eta babesten parte har dezala sustatzea. Halaber, hari dagokio unibertsitatearen eta gizartea ordezkatzen duten entitate sozialen eta korporazioen arteko elkarlana lortzeko formulak sustatzea.

b. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluari edo unibertsitateen arloko sail eskudunari titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak jartzeko, aldatzeko edo kentzeko proposamena egitea, baita unibertsitateko irakaskuntza-zentroak edo ikerketa-institutuak sortzekoa, aldatzekoa edo kentzekoa, edo unibertsitateari irakaskuntza-edo ikerketa-zentroak atxikitzekoa edo desatxikitzekoa ere.

c. Unibertsitatearen eta beste entitate publiko edo pribatu batzuen arteko elkarlana sustatzea, ikasleen prestakuntza osatzeko eta haiek eta tituludunak laneko bizitzara sartzea errazteko

d. Ikasleek unibertsitatean aurrera egiteko eta han egoteko Gobernu Kontseiluak proposatutako arauak onestea.

e. Gobernu Kontseiluak egindako unibertsitatearen aurrekontua eztabaidatzea eta, hala badagokio, onestea, edo hari bueltatzea, berriz egin dezan, atzera zergatik bota duten justifikatuta.

f. Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazio ikuskatua, ekitaldi ekonomikoaren egoeraren balantzea eta memoria ekonomikoa onestea.

g. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta, unibertsitatearen xedeak sustatzeko eta garatzeko eratutako entitate juridikoen sorrera, aldaketa eta azkentzea onestea, baita unibertsitateak beste entitate publiko zein pribatu batzuetan parte hartzeari onarpena ematea ere.

h. Titulu ofizialen eta prestakuntza iraunkorreko eskaintzaren aldez aurre onartzea eta ikastegi propioak eta atzerrikoak sortzeari eta desegiteari buruzko txostenak egitea ere.

i. Ikerketarako edo artea sortzeko instituzio edo ikerketa-zentro publiko zein pribatuak unibertsitateari unibertsitate-institutu gisa atxikitzeko hitzarmenen proposamenak egitea unibertsitateen arloko sail eskudunari, hark onets ditzan. Behin onespena emandakoan, unibertsitateak dagokion hitzarmena formalizatu ahalko du.

j. Ikasleentzako beka-, laguntza- eta kreditu-politika bat atontzea, hala badagokio, eta tasa akademikoak ordaintzetik erabat edo hein batean salbuesteko modalitateak ezartzea.

k. Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugen barruan, unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak proposatuta eta aldez aurretik Unibasqen ziurtagiria izanik, unibertsitateko irakasle bakoitzari ordainsari gehigarriak ematea erabakitzea, haietako bakoitzaren ikerketako, irakaskuntzako eta kudeaketako merezimenduen arabera.

l. Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak proposatuta, azpiegituretan inbertitzeko urteko programa onestea.

m. Titulu ofizialak lortzeko ez diren ikasketetarako tasa akademikoak, prezio publikoak eta gainerako eskubideak ezartzea.

n. Gastu arruntetatik kapital-gastuetarako transferentziak adostea eta, Eusko Jaurlaritzaren baimena jasoz gero, baita kapital-gastuetatik beste edozein kapitulutarako transferentziak ere.

o. Unibertsitatearen jarduera ekonomikoak eta haren zerbitzuaren errendimenduak gainbegiratzea.

p. Unibertsitateen arloko sail eskudunari titulartasun publiko zein pribatuko irakaskuntzako edo ikerketa-zentroak unibertsitateko titulu ofizialak emateko atxikitzea edo desatxikitzea proposatzea.

q. Jabari publikoko ondasunen desafektazio- eta xedapen-erabakiak hartzea, eta xedapen-egintzetako produktua zertarako erabiliko den zehaztea.

r. Lege honek eta unibertsitateei buruzko oinarrizko legediak edo unibertsitatearen estatutuek ezarritako gainerakoak.

71. artikulua. Gizarte Kontseilua. Osaera

  1. Unibertsitate publikoaren Gizarte Kontseilua hogeita lau pertsonak osatuko dute, eta osaera hau izango du: 

    1. Presidentea, unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak proposatuta lehendakariak izendatuko duena; lau urteko agintaldia izango du, eta beste agintaldi batez bakarrik luzatu ahalko da, bestearen segidan edo beste noizbait. Edonola ere, ezingo da kontseiluko kide zortzi urtez baino gehiagoz izan.

    2. Unibertsitateko errektorea gerentea eta idazkari nagusia; irakasleen eta ikertzaileen ordezkari bat; teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzutako langileen beste bat, Gobernu Kontseiluak bere kideen artean hautatuak; eta Ikasleen Kontseiluko bat, kontseiluak berak hautatua. Guztiek ahotsa eta botoa izango dute.

    3. Unibertsitateko estatutuek horiek izendatzeko modua, agintaldiaren iraupena eta ordezkapen-araubidea zehaztuko dute. Inguruaren bizitza ekonomiko, sozial eta kulturala ordezkatzen duten sektoreetako hamazazpi pertsona, unibertsitateko jarduera eta dinamika ezagutzen dutenak eta unibertsitatearekin interes-gatazkarik ez dutenak. Pertsona horiek unibertsitatearen arloko eskumena duen sailburuaren aginduz izendatuko dira, organismo eskudunek hautatu ondoren, eta haien agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da, izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren unetik zenbatzen hasita. Gizarte Kontseiluko kideak beste agintaldi bakar baterako berrautatu ahalko dira, aurreko agintaldiaren segidan edo beste noizbait. Dena dela, ezingo dute kontseiluaren parte izan, guztira, zortzi urtez baino gehiagoz. Honako osaera hau izango du:
       

      1. Eusko Legebiltzarrak hautatutako zortzi pertsona; ezingo dira legebiltzarkideak izan, eta ezingo dute inolako kargu instituzionalik eduki.

      2. Lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiek izendatutako pertsona bana, hiru, guztira; ezingo dira batzarkideak izan, eta ezingo dute inolako kargu instituzionalik eduki.

      3. Izendapenaren aurreko azken hauteskunde sindikalen emaitza ofizialen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkari gehien lortu duten antolakunde sindikaletako bakoitzaren gobernu-organoek izendatutako hiru pertsona.

      4. Euskal Enpresarien Konfederakuntzako kide anitzeko gobernu-organoak hautatutako hiru pertsona.

  1. Oro har, bateraezina izango da Gizarte Kontseiluko kidea izatea eta unibertsitateak obrak, zerbitzuak edo hornikuntzak egiteko kontratatzen dituen enpresetako zuzendari-karguren bat izatea, ez zuzenean ez eta norbaiten bitartez ere, eta, orobat, ezingo dute eduki horrelako enpresetako kapitalaren ehuneko 10 baino gehiago. Horrez gain, ezingo dute inolako eginkizunik bete enpresa edo teknologia-parkeetan, unibertsitateak berak sortu baditu edo unibertsitatea horien kapitalaren zati baten jabe bada, zati hori edonolakoa dela ere.

  2. Gizarte Kontseiluak osoko bilkuraren eta batzordeen bitartez egingo du lan. Aholku-batzordeak eratu ahalko ditu.

  3. izarte Kontseiluak berezko aurrekontua izango du, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekarpen gisa esleitua. Aurrekontuaren kudeaketa administrazio publikoei aplikatu beharreko prozeduren eta arauen arabera egingo da, eta kontseiluaren erregelamenduak zehaztuko du zein organori dagokion edo dagokien kudeaketa hori egitea.

  4. Gizarte Kontseiluak antolaketa eta jardunbiderako barne-erregelamendu bat izango du, eta araudi hori, onetsitakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Erregelamendu horretan arautuko da beren eginkizunak behin eta berriz ez betetzeagatik kontseiluko kideak kargutik kentzeko prozedura –bereziki, deitzen zaien bileretara ez joateko eginkizuna ez betetzeagatik–. Lege honetan eta Gizarte Kontseiluaren barne-araudian aipatzen ez diren gaietan oro har administrazio-prozeduraren araudian eta Euskal Sektore Publikoaren Legean (maiatzaren 12ko 3/2022 Legea) ezarritakoa aplikatuko da.

3.  kapitulua. Araubide ekonomikoa, finantzarioa eta aurrekontu-arlokoa

1. atala. Aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea


72. artikulua. Aurrekontua eta kontabilitatea

  1. Unibertsitatearen aurrekontua publikoa, bakarra eta orekatua izango da, eta haren diru-sarrera eta gastu guzti-guztiak jaso beharko ditu. Urtekoa izango da, eta urte naturalaren iraupena izango du.

  2. Finantza-, aurrekontu- eta kontabilitate-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziorako oro har ezarritakoari egokituko zaio. Egokitze hori unibertsitateen arloko eta aurrekontuen eta kontrol ekonomikoaren arloko sail eskudunen bitartez egingo da, eta, gutxienez, unibertsitate publikoaren aurrekontuaren egitura, haren kontabilitate-sistema eta urteko kontuak osatzen dituzten dokumentuak hartuko ditu barnean.

  3. Halaber, unibertsitatea aurrekontu-orekaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoak hartutako konpromisoetara egokituko zaie; horretarako, aurrekontuen alorrean urteko gastuen muga onesteko ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

  4. Aurrekontuaren likidazioaren ondoriozko diruzaintzako soberakinak bereizi egingo ditu baliabide lotuetarako diruzaintza-soberakinak eta lotu gabekoak.

  5. Baliabide lotuetarako diruzaintza-soberakina finantzaketa-iturriak (dirulaguntzak, hitzarmenak, kontratuak, etab.) aurrez zehaztutako xedea duen diruzaintzako soberakinaren (superabit metatua) zatia da. Superabit hori ekitaldi bakoitzaren itxieran kalkulatzen da; metatutako eskubide onartuei jarduera finantzatua gauzatzean metatutako ordainketa-betebeharrak kentzen zaizkie, jarduera indarrean dagoen bitartean eta likidatutako ekitaldia ixten den egunera arte. Kontratua, hitzarmena edo dirulaguntzaren justifikazioa amaitzen den ekitaldiaren itxieran, baliabide lotuetarako finantzazioa likidatuko da, eta soberakin ekonomikoa, halakorik balego, baliabide loturarik gabeko soberakin generikoa izango da. Unibertsitatearen jarduera espezifikoen finantzaketan kanpoko baliabiderik sartzen ez bada, finantzaketa hori ez da atxikitako finantzaketatzat hartuko.

  6. Lotu gabeko soberakina gehitzeko unibertsitate-gaietan eskumena duen sailaren aldez aurreko baimena behar da.

2. atala. Diru-sarrerak. EAEko aurrekontu orokorren kontura egindako zuzkidura

73. artikulua. Egitura

  1. Urteko zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egingo da, lege honetan eta Unibertsitate Planean ezarritako irizpideen arabera.

  2. Jaurlaritzak erabakiko du aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako unibertsitaterako zuzkidura, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren lege-proiektuan jasoko du, unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak proposatuta Hori guztia indarrean dagoen gastu publikoaren handitze-konpromisoaren testuinguruan egingo da, lege honetan ezarritako helburuak betetzea eta Europar Batasuneko herrialdeen batez bestekora pixkanaka hurbiltzea ahalbidetzeko, eta dauden aurrekontu-aukeren arabera.

  3. Unibertsitaterako aurrekontu-zuzkidura hiru ekarpen-motatan egituratuta dago: ekarpen arrunta, programa-kontratuak eta azpiegituretan inbertitzeko urte anitzeko programa.

    74. artikulua. Ekarpen arrunta

    1. Ohiko ekarpenak, Unibertsitate Planean zehazten den irakaskuntza ofizialen prezio publikoen bilketaren proportzioarekin batera, lege honetan oinarrizko unibertsitate-eginkizunak (irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia) betetzeari buruz ezarritakoari erantzuteko finantzaketa nahikoa izatea bermatuko du.

      Oinarrizko unibertsitate-funtzioak betetzeko finantzaketa-nahikotasunak honako behar hauek estali beharko ditu: langileen egiturazko gastu arruntak, ondasun eta zerbitzuetako gastu arruntak eta azpiegiturak ekipatzeko, mantentzeko eta egokitzeko oinarrizko gastuak.

      Ez dira langileen, ondasunen eta zerbitzuen egiturazko gastu arruntak, ez eta azpiegiturak hornitu, mantendu eta egokitzeko oinarrizko gastuak ere, unibertsitateak helburu jakin baterako kanpoko baliabideek finantzatutako jarduerak betetzeko egiten dituen edo egin behar dituen gastuak.

    2. Ekarpen arruntaren zenbatekoa zehazteko, aurreko puntuan aipatutako unibertsitate-eginkizunak behar bezala betetzeko egiturazko jarduera arruntak hartuko dira kontuan.

    3. Nahikotasun finantzarioa bermatutakoan, ekarpen arrunta handitu ahalko da, unibertsitateak berak kanpoko baliabideak biltzen dituen proportzio berean, eta Unibertsitate Planak esandako moduan eta zenbatekoan irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia hobetzeko programa espezifikoak bultzatzeko erabiltzen diren heinean.

75. artikulua. Programa-kontratuak

  1. Unibertsitate Planean ezarritako helburuen mendeko finantzaketa-bide bat dira. Haien zenbatekoa xede jakin batzuetara zuzendutako jarduera zehatzen arabera eta adierazleen bidez neurtutako emaitzen arabera zehaztuko da.

  2. Beren guztizko kostuaren aurreikuspena eduki beharko dute, baita finantzatzeko beste iturri batzuena eta ustez izango diren diru-sarrerena ere. Halaber, gastu arrunta eta kapital-gastua bereizi beharko dituzte, eta honako gai hauek zehaztu: programa bakoitzaren kontzeptu bakoitzerako esleitutako funtsak, baita, hala badagokio, ikerketarako edo irakaskuntzaren kalitatea helburu duten langileen ordainsari gisa esleitu daitezkeen zenbatekoak ere; ebaluazio-irizpideak; indarraldia; hutsaltzeko kausak; eta ez-betetzeek ekarriko dituzten erantzukizunak, eskualdatutako funtsak itzultzekoa barne.

  3. Unibertsitateen arloko sail eskudunak programa-kontratuen betetze-maila ebaluatuko du, eta, horretarako, urtean behin berrikusiko ditu, helburuen betetze-mailari erreparatuz. Hala badagokio, hutsaldu egin ahalko dira, aurreikusitako helburuak bete ez badira.

76. artikulua. Azpiegituretan inbertitzeko urte anitzeko programa

  1. Campusak garatzea eta haien azpiegitura materiala hobetzea da azpiegituretan inbertitzeko urte anitzeko programaren xedea. Programak obren beharra identifikatu eta arrazoituko du, bai eta inbertsioa zein campusetan egingo den, zer kostu ekonomiko izango duen, inbertsio-aldiak nola banatuko diren eta zehaztu beharreko gainerako ezaugarriak ere.

  2. Unibertsitateak unibertsitateen arloko sail eskudunari azpiegituretan inbertitzeko urte anitzeko programa aurkeztuko dio, eztabaidatu eta, hala badagokio, Unibertsitate Planean gehitu dezan.

  1. Unibertsitateari dagokio programa Unibertsitate Planean jasotako eran gauzatzea. Unibertsitateen arloko sail eskudunak programa nola gauzatzen den gainbegiratuko du, eta plana betetzeko behar diren neurri zuzentzaileak hartu ahalko ditu.

3. atala. Diru-sarrerak. Zuzenbide publiko edo pribatuko beste diru-sarrera batzuk

77. artikulua. Araubide orokorra

Unibertsitatearen aurrekontuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren kontura egindako zuzkidurez gain, antolamendu juridikoan ezarritako zuzenbide publikoko edo pribatuko bestelako diru-sarrera batzuekin osatuko dira.

78. artikulua. Prezio publikoak

  1. Prezio publikoei buruzko indarreko araudiak arautuko ditu zerbitzu akademikoengatik eta legez ezarritako gainerako eskubideengatik ordaindu beharreko prezio publikoak, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeari kontsulta egin ostean, eta unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuaren aginduz onetsiko dira.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren barruan daude: 

    1. Titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzen prezioak.

    2. Titulu horiek emateagatik, ikasketak baliozkotzeagatik, edozein eratako ziurtagiriengatik, agiriak konpultsatzeagatik eta idazkaritza-lanengatik eskatutako prezioak.

  3.  Prezioak zehazteko irizpideak izango dira, besteak beste, ikasketa-mota eta -maila, ikasgaiaren esperimentaltasun-maila eta zenbatgarren matrikula den.

79. artikulua. Prezio publikoen gaineko salbuespenak eta murriztapenak

  1. Unibertsitate publikoko ikasleek salbuespenak eta murriztapenak eduki ahalko dituzte honako baldintza hauek betez gero: familia ugariko kidea, guraso bakarreko familiakoa, terrorismoaren biktima edo haien senidea, desgaitasuna duen kideren bat daukan familia-unitateko kidea, genero- edo sexu-indarkeriaren biktima, nazioarteko eta aldi baterako babes-eskatzailea edo -onuraduna eta aberrigabea, edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren onuraduna izatea.

  2. Prezio publikoak ezartzeko unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuak emandako aginduan aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak zehaztu ahalko dira, eta, gainera, beste salbuespen batzuk ezarri ahalko dira, osoak edo partzialak, baldin eta diskriminazio arbitrariorik eragiten ez badute.

  3. Unibertsitateak, gainera, zerbitzu akademikoak emateagatiko prezio publikoen salbuespen partzial edo osoko beste modalitate batzuk ezarri ahalko ditu, bere aurrekontuen kontura.

80. artikulua. Irakaskuntzen beste prezio batzuk

Gizarte Kontseiluak ezarriko ditu irakaskuntza propioen eta bizi osoko prestakuntzako irakaskuntzen prezioak, Autonomia Erkidegoak errekonozitutako titulazioak edo diplomak barne, bai eta espezializazio-ikastaroengatik eta unibertsitateak egindako bestelako prestakuntza-jarduerengatik eskatutakoak ere.

81. artikulua. Beste entitate edo pertsona fisiko batzuekiko kontratuak

  1. Unibertsitate publikoak entitate publiko eta pribatuekin edo pertsona fisikoekin egin beharreko kontratuak estatutuetan ezarritako prozeduren arabera baimenduko dira, oinarrizko arau aplikagarriei jarraituz. Estatutuek beraiek zehaztuko dute, gainera, horiekin lortutako ondasunak eta baliabideak zertarako erabiliko diren.

  2. Lortutako kontraprestazio ekonomikoak unibertsitatearen diru-sarreratzat joko dira, eta haren diru-sarreren aurrekontuan agertu beharko dute. Haien likidazioak unibertsitatearen aurrekontuetako likidazioan agertu beharko du.

  3. Aurreko apartatuan xedatutakoak ez du eragozten irakasleek edo ikertzaileek kontratu horien kontura ordainsari osagarriak eskuratu ahal dituztenik, gai horri buruz oinarrizko legediak eta unibertsitatearen estatutuek ezarritakoari jarraituz.

  4. Unibertsitateak erantzukizuna izango du kontratuak betetzen ez badira; hala eta guztiz ere, zuzeneko erantzuleen aurka jo ahal izango du atzerabideko akzioaren eta legozkiokeen diziplina-ekintzen bidez.

82. artikulua. Bestelako diru-sarrerak.

Aurreko artikuluetan aipatutako diru-sarreren iturriez eta lege honen 45.5. artikuluan jasotakoaz gain, unibertsitateak beste finantzaketa-bide batzuk esploratu beharko ditu, esaterako, patenteak saltzea, mezenasgoa, babesletza, dohaintzak, legatuak eta abar.

4. atala. Gastuen araubidea

83. artikulua. Baliabideen erabilera efizientea

  1.  Gastuen araubideak baliabideak efizientziaz eta arduraz erabiltzen direla bermatu beharko du, eta aurrekontuen oreka eta jasangarritasun finantzarioa ziurtatu beharko du.

  2.  Unibertsitateek ebaluazio- eta kontrol-mekanismo jarraituak ezarriko dituzte, helburuak betetzen direla eta funtsen esleipena egokia dela egiaztatzeko.

84.  artikulua. Diru-sarrera propioen bidez finantzatutako gastua

  1. Unibertsitateen arloko sail eskudunak araubide arin eta malgu bat sustatuko du unibertsitatearen diru-sarrera propioekin finantzatutako gastuak gauzatzeko; adibidez, jarduera propioetatik; dohaintza, legatu edo babesletzetatik; edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko deialdietako lehiaketa bidezko ikerketa-proiektuetatik eskuratutakoekin finantzatutakoetarako.

  2. Aurrekontuan gehitutako soberakinak haien izaeraren arabera gauzatu beharko dira. Lotutako baliabideetatik datozenak jatorrian aurreikusi zen xederako erabiliko dira soilik, eta lotu gabeak, aldiz, plangintza estrategiko instituzionalarekin bat datozen jarduketetan aplikatu ahalko dira, lege honen 73.4. artikuluan ezarritako baimena jaso ondoren, betiere jasangarritasun finantzarioaren eta aurrekontuen egonkortasunaren printzipioak errespetatuz gero.

5. atala. Aurrekontuen gardentasuna eta erantzukizuna

85. artikulua. Kontrol ekonomiko eta finantzarioa

  1. Unibertsitateak unibertsitateen arloko sail eskudunari 47. artikuluan aurreikusitako informazio  ekonomiko  eta  finantzarioa  bidaliko  dio,  baita  aurrekontuen egonkortasunaren araudiak eta estatuko zein autonomia-erkidegoko beste xedapen batzuek eskatutakoa ere.

  1. Aurrekontuen emaitza edo altxortegiko soberakina negatiboak badira, Gizarte Kontseiluak doikuntza finantzarioko neurriak hartu beharko ditu aurrekontuaren edo altxortegiaren oreka berreskuratzeko. Gizarte Kontseiluak neurri horiek aldatu edo atzera bota ahalko ditu, errektoreak hala proposatuz gero eta unibertsitateen arloko sail eskudunak aurretik baimena emanez gero, aurrekontu-eskuragarritasunagatik eta altxortegiaren egoeragatik hala egin badaiteke. Nolanahi ere, Gobernu Kontseiluak aurrekontuen edo altxortegiaren soberakinaren emaitza negatiboaren kausak zeintzuk diren jakin beharko du, baita egiturazkoak edo koiunturalak diren eta zuzentzeko zer alternatiba proposatu den ere.

86.  artikulua. Kontuak fiskalizatzea

Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokio unibertsitatearen publikoaren, haren Gizarte Kontseiluaren eta, oro har, instituzio pribatu edo publikoek egiten duten funts publikoen erabileraren fiskalizazioa egitea, bai eta unibertsitateak berak egin nahi dituen auditoretzak ere.

87. artikulua. Kredituen transferentziak, zorpetzeak eta bermeak

  1. Unibertsitateen eta ogasunaren arloko sail eskudunek proposatuta, Eusko Jaurlaritzari dagokio:
    Kapital-eragiketetako kreditua gastu arrunteko eragiketetara transferitzeko baimena ematea. Baimen horren ondoren, Gizarte Kontseiluaren erabakia beharko da.

  2. Zorpetzeko eta bermeak eskatzeko eragiketak baimentzea.

4. kapitulua. Ondare- eta kontratazio-araubidea

88. artikulua. Ondarea

  1. Ondarea eskuratzeko, lotzeko eta kudeatzeko, manu hauetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio: lege hau eta unibertsitateen oinarrizko legedia, Euskadiko Ondarearen Legea eta administrazio publikoen ondarearen araudia, eta unibertsitateko gainerako barne-arau aplikagarriak.

  2. Zerbitzu publikoari datxezkion unibertsitate publikoaren ondasun eta eskubideak jabari publikoko ondasunak direla joko da.

    Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beste administrazio publiko batzuek unibertsitateari ondasunak eta eskubideak laga ahalko dizkiote, jabetza berentzat gordeta, ondasun edo eskubide horiek ez direnean unibertsitatearentzako bakar-bakarrik edo aldi baterako erabiltzeko lagatzen direnean.

  3. Gizarte Kontseiluari dagokio ondasunak jabari publikotik desafektatzeko eta, hala badagokio, haiek xedatzeko erabakiak hartzea, unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuak aurez aldetik baimena eman ondoren. Xedatze-egintza horietatik eskuratutakoa Gizarte Kontseiluak adostutako xedeetarako erabili beharko da.

  4. Ondare-ondasuntzat joko dira unibertsitateko hezkuntza-zerbitzu publikoari ez datxezkion ondasunak eta eskubideak. Halakoak eskuratzeko, xedatzeko eta kudeatzeko egintzak administrazio publikoei aplikatu beharreko araudiari jarraituko dio, eta berebat unibertsitateko organoei dagozkien eskuratzeko eta xedatzeko prozedurei eta mugei buruz esparru horretan Gizarte Kontseiluak erabakitzen duenari ere.

  1. Unibertsitatearen ondarearen parte izango dira unibertsitateko langileek beren eginkizunak egitearen ondorioz unibertsitatea titular duten jabetza industrial eta intelektualeko eskubideak, bai eta interes orokorreko jardueretan enpresekin elkarlanean jarduteko hitzarmenak gauzatzetik etorritakoak ere.

89. artikulua. Ondarearen inbentarioa

Unibertsitateak bere ondasun eta eskubideen inbentario bat egingo du eta eguneratuta eduki beharko du, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

90. artikulua. Kontratazio-araubide orokorra

Unibertsitatea eta orobat berak baliatzeko sortutako erakundeak sektore publikoko kontratuen legediak kasu bakoitzerako ezarritakoaren pean egongo dira; hargatik lan zientifiko, tekniko edo artistikoak egiteko zein espezializaziorako irakaskuntza edo prestakuntza-jarduera espezifikoak egiteko kontratuen berezitasunak eragotzi gabe.

91. artikulua.– Jabetza nahitaez kentzea

  1. – Jabetza nahitaez kentzearen inguruko legeriaren ondorioetarako, unibertsitatea onuradun dela joko da.

  2. – Unibertsitate zerbitzu eta ekipamenduak –teknologia-parkeak barne– ipini, handitu eta hobetzeko obren proiektuak herri-onurakoak direla joko da, proiektu horietarako behar diren ondasun eta eskubideen jabetza nahitaez kentzea dela-eta.

  3. – Jaurlaritzak obra-proiektu horiek onartzeak herri-onurakotzat jotzea eta ondasun eta eskubideak okupatu beharra dakar berekin. Dena delako obra-proiektua onartzeko erabakiak ondasun eta eskubide guztien eta horien jabeen zerrenda osoa jaso beharko du, jendaurrean erakutsi beharko da hamabost egunez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, dagokion lurralde historikoaren aldizkari ofizialean eta dagokion lurralde historikoan hedapen handienetakoa duen egunkari batean gutxienez argitaratu beharko da.

5. kapitulua. Unibertsitate publikoko langileak

92. artikulua. Unibertsitateen zerbitzurako langileak

  1. Unibertsitate publikoaren zerbitzurako langile-taldea irakasleek eta ikertzaileek osatuko dute, baita teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek ere.

  2. Irakasleen eta ikertzaileen prestakuntza-etapetan izan ezik, langile guztiak egonkorrak izango dira, ahal dela, eta karrera akademikoaren edo profesionalaren denbora-segidak aurreikusteko moduko mugarriak izango ditu. Unibertsitateak horretarako neurriak hartuko ditu.

93.  artikulua. Lanpostuen zerrenda

  1. Lanpostuen zerrendak unibertsitateak bere barneko egiturak arrazionalizatzeko eta antolatzeko, langile-beharrak zehazteko, lanpostuetan aritzeko eskatutako betekizunak definitzeko eta lanpostuak sailkatzeko dauzkan tresnak dira.

  2. Lanpostuen zerrendak aurrekontuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dira, halako moldez non aurrekontu-plantillan kreditu-zuzkidurarik ez daukan lanposturik ezingo den agertu.

  3. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrendak Euskal Enplegatu Publikoaren araudian administrazio publikoentzat oro har ezarritakoari egokituko zaizkio.

  4. Irakasleen eta ikertzaileen lanpostuen zerrendek honako hau jasoko dute, gutxienez: 

    a. Lanpostuaren izena eta bakoitzetik dauden zuzkidurak.

    b. Zein saili eta jakintza-arlori atxikita dauden.

    c. Ordainsari-araubidea.

    d. Lanpostuaren hizkuntza-profila.

    e. Dedikazio-araubidea.

    f.  Betekizun espezifikoak, hala badagokio; esaterako, hirugarren hizkuntza baten beharra edo lotutako plaza bat izatea.

  5.  Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluari dagokio lanpostuen zerrendak onartzea, Unibertsitate Planari jarraituz, aurrekontu-aurreikuspenen esparruan.

  6.  Lanpostuen zerrendak eta haien aldaketak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta, aurretik, unibertsitateen arloko sail eskudunek baimendu beharko dituzte, gastuaren ikuspegiari erreparatuz.

94. artikulua. Langile-kostuetarako baimena

  1. Unibertsitateak jarraian zerrendatutako dokumentuak bidali beharko dizkio unibertsitateen arloko sail eskudunari urtero, maiatzaren 31 baino lehen: 

    a. Langile-taldearen egoera xehatua. Amortizatutako, eraldatutako, berresleitutako edo sortu behar direla aurreikusitako lanpostuak identifikatu beharko dira.

    b. Langile-kostu osoen zerrenda, ordainsari-kontzeptu eta osagarri guztiak adierazita.

  2. Unibertsitateen arloko sail eskudunak aurretik baimendu beharko ditu bai irakasle eta ikertzaileen langile-kostuak, bai teknikarienak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak.

  3. Langile-kostuak baimentze aldera, unibertsitateko Enplegu Publikoaren Eskaintzak aurretik unibertsitateen arloko sail eskudunaren baimena jaso beharko du. Beharretan gerora sortutako aldaketak epe ertaineko plangintzan aldatuko dira, Unibertsitate Planean aurreikusitakoari jarraituz.

6. kapitulua. Irakasleak eta ikertzaileak

95.  artikulua. Unibertsitate publikoko irakasleak eta ikertzaileak

  1.  Unibertsitate publikoko irakasle-taldea unibertsitateko irakasleen kidegoetako eta lan-zuzenbidearen araubidearen arabera kontratatutako ikertzaileek osatzen dute.

  2.  Irakasleek eta ikertzaileek, hala funtzionarioek nola kontratudunek, dituzten eskubide eta betebeharrak honako manu hauetan zehaztuta daude: lege honetan eta gainerako araudi aplikagarrian –haien enplegu-lotura, funtzionarioena zein kontratupekoa, kontuan hartuta–, unibertsitatearen estatutuetan, lan-baldintzak arautzen dituen akordioan edo hitzarmen kolektiboan, eta laneko kontratuan. Bereziki aitortzen da irakasleek eta ikertzaileek beren ikerketa-lana nazioarteko zentro eta unibertsitateetan egiteko duten eskubidea eta betebeharra.

  1.  Langile horiek unibertsitateak ezartzen dizkieten irakaskuntza- eta ikerketa-betebeharrak izango dituzte. Antzeko jakintza-alorretan irakaskuntza-lanetan jardutea agindu ahalko zaie, horretarako arrazoiak azalduz gero.

Lehen atala. Irakasle eta ikertzaile kontratudunak.

96. artikulua. Irakasle eta ikertzaile kontratudunen tipologiak.

  1. Hauek dira irakasle eta ikertzaile kontratudunen tipologiak:

    a) Lan-kontratudun langile iraunkorrak kategoria hauetakoak izan ahalko dira: 

    1. Irakasle agregatua.

    2.  Ikertzaile iraunkorra.

    3. Irakasle osoa.

    4. Ikerketa-profesorea

    b) Irakasle laguntzaile doktore

    c) Irakasle elkartua

    d) Irakasle bisitaria

    c) Irakasle itzaltsua

  2. Unibertsitateak irakasle emerituak izendatu ahalko ditu.

  3. Lotutako plazak sektoreko araudian haien berezitasunagatik edo erregelamenduz zehaztutako moduan justifikatutako araubide berezi baten pean egon ahalko dira.

97. artikulua. Lan-kontratudun irakasle iraunkorren kategoriak

  1. Lan-kontratudun irakasle iraunkorrentzat ezarritako legezko araudiaren menpean daude irakasle agregatuaren, ikertzaile iraunkorraren, irakasle osoaren eta ikerketa-profesorearen kategoriak.

  2. Ikertzaile iraunkorrak edo ikerketa-profesoreak ikerketan jardungo dira gehienbat, eta irakaskuntzan, gehienez ere, lanaldi osoko kredituei dagokien denboraren % 25era arte aritu ahalko dira.

  3. Ikertzaile iraunkorraren eta ikerketako irakasleen lanpostuak, ahal dela, unibertsitatearen plan estrategikoetan edo Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza planetan estrategikotzat jotako ezagutza-alorrei lotuta egongo dira.

  4. Irakasle osoen eta ikerketako irakasleen eskubideak eta betebeharrak katedradunen kidegoenen parekoak izango dira.

  5. Irakasle agregatuen eta ikerketako irakasleen kategorien eskubideak eta betebeharrak irakasle osoenen parekoak izango dira.

98.  artikulua. Bestelako kontratazio-tipologia batzuen berezitasunak

  1. Unibertsitateak mekanismoak prestatuko ditu nazioarteko goi-mailako pertsonak kontratatzea ahalbidetzeko, irakasle itzaltsuaren figuraren bitartez. Kontratuetan zenbat denbora iraungo duten zehaztuko da, eta amaitutakoan luzatu ahal izango dira.

  2. Irakasle itzaltsu, bisitari eta emerituak, guztira, ezingo dira izan kontratatutako irakasle guztien % 5 baino gehiago, lanaldi osotan zenbatuta.

  3. Irakasle elkartuak, guztira, ezingo dira izan kontratatutako irakasle guztien % 5 baino gehiago, lanaldi osotan zenbatuta, osasun-alorreko titulazioetan irakasten duten irakasle elkartuak kanpo. Titulazio dualetako irakasleen artean, ehuneko horrek % 5a gainditu ahalko du

99.  artikulua. Irakasleen eta ikertzaileen akreditazioa.

  1. Lan-kontratudun irakasle eta ikertzaile iraunkor izateko, aurretik Unibasqen akreditazioa lortu beharko da, kategoria guztietarako, baita, hala badagokio, kontratu-modalitate horren barruan postuz igotzeko ere.

  2. Posible denean, Unibasqek ANECArekin hitzarmenak sinatuko ditu unibertsitateko irakasle-kidegoetarako lehiaketetarako akreditazioa eskuratu nahi dutenen merezimenduak eta gaitasunak ebaluatzeko.

  3. Unibasqek Euskal Unibertsitate Sistemako lan-kontratudun langileak ebaluatuko eta akreditatuko ditu.

  4. Akreditazio-araubidea erregelamendu bidez ezarriko da, lege honetan ezarritako kalitate-irizpideei jarraituz.

100.  artikulua. Irakasle eta ikertzaile kontratudunen hautaketa

  1.  Unibertsitateko irakasleak eta ikertzaileak lehiaketa publikoz kontratatuko dira, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz. Irakasle itzaltsu eta bisitariei ez zaie lehiaketa-araubidea aplikatuko, eta zuzeneko kontratazioa egingo da.

  2.  Irakasle eta ikertzaile kontratudunak hautatzeko lehiaketa publikoen deialdia unibertsitateko errektoreak onartuko du, eta erabakiak lehiaketaren oinarriak jaso beharko ditu. Zerrenda zehaztugabe baten bidez betetzekoak diren lanpostuetarako deialdia denean, errektoreak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea aginduko du.

  3.  Ezin da inolako lanpostutarako deialdirik egin lanpostuen zerrendan lanpostu hutsik eta aurrekontuan kontsignaziorik ez badago. Horretarako, deialdiaren aurretik, errektoreak gerenteari txostena eskatuko dio, eta alderdi horietan loteslea izango da.

  4.  Irakasleak eta ikertzaileak erregelamenduz eta unibertsitatearen estatutuetan aurreikusitako moduan osatutako batzordeen bitartez hautatuko dira, berdintasun-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, gardentasun- eta kualifikazio-printzipioak bermatuta. Hautaketa-batzordeek hautagai guztien merezimenduak eta ezarritako proben emaitzak baloratu beharko dituzte, eta lehenespenen eta bakoitzari emandako zenbakizko balorazioaren arrazoiak azaldu beharko dituzte.

  5.  Unibertsitatearen estatutuek hautaketa-batzordeen erabakien kontrako erreklamazio-araubide bat aurreikusi beharko dute; erreklamazioak jasoko dituen organoa bere independentzia eta inpartzialtasuna bermatzeko moduan eratu beharko da, eta errekurtsoen bidez aurkaratutako erabakiak deuseztatu ahalko ditu.

Bigarren atala. Karrera akademikoa eta nazioarteko mugikortasuna

101. artikulua. Karrera akademikoa

Unibertsitateko irakasleen karrera akademiko estandarrak fase hauek ditu: a) doktorego aurreko lau urteko aldia; b) doktorego osteko bi urteko prestakuntza-aldia irakaslearen jakintza-eremuko nazioarteko ikerketa-zentro prestigiotsu batean; c) aukeran, irakasle laguntzaile doktorea; d) langile iraunkorra: agregatua, titularra edo ikertzaile doktorea; eta e) langile esperientziaduna: osoa, katedraduna edo ikerketa-profesorea.

102. artikulua. Nazioarteko mugikortasuna

  1. Unibertsitateak karrera akademiko osoan nazioarteko zentro prestigiotsuetan egonaldiak egiteko aukera erraztuko du.

  1. Unibertsitateen arloko sail eskudunak behar diren gastuak ordaintzeko laguntzak emango ditu irakasle eta ikertzaileek Lege honen 95.2 artikuluan jasotako nazioarteko zentro edo unibertsitate prestigiotsuetan egonaldiak egin ditzaten.

  2. Unibertsitateak lizentzia sabatikoen programa bat edukiko du, batez ere nazioarteko unibertsitate eta zentro prestigiotsuetan egonaldiak egitera bideratua.

  3. Irakasleen eta ikertzaileen merezimenduak ebaluatzeko irizpide gisa jasoko da, berariaz, nazioarteko zentro eta unibertsitate prestigiotsuetan egonaldiak egin izana.

103. artikulua.- Kontziliazioa eta karrera akademikoa.

  1. Emakumeak karrera akademikoan sartzen, irauten eta aurrera egiten laguntzeko eraginkorrak diren neurriak hartuko dira, besteak beste: 

    a. Ebaluatzeko, mailaz igotzeko edo egonkortasuna lortzeko epe formalak eten edo luzatzen dituzten mekanismo instituzionalak.

    b. Konpentsazio-mekanismoak, kontziliazioaren eta hazkuntzaren edo zaintzeko dedikazioaren ondorioz jarduera akademikoan eteteak duen berehalako inpaktua murrizteko.

    c. Karrera akademikora itzultzeko programak, aldi batez zirkuitu lehiakorretan inaktibo egon den pertsona modu aktiboan berriz txertatzeko.

    d. raginkortasuna modu sinesgarrian egiaztatuta duten beste edozein neurri.

  2.  Neurri horiek, hala denean, beste pertsona batzuei ere aplikatu ahal izango zaizkie, baldin eta adiskidetze-premia baliokideak dituztela egiaztatzen badute.

Hirugarren atala. Irakasleen eta ikertzaileen araubidea

104. artikulua. Irakasle eta ikertzaile kontratudunen dedikazio-araubidea

  1. Lan-kontratudun irakasle iraunkor gisa kontratatutako irakasle eta ikertzaileek denbora osoko araubidean beteko dituzte beren eginkizunak, ahal dela.

  2. Unibertsitate publikoak irakasleei eta ikertzaileei banaka esleitutako irakaskuntza-mandatua aldatu ahalko du, oinarrizko araudian eta lege honetan eta hura garatzeko erregelamenduan jasotakoari jarraituz. Aldaketa horiek unibertsitate-planaren testuinguruan egingo dira, eta dagozkien programa-kontratuetan sartuko da horien finantzaketa.

  3. Unibertsitateko sail bakoitzeko irakasleen eta ikertzaileen plantillak behar adina zuzkidura izango ditu, amatasunagatik edo aitatasunagatik, gaixotasunagatik edo lizentzia bat justifikatzen duen beste edozein arrazoirengatik gerta daitezkeen absentziak betetzeko.

105. artikulua. Lizentziak eta eszedentziak

Irakasleei eta ikertzaileei dagozkien gainerako lizentziak eragotzi gabe, behar diren mekanismoak ezarriko dira jarraian zerrendatutako xedeetarako lizentziak edo eszedentziak emateko, beren lana funtzionario edo langile kontratudun gisa lanaldi osoan eta doktore-titulua izanik egiten dutenei aplikagarri zaien araudiari jarraituz:

  1.  Interes eta tamaina bereziko irakaskuntza-proiektuak garatzea, beste unibertsitate batzuekin lankidetzan.

  2. Nazioarteko instituzio prestigiotsuetan ikerketa-jarduerak egitea, edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentroetan ikerketa- edo transferentzia-jarduerak egitea, haien xedea interes bereziko gaietakoa denean edo une horretan indarrean den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ildo estrategikoekin bat datorrenean.

  3. Unibertsitateari atxikitako ikastegietan edo harekin elkarlan akademikoko akordio bat sinatu dutenetan irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerak egitea.

  1.  Irakaskuntza-materialak euskaraz idaztea edo euskarara itzultzea, bereziki une horretako teknologia berrienak darabiltzatenak.

  2. Nazioarteko lankidetzako edo garapenerako laguntzako proiektuetan elkarlanean aritzea, prestakuntza- edo ikerketa-lanetan.

106. artikulua. Bateragarritasun-araubidea.

  1. Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek bigarren lanpostu edo jarduera bat eduki ahalko dute sektore publikoko beste ikastegi, unibertsitate edo entitate batzuetan, irakaskuntzako, ikerketako edo transferentziako zerbitzuak emateko, Eusko Jaurlaritzak interes publikokoak direlako hala erabakitzen badu. Jarduera hori lan-kontratupeko araubidean eman ahalko da, lanaldi partzialean eta laneko legediak eta funtzionarioen erregimenak ezarritako baldintzen pean.

  2. Bigarren jarduera egin aurretik, berariazko bateragarritasun-baimena beharko da; hark ez du bi lanpostuetako lanaldirik eta ordutegirik aldatuko eta baldintza horiek bietan zorrotz-zorrotz betez gero bakarrik balio izango du.

 107. artikulua. Ordainsari-araubide orokorra

  1. Unibertsitateko funtzionarioen kidegoko langileei oinarrizko legedian eta lege honetan ezarritako kontzeptuengatik ordainduko zaie, gardentasunez.

  2. Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez zehaztuko du irakasle eta ikertzaile kontratudunen ordainsari-araubidea. Irakasleen eta ikertzaileen kategoria bakoitzean hainbat maila ezarri ahalko dira, eta batetik bestera igotzeko betekizunak eta prozedurak arautu ahalko dira, baita horrek ordainsarietan izango dituen ondorioak ere.

  3. Irakasle itzaltsuen eta bisitarien ordainsari-araubidea aldeek negoziatu ahalko dute.


108. artikulua. Ordainsari gehigarriak

  1. Eusko Jaurlaritzak ordainsari osagarriak ezarri ahalko ditu irakasle eta ikertzaileentzat, hala funtzionarioentzat nola kontratudunentzat, kontzeptu hauei lotuta: haietako bakoitzaren merezimenduak, instituzioetan erantzukizun-karguak betetzea, kalitatezko irakaskuntza ematea, ezagutza transferitzeko eta hedatzeko lan nabarmenetan aritzea eta, bereziki, ikerketako ibilbide bikaina.

  2. Unibertsitateen arloko sail eskudunak proposatuta, Eusko Jaurlaritzari dagokio ordainsari horien mugak ezartzea, efikazia- eta efizientzia-irizpideen arabera; eta Gizarte Kontseiluari, aldiz, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta, muga horiek banan-banaka esleitzea, behin Unibasqek merezimenduak baloratu eta gero.

  3. Halaber, Eusko Jaurlaritzak irakaskuntzaren ordainsari osagarriak ezarri ahalko ditu ikertzaile iraunkorrentzat eta ikerketako irakasleentzat, egindako irakaskuntza-jarduera aintzatesteko. Osagarri horietarako betekizunak irakaskuntza-kidegoetako irakasleentzakoen eta irakasle kontratudun iraunkorrentzakoen antzekoak izango dira; eta zenbatekoak, lanaldi osoko irakasleen aldean emandako irakaskuntzaren neurrikoak.

  4. Osagarriek bi osagai izango dituzte, bata finkatua eta bestea finkaezina.

Laugarren atala. Ikertzaile ez iraunkorrak

109. artikulua. Ikertzaile ez iraunkorrak

  1. Prestakuntzan dauden doktorego aurreko eta doktorego ondoko ikertzaileak indarreko araudiak eta estatutuek ezarritako baldintzen pean eta bertan zehaztutako eskubideekin atxikiko zaizkio unibertsitateari. Doktorego aurreko ikertzaileek ez dute irakaskuntzako betebeharrik izango. Ikertzaile horiek irakaskuntza lana mugatua izango dute.

  2. Jarduera zientifiko-teknikoetarako kontratua duten langileek, ahal dela, doktore-titulua izango dute, eta ez dute eskolarik emango.

  3. Manu honek arautzen dituen ikertzaileen plazak ez dira lanpostuen zerrendan egongo, eta aurretik ez ditu unibertsitateen arloko sail eskudunak baimendu beharko.

7. kapitulua. Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak

110.  artikulua. Teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak

  1. Unibertsitate publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen taldea funtzionarioek eta langile lan-kontratudunek osatuko dute, eta unibertsitateko jardueraren hainbat eremutan espezializatuta egongo da.

  2.  Unibertsitateak irakaskuntza-, ikerketa- eta transferentzia-zerbitzuak behar bezala garatzeko adina teknikari eta kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langile izan beharko ditu.

  3.  Ikerketa-jarduera behar bezala sostengatzeko teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langile egokiak eduki beharko ditu unibertsitateak.

111. artikulua. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskuduntzak

  1.  Lege honen 59. artikuluak esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko, unibertsitateak kualifikazio handiko teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak eduki beharko ditu, unibertsitate-inguruaren konplexutasun teknikora, antolakuntza-konplexutasunera eta konplexutasun instituzionalera egokitutakoak. Horretarako: 

    1.  Lanpostu espezifikoak sortuko ditu unibertsitatearen gobernuari, ikerketari, nazioartekotzeari eta transferentzia-jarduerei lotutako teknikarientzat eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzat.

    2.  Langile horientzako prestakuntza aurreratuko eta gaitasunak egiaztatzeko programak ezarriko ditu.

    3.  Karrera profesionaleko eta sustapeneko ibilbideak diseinatuko eta abiaraziko ditu, eskatutako erantzukizunei eta espezializazioari egokitutakoak.
      artikulua. 

112. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen araubide juridikoa

  1.  Unibertsitate publikoko teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioen araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioei aplikatu beharreko araudiaren eta unibertsitatearen estatutuen eta barneko gainerako arauen pean dago, baita unibertsitateko funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituzten akordio eta hitzarmen propioen pean ere.

  1.  Lan-kontratudun teknikariak eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, aldiz, oinarrizko araudiak eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginak xedatutakoaren pean daude, baita lan-alorreko gainerako legediak eta hitzarmen kolektibo aplikagarriek zehaztutakoaren pean ere.

  2.  Unibertsitateak hautaketa-prozesuetan eta lanpostuak betetzekoetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zerbitzurako langileentzat ezarritako arauak betetzen direla bermatu beharko du.

113. artikulua. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen karrera profesionala eta mugikortasuna

  1.  Teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek erregelamenduz ezarritako moduko karrera profesionala izateko eskubidea dutela bermatuko da.

  2.  Unibertsitateak urte anitzeko planak egingo ditu bere teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasunerako, eta, haietan, arreta berezia jarriko zaio nazioarteko mugikortasunari. Halaber, goi-mailako hezkuntzako instituzioetan, entitateetan edo enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea sustatuko da.

114.  artikulua. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ebaluazio eta prestakuntza jarraitua

  1.  Unibertsitate publikoak teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen jarduna ebaluatzeko-sistemak ezarriko ditu, lanpostuen ezaugarrien eta betekizunen araberakoak.

  2.  Orobat, prestakuntza jarraitua eta langileen ezagutza eta gaitasun profesionalak etengabe eguneratzea sustatuko du, une horretako tresna teknologiko aurreratuenak erabiltzeko gaitasunetan arreta berezia jarrita.

115. artikulua. Teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordainsariak

  1. Teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei unibertsitatearen aurrekontuen kontura ordainduko zaie.

  2. Unibertsitateari dagokio bere teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen, hala funtzionarioen nola lan-kontratudunen, ordainsari-araubidea ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzat autonomia-erkidegoak ezarritako gehieneko ordainsarien mugen barruan.

IX.  TITULUA. UNIBERTSITATE EZ PUBLIKOAK

116.  artikulua. Araubide juridikoa. Antolaketa- eta funtzionamendu-arauak.

  1. Publikoak ez diren unibertsitateek unibertsitateei buruzko araudiari, haiek sortzeko legeari, beren funtzionamendu-arauei eta ezartzen dituzten gainerako arauei jarraituko diete.

  2. Publikoak ez diren Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek beren antolaketa-eta funtzionamendu-arauak egin beharko dituzte, beren organoetan unibertsitateko komunitatearen sektore guztiek parte hartzen dutela eta ordezkaritza daukatela bermatzen duen prozedura baten bitartez. Horren ostean, arauok unibertsitateen arloko sail eskudunari bidaliko dizkiote, lau hilabeteko epean legezkotasun-txosten nahitaezko eta loteslea igor dezan. Epe hori igarotakoan, administrazio-isiltasunak ezetsi egingo ditu. Arau horiek legeen araberakoak direla egiaztatu ondoren, sailak Eusko Jaurlaritzari bidaliko dizkio dekretu bidez onets dezan, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara daitezela aginduko du.

  3. Antolaketa- eta funtzionamendu-arauek unibertsitatearen kudeaketa, egitura eta funtzionamendua arautzen dituzte, eta honako hauek jaso beharko dituzte, gutxienez:

    1. Unibertsitateko komunitatea zaintzeko lege honen 59. artikuluan jasotako unitateen aurreikuspena, berariaz, eta horiek funtzionatzeko bermeak.

    2. Honako alderdi hauei buruz kontu emateko mekanismoak: baliabide ekonomikoen eta langileen kudeaketa, irakaskuntzaren eta ikasleen errendimenduaren kalitatea eta ebaluazioa, ikerketako eta ezagutza transferitzeko eta trukatzeko jarduerak, horiek garatzeko baliabideen bilketa, nazioartekotze-politika eta unibertsitateko zerbitzuen kudeaketaren kalitatea eta eskuragarritasuna.

  4.  Antolaketa- eta funtzionamendu-arau horiek eduki ezean, zehapen-prozedura bat hasi ahalko da, jarduerak eten ahalko dira edo finantzaketa eragotzi ahalko da, ikasleei kalterik eragin bazaie.

117.  artikulua. Publikoak ez diren unibertsitateen araubide espezifikoa

  1. Eusko Jaurlaritzak unibertsitate publikoarentzakoaren pareko baldintza-araubide bat ezarri ahalko du edonolako laguntza publikoak jasotzen dituzten eta publikoak ez diren unibertsitateentzat.

  2. Ikerketarako eta ezagutza sortzeko, transferitzeko eta trukatzeko proiektuak sustatzeko programak, Euskal Unibertsitate Sistemako izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko unibertsitateetara bideratuko dira lehentasunez.

118. artikulua. Publikoak ez diren unibertsitateen gobernantza

  1. Publikoak ez diren unibertsitateek beren gobernu-, partaidetza- eta ordezkaritza-organoak beren antolaketa- eta funtzionamendu-arauetan ezarriko dituzte, araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituz.

  2. Unibertsitate horien gobernu-organoetan emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izango dute, eta erabaki akademikoak hartzen dituztenetan irakasleek eta ikertzaileek ordezkaritzaren gehiengoa edukitzea bermatuko dute.

119. artikulua. Euskara publikoak ez diren unibertsitateetan

Publikoak ez diren Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek beren jardueretan euskara erabiltzea sustatuko dute.

120. artikulua. Araubide ekonomiko eta finantzarioa

  1. Publikoak ez diren unibertsitateetako eta unibertsitate publikoei atxikitako ikastegi pribatuen araubide ekonomiko eta finantzarioak, oro har, beren izaera juridikoaren arabera aplikatu behar zaien araudian xedatutakoari jarraituko dio, unibertsitate horiek errekonozitzeko arauetan ezarritako berezitasunak errespetatuz.

  2. Nolanahi ere, unibertsitate publikoarentzako ezarritako kudeaketako eta kontu emateko gardentasun-betebeharren mendean egongo dira. Zehazki, ikasturte bakoitza amaitutakoan unibertsitateen arloko sail eskudunari memoria ekonomiko eta akademiko bana bidaliko biote. Memoria horrek fideltasunez islatu beharko du unibertsitatearen egoera ekonomikoa, eta datu zehatzak jaso beharko ditu matrikulatutako ikasleei, irakasle eta ikertzaile kontratudunei, teknikariei eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei, eta egindako jarduerei buruz. Unibertsitateen arloko sail eskudunak edozein unetan eskatu ahalko du publikoak ez diren unibertsitateen eta unibertsitate publikoei atxikitako ikastegi pribatuen informazio ekonomiko eta finantzarioa.

  1. Publikoak ez diren unibertsitateak eta haiek emandako zerbitzuak beren izaera juridikoaren arabera aplikatu beharreko zerga- eta kontabilitate-araudiaren pean egongo dira.

  2. Publikoak ez diren unibertsitateek beren aurrekontuaren ehuneko bost, gutxienez, ikerketa-programa propioetara bideratuko dute.

121. artikulua. Ikasleen prezioen gaineko salbuespenak eta murriztapenak 

Unibertsitateen arloko sail eskudunak publikoak ez diren unibertsitateentzako laguntzak ezarri ahalko ditu bizitoki administratiboa Euskal Autonomia Erkidegoan duten ikasleen tasa akademikoen ehuneko jakin bat ordaintzeko; hain zuzen, lege honen 78. artikuluak jasotako prezio publikoen aginduaren arabera unibertsitate publikoan salbuespen edo murrizketarako eskubidea duten kolektiboetako ikasleenak.

122. artikulua. Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleak

  1. Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleek unibertsitateko titulu ofizialetan irakasteko titulazio akademiko egokia eduki beharko dute.

  2.  Horrez gain, unibertsitate publikoetarako exijitutako ehuneko berberak, gutxienez, doktore-titulua eduki beharko du, eta irakasle doktoreen % 60k, gutxienez, ebaluazio positiboa jaso beharko dute. Horretarako, unibertsitateak Unibasqekin ebaluazio hori egiteko hitzarmenak sinatu beharko ditu. Ondore horietarako, irakasleen guztizko kopurua honela zenbatuko da: graduko edo masterreko unibertsitate-titulu ofiziala lortzeko irakaskuntzak ematen dituztenen dedikazioa lanaldi osotan kontatuta.

X.  TITULUA. ARAUBIDE JURIDIKOA

1. kapitulua. Unibertsitateen eta unibertsitate-ikastegien araubidea

123.  artikulua. Unibertsitate publikoak sortzea

Unibertsitate publikoak Eusko Legebiltzarrak sortuko ditu, lege bidez, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak eta Unibertsitate Politikako Konferentzia Nagusiak txostena egin ondoren.

124. artikulua. Publikoak ez diren unibertsitateen izaera eta araubide juridikoa

  1. Eusko Legebiltzarrak errekonozitutako publikoak ez diren unibertsitateek izaera juridiko propioa izango dute, beren sustatzaileenarenetik bereizia. Lege honetan eta haiek errekonozitzeko legean xede horrekin ezarritako araubide juridikoaren eta beraiek ezarritako antolaketa- eta funtzionamendu-arauen pean egongo dira, baita hartutako nortasun juridiko-motaren araubidearen mendean ere.

  2. Edozein pertsona fisiko zein juridikok bultzatu ahalko du unibertsitateak errekonozitzea, eta unibertsitateok legez ezarritako edozein forma hartu ahalko dute: irabazi-asmoko entitateak zein izaera sozialekoak izan ahalko dira, sozietate kooperatiboak barne. Haien xede sozial bakarrak unibertsitateko hezkuntza eta ikerketa izango dira eta, hala badagokie, ezagutzaren transferentzia eta trukea ere bai. Gainera, lege honetako II. tituluan jasotako eginkizun guztiak egin beharko dituzte. Eusko Jaurlaritzak betekizun gehiago ezarri ahalko ditu Euskal Unibertsitate Sisteman errekonozitu daitezen, dekretu bitartez. Onarpenak berekin dakar onuradun izatea jabetza nahitaez kentzeko legeriaren ondorioei dagokienez.

  3. Unibertsitatea errekonozitu dadin, hamabost milioi euroko berme finantzarioa beharko da, gutxienez. Zenbateko hori dekretu bidez eguneratu ahalko da. Sustatzailea merkataritzako sozietate bat bada, ez da bermerik jarri behar izango eraketa-eskrituran jasotako hasierako kapital soziala hogei milioi eurotik beherakoa ez bada eta eskrituran bazkide bakoitzaren parte-hartzea jasota badago. Hasieran ordaindutako kapital soziala ezingo da izan kapital sozial osoaren ehuneko % 50 baino gutxiago, eta beti izan beharko du hasierako jarduerak adostutako moduan egiteko adina.

  4. Errekonozitzeko eskaera unibertsitateen arloko sail eskudunean aurkeztuko da, eta hark nahitaezko eta aldeko txosten bat igorri beharko du proposamenaren behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz. Gainera, errekonozitzeko legezko betekizunak betetzen dituela egiaztatuko du, Unibasqek aldeko txostena igorri ondoren Gobernu Kontseiluak onetsi beharreko lege-aurreproiektua izapidetzeko. Publikoak ez diren unibertsitateak Eusko Legebiltzarrak errekonozituko ditu, lege bidez, Unibertsitateko Politikako Konferentzia Nagusiak aurretik nahitaezko txostena egin ondoren. Lege horrek Unibasqek unibertsitate berriaren jarduerak nahitaez ebaluatu beharko dituela xedatuko du.

  5. Unibertsitate horren nortasun juridikoa, titulartasuna, izaera, egitura edo hura sortzeko legean jasotako beste edozein baldintza aldatzeko, unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak baimena eman beharko du, agindu bidez.

  6. Aurretik unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuaren baimena beharko da, orobat, hauetarako: publikoak ez diren unibertsitateen gain pertsona fisiko zein juridikoek duten titulartasuna osorik edo partez eskualdatzea edo lagatzea dakarten egintza edo negozio juridikoak, hala kostubidezkoak nola doakoak, inter vivos zein mortis causa egindakoak, baldin eta entitate titularraren administrazio-kontseiluan posturik edukitzeko eskubidea ematen badute; kapital soziala ordezkatzen duten tituluak kargatzeko egintzak; eta obligazioak edo antzeko tituluak jaulkitzeak.

125.  artikulua. Unibertsitateen jardueren hasiera

  1. Unibertsitateak sortu edo errekonozitu ondoren, jarduerak hasteko baimena emango zaio, unibertsitateen arloko sail eskudunaren agindu baten bitartez, behin araudian eta sortzeko prozeduran ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu ondoren; baita horiek betetzen direla aldizka gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ere.

  2. Jarduerak, gehienez ere, unibertsitatea sortzeko legea indarrean sartu eta bi urteko epean hasi beharko dira, edo lege horretan ezarritako epean, bestela. Epe hori bukatu aurretik, unibertsitateak unibertsitateen arloko sail eskudunari eskaera bat aurkeztuko dio; bertan, ezarritako betekizunak betetzen dituela justifikatu beharko du, eta, bereziki, irakasleei eta ikertzaileei dagozkienak eta graduko, masterreko eta doktoregoko eskaintza akademiko ofizialari dagozkionak konplitzen dituela. Baimena ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori amaitutakoan jakinarazi ezean, ezetsi egin dela ulertuko da.

  3. Jarduerak hasi ondoren legezko baldintzaren bat edo hartutako konpromisoren bat betetzen ez dela edo unibertsitatearen oinarrizko baldintzetan baimendu gabeko aldaketaren bat egin dela egiaztatzen bada, unibertsitateen arloko sail eskudunak hori gehienez ere hiru hilabeteko epean erregulariza dezala eskatuko dio, edo, bestela, gabezia horiek bi urteko epean zuzentzeko neurriak jasotzen dituen plan bat aurkez dezala. Epe horiek bukatutakoan erregularizatu ez bada, unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuak jarduera guztiak edo haietako batzuk etetea aginduko du, eta, hala badagokio, Eusko Legebiltzarrak onetsitako unibertsitatearen sorrera edo errekonozimendua atzera botatzeko lege-aurreproiektua izapidetzen hasiko da.

126. artikulua. Unibertsitate-ikastegiak sortzea eta desegitea

  1. Unibertsitate-ikastegiak sortzeko eta desegiteko, unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuak agindu bat eman beharko du, ikastegiotan edozein modalitatetako unibertsitate-ikasketak eman nahi direla ere. Baimen hori beharko da, bereziki, honako hauek sortzeko eta desegiteko: 

    1. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen ikastegiak, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo.

    2. Euskal Unibertsitate Sistematik kanpoko unibertsitateen ikastegiak, Euskal Autonomia Erkidegoan.

    3. Beste herrialde batzuetan indarrean dauden hezkuntza-sistemen araberako unibertsitate-mailako atzerriko irakaskuntzak eman nahi dituzten ikastegiak.

  2.  Eskariekin batera ikastegi horien helburuen, kostuen, finantzazioaren eta irakasleen memoria bat aurkeztuko da. Ikastegia atzerrian badago, gainera, helmugako hezkuntza-sistemaren araudira egokitzen dela adierazi beharko da, berariaz. Izapidetzean, halaber, oinarrizko araudiak eskatzen dituen txostenak, Unibasqen aldeko ebaluazioa eta ikastegiaren beharraren eta bideragarritasun akademiko eta sozialaren txostenak bilduko dira.

  3.  Baimena emateko agindua sei hileko epean emango eta jakinaraziko da, eta, horiek igarotakoan jakinarazi ez bada, ikastegiaren baimena ezetsi egin dela ulertuko da.

127.  artikulua. Euskal Sistemako unibertsitateei ikastegiak atxikitzea

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateei ikastegiak atxikitzeko, unibertsitateen arloko eskumena duen sailburuak baimena eman beharko du, agindu bidez, haien beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txostena eta Unibasqen aldeko txostena jaso ondoren. Agindua sei hileko epean emango da, gehienez ere, eta horiek igarotakoan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, atxikitzea ezetsi egin dela ulertuko da.


2.  kapitulua. Irakaskuntza eta titulazio ofizialen araubidea

128 artikulua. Euskal Unibertsitate Sistemak irakaskuntzen eskaintza programatzea

Unibertsitateen arloko sail eskudunak Euskal Sistemako unibertsitateetako eskaintza ofizialaren programazioa egingo du, haiekin adostuta, eta gizartearen eskarietara eta beharretara egokitzea sustatuko du, lege honetan eta Unibertsitate Planean xedatutako moduan, betiere unibertsitatearen autonomia errespetatuz.

129. artikulua. Irakaskuntza ofizialak ematea

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateek eta ikastegiek emandako titulu ofizialak ezartzeko, unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuaren baimena beharko da. Horretarako, tituluaren beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko nahitaezko eta aldeko txostena beharko da, baita ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko Unibasqen aldeko txostena ere.

  2. Doktorego-tituluetarako, dagokion eremuan ikertzaile fidagarriak eta eskarmentu askokoak daudela egiaztatuko da.

  3. Unibertsitateen arloko sail eskudunak baimendutako tituluak bi ikasturteko epean ezartzen direla ziurtatuko du.

  4. Tituluen jarraipena egitean Unibasqek eginiko kontrako txostena jasotzen bada, unibertsitateen arloko sail eskudunak ikasleen prestakuntza-interesak bermatzeko neurriak hartuko ditu.

3.  kapitulua. Unibertsitate-informazio ofiziala

130. artikulua. Datuak eta estatistikak

  1. EAEn kokatutako unibertsitate eta zentroek unibertsitateen arloko sail eskudunak bere eskumenak erabiliz eskatutako informazio, datu eta zifra guztiak emango dizkiote delako sailari, egiten dituzten jarduerei eta ematen dituzten zerbitzuei buruz, estatistiketarako erabiltzeko eta unibertsitateko politiken plangintzarako eta jarraipenerako eskumenez balia dadin.

  2. Informazio, datu eta zifra horiek eskatu bezain xehatuta emango dira, ezarritako epean eta formatu elkarreragingarrietan.

  3. Unibertsitateen arloko sail eskudunak unibertsitateen esku jarriko du bere esku dagoen eta unibertsitateek koordinatzeko eta beren eginkizunak betetzeko behar duten informazio guztia.

  1.  Betebehar hau ezinbestean bete beharko da lege honetan ezarritako finantzaketa eskuratzeko eta Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzak lortzeko.

Lehen Xedapen gehigarria. Espetxeak

  1. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate publikoaren eta espetxe-gaietan eskumena duen administrazioaren artean hitzarmenak sinatzea sustatuko da, helburu hauetarako: 

    1. Ikasleek praktika akademikoak eta prestakuntza-jarduerak egitea errazteko.

    2.  Askatasunaz gabetutakoentzako unibertsitateko hezkuntza-programak garatzeko, ahal dela, aurrez aurrekoak ez diren modalitateetan edo modalitate mistoetan.

    3.  Gizarteratzera eta espetxe-sistema hobetzera bideratutako ikerketako eta ezagutza transferitzeko proiektuak sustatzeko.

  2.  Hitzarmen horiek funtsezko eskubideak, aukera-berdintasuna eta datu pertsonalen babesa errespetatzen direla bermatuko dute, eta espetxeetako eta unibertsitateko araudi aplikagarriaren araberakoak izango dira.

Bigarren xedapen gehigarria. Eliza katolikoaren unibertsitateak.

Lege hau Eliza katolikoaren unibertsitateetarako ezarritakoa Espainiako Estatuak eta Egoitza Santuak egindako itunei egokituko da.

Lehen xedapen iragankorra. EHUko irakasleak eta ikertzaileak

  1. Lege hau indarrean sartzen denetik, EHUk irakasle eta ikertzaileekin ez du irakasle lankideen eta laguntzaileen modalitateko kontratu gehiagorik egingo. Kategoria horietan kontratatutako langileek egoera berean jarraituko dute kontratua azkendu arte, eta lan-kontratua itundu zen unean indarrean zeuden kontratu-modalitate bakoitzari dagozkion arau espezifikoek aplikagarriak izaten jarraituko dute.

  2. Lege hau indarrean sartu aurretik kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek, kontratu-kategoria berean jarraitu bitartean, ez dute legean eskatutako nazioarteko mugikortasunerako betekizunak betetzen dituztenik frogatu beharko.

  3. Lege hau indarrean sartzen denean lanpostua erreserbatuta duten irakasle eta ikertzaileak ordezteko kontratatutako ordezko irakasleek egoera berean jarraituko dute kontratua azkendu arte. Kontratuak ezingo du bi urte baino gehiago iraun, legea indarrean sartzen denetik. Lege hau indarrean sartzen denetik ezingo da langile gehiago modalitate horretan kontratatu salbu eta salbuespenezko kasuetan, baldin eta sail baten kontratatutako irakaskuntza‑gaitasunak, une jakin batean, ezin badio bere irakaskuntza‑enkarguari aurre egin. EHUk behar beste neurri hartuko ditu indarreko kontratuak amaitzen direnetik aurrera sail bakoitzean irakasle guztien artean ordezkoak % 2 baino gehiago izan ez daitezen.

  1.  Irakasle atxikien kategoriak irakasle laguntzaile doktore izena hartzen du. Halaber, doktore ikertzaileen kategoriak ikertzaile iraunkor izena hartzen du. Aldaketa horiek, beren horretan, ez dute lege hau indarrean sartu aurretik sinatutako ezein kontraturen baldintzarik aldatuko. EHUk bere araudia eta barneko antolaketa aldatzeko neurriak hartuko ditu, izendapen-aldaketa horiek egiteko.

Bigarren xedapen iragankorra. Estatutuak eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauak eguneratzea

Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek beren estatutuak eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauak lege honetan ezarritakora egokitu beharko dituzte, lege hau indarrean sartu eta bi urteko epean.

Epe hori igarotakoan egokitu ez badituzte, unibertsitateen arloko eskumenak dituen sailburuak unibertsitatearen jarduera eten ahalko du, dagokion zehapen-prozedura izapidetu ondoren, eta egoera hori mantendu bitartean unibertsitateak ezingo du funts publikoen onuradun izan.

Xedapen indargabetzailea

Indargabeturik gelditzen dira Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea (otsailaren 25eko 3/2004 Legea) eta lege honen kontra doan unibertsitatearen arloko beste xedapen oro.

Azken xedapenetako lehenengoa. Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Legearen aldaketa (ekainaren 28ko 13/2012 Legea)

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Legea (ekainaren 28ko 13/2012 Legea) honela idatzita geldituko da:
Bat. 5. artikuluko 1. apartatua indargabetzen da.

Bi. 11. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
«2. Agentziako lanpostuak honako hauek beteko dituzte: horretarako kontratatutako langileek, zeinak laneko zuzenbidearen pean egongo baitira; eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileek, lanpostu bakoitzari esleitutako eginkizunen nondik norakoen arabera».

Hiru. 11. Artikuluari 4. apartatu hau gehituko zaio:
«4. Agentziari dagokio erakunde publikoaren lanpostuen zerrenda onestea eta lanpostu horiek eskuratzeko araubidea, betekizunak eta hautaketa-proben ezaugarriak zehaztea, baita lanpostuak betetzeko eta lan-sustapeneko prozeduren deialdia, kudeaketa eta ebazpena egitea ere, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz».

Lau. 12. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta honela idatzita geldituko da:
«2. Agentziak urtero dagokion aurrekontu-proiektua egingo du eta Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio, behar besteko independentziaz Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan txerta dezan, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubidea arautzen duen legediari jarraituz».

Azken xedapenetako bigarrena. Ordainsari osagarrien sistema

Legea indarrean sartu eta urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat egingo eta onetsiko du, irakasleen eta ikertzaileen ordainsari osagarrien sistema lege honek xedatutako helburuetara egokitzeko.

Dekretu horretan, indarrean dagoen osagarrien sistema darabiltenei definitutako sistema berriarekin bat egiteko aukera emango zaie. Halaber, sistema berrira atxiki nahi ez dutenei Gizarte Kontseiluak urriaren 17ko 209/2006 Dekretuaren (Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzkoa, martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuak emandako idazkeran) babesean emandako osagarri gehigarrien ordainsariei eusten utziko zaie.Azken xedapenetako hirugarrena. Indarrean sartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunen buruan sartuko da indarrean.


Laguntzaileak

Avatarra: Ofiziala Ofiziala

Baieztatu

Mesedez, hasi saioa

Pasahitza laburregia da.